Hego Euskal Herrian frankismoan eta ondorengo hamarkadetan erietxeetatik lapurtutako haurren berri jakin nahi duten senideen elkartea da SOS Haur Lapurtuak. Iruñean eta Donostian aurkeztu zuten atzo. Euren senideak non dauden jakiteko «ahal duten guztia» eginen dutela diote. Oraingoz, epaitegietara jotzeaz gain, mobilizatzen hasteko prest dira. Heldu den larunbaterako, adibidez, elkarretaratzea antolatu dute Donostiako Ospitalean —lehen, Arantzazuko Ama—.
Anadir elkartean izandako hausturatik eratu da talde berria. Hain justu, elkarte hartatik irtendako hainbat lagunek eratu dute. Anadirreko zuzendaritzaren kudeaketarekin eta antolatzeko moduarekin ados ez, eta elkarte berri bat eratzea erabaki zuten. Anadirreko zuzendaritzak bazkideei hilero ordainsari bat eskatu nahi zien, bulegoa eta langileen soldatak ordaintzeko. SOS Haur Lapurtuak elkarteak, berriz, boluntarioen bidez lan eginen du,eta irabazi asmorik gabekoa izanen da.
Oraingoz, epaitegietan 200 haur desagerturen baino gehiagoren salaketak jarri dira: 108 Gipuzkoan, 70 Bizkaian, 21 Araban eta hiru Nafarroan. Dena dela, aurkeztu berri den elkarteak gehiago ere jarriko direla dio.
Edonori irekia
Frankismoan eta ondorengo hamarkadetan erietxeetatik lapurtutako haurren kasuak eta gertatutako adopzio irregularrak aztertzeko eratu den elkarte berri hau atzo aurkeztuzuten Iruñean eta Donostian. Iruñeko Alde Zaharreko auzo elkartean, 50 bat lagun bildu zen. Nafarroako Fiskaltza hiru kasuren gaineko ikerketa egiten ari da. Bileran Erkuden Ruizek hartu zuen hitza, Nafarroako elkarteko presidenteak. Erakundearen asmoak azaldu zituen. Elkarte berriaren estatutuak eta sortze agiria sinatu zituzten. Eratu berri den elkarteak «aferan kaltetutako edonori» ateak irekiko dizkiola esan zuen. Ustez haurra lapurtu zieten familiei zein adopzioan hartu zuten haurren familiei eta orain familia biologikoa bilatzen ari direnei irekia da elkartea. Era berean, modu irregularrean adoptatuak izan eta orain berezko familia topatzen saiatzen ari direnei ere laguntzeko prest dira.
Aholkularitza eman, nora jo azaldu eta informazioa eman, horiexek dituzte helburu nagusiak. «Elkarteak egoera horietan dauden familiei laguntza eta aholku eman nahi die. Zer egin behar duten esan, eta zein agiri eskatu behar dituzten euren egoera argitzeko», esplikatu du Ruizek.
Gero eta kasu gehiago agertzen ari direla aintzat hartuz, lan asko dagoela egiteko uste dute, eta horregatik erabaki du lurralde guztietara hedatzea. «Herrialde bakoitzak bere ezaugarriak eta ñabardurak ditu, eta horietan sortzen diren talde guztien beharrei egokitzen eta erantzuten saiatu behar dugu». Bileraren ondoren, Ruiz pozik zegoen. «Jendeak zalantza asko ditu, eta argitzen saiatu gara. Pozik gaude». Elkartea etzi erregistratuko dute Nafarroan, eta ondoren egoitza baten bila hasiko dira.
Harrera ona
Iruñean ez ezik, Donostiako bileran ere harrera ona izan zuen elkarte berriak. 250 lagun inguru bildu ziren Intxaurrondo auzoko areto batean. Flor Diazek, elkarteak EAEn duen ordezkariak, senideak «borrokatzen hasteko prest» daudela nabarmendu zuen. «Gero eta kasu gehiago ari dira agertzen, eta gure senideekin zer gertatu den jakin nahi dugu. Haurren salerosketa bat baino zerbait gehiago izan da».
Salaketak egiteko egunero jasotzen dituzte deiak elkartean, eta horiek erantzun bat behar dutela uste du. Salaketa gehien, 108, Gipuzkoan jarri direla azpimarratu du Ruizek, eta susmoren bat duen edonori salaketa jartzeko gomendioa egin dio. «Kasuak artxiba daitezkeen arren, salaketa jartzera bultzatu nahi dugu jendea. Gipuzkoan gertatu denak ez du izenik. Jendeak haien senideekin zer gertatu den jakiteko premia du».
Bizkaian eta Araban jada eginda dituzte aurkezpenak. Bizkaian aurki bulegoa zabalduko dute Barakaldon. Elkarteak bulego eta telefono finkorik ez du oraindik. Harremanetan jartzeko, herrialde bakoitzeko helbide elektronikoetara idaztea gomendatu dute.
Honako helbide hauek dituzte jendearekin harremanetan jartzeko: [email protected]
[email protected]
[email protected]
[email protected]
Haur lapurtuen auzia dela eta, mobilizatzeko prest dira sendiak
Jende ugari batu da SOS Haur Lapurtuak elkarte berria aurkezteko saioetara Donostian eta Iruñean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu