1940tik 1990era gertatu ziren haur lapurreten kasuak ikertzeko batzorde bat eratuko du Eusko Legebiltzarrak. Alderdi guztiek babestu dute ikerketa batzordea sortzea. EAk egindako jatorrizko proposamenari aldaketa txiki batzuk egin dizkiote, talde guztien babesa jasotze aldera. Besteak beste, EAk egindako proposamenean, kasuak ikertzea ez ezik, biktimen erreparazioa bermatzeko neurriak ere eskatzen ziren, eta hori ez dute ontzat eman legebiltzarkideek.
Honako hau onartu du legebiltzarrak: lan agenda bat osatzeaeta gaiarekin zerikusia duten kaltetuak, arduradun politikoak eta adituak deklaratzera deitzea. Helburua, hauxe: adopzioen inguruko araudiaren ikerketa zehatz bat egitea, eta behar diren lege erreforma guztiak bultzatzea zer gertatu zen argitzen laguntzeko eta, lege ikuspegitik behinik behin, etorkizunean antzeko kasuak gertatzea ahalik zailen jartzeko.
EAk joan den irailean ere aurkeztu zuen antzeko beste ekinbide bat, baina orduan ez zuen aurrera egin, EAJk, PPk eta PSE-EEk atzera bota zutelako. Urrian haur lapurreten kasuetan kaltetutakoek euren egoera azaldu zieten legebiltzarkideei, eta kasuak argitzeko laguntza eskatu zieten. Ondoren, hiru hiru hilhobi zabaldu dituzte, eta hiruretan hutsik agertu dira. Horrek guztiz indartu du haur lapurretak gertatu zirela salatu dutenen jarrera, eta hori aitortu egin dute hainbat parlamentarik atzoko bozketa justifikatzeko. Esate baterako, Miren Gallastegi PSE-EEko ordezkariak adierazi du iazko udazkenean askoz ere «lausoagoak» ziruditela haur lapurreten kasuek: «Orain aldaketa handia gertatu da, eta kasuek izaera zehatz eta deitoragarria hartu dute».
Eusko Alkartasunak aurkeztutako jatorrizko proposamena Arartekoaren txosten batean oinarritzen zen. Hain zuzen ere, Arartekoak erakunde publiko guztiei eskatu zien kasuen jarraipena egiteko auzibide penaletik harago. Halaber, eskatu zien erreparazio neurriak bilatzeko, eta ahalik eta gehien zailtzeko halakoak berriz gertatzeko aukera, horretarako legean behar diren aldaketak eginez.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak pozik hartu du legebiltzarraren erabakia: «Batzordeak bidea emango du araudiaren azterketa zehatza egiteko eta arauek adopzio txostenetan zer eragin duten ikusteko». Aldi berean, atea irekiko du legebiltzarrak behar diren lege aldaketa guztiak proposa ditzan gertaerak argitzen laguntzeko eta halakorik berriz ez gertatzeko.
Ana Urkiola EAJkoak adierazi du espero duela batzordeak lortuko dituela bere helburuak, alegia, argitzea zer gertatu zen eta aztertzea ea lege aldaketak behar diren.
Miren Gallastegi sozialistak ontzat hartu du legebiltzarraren ekinbidea, eta itxaropena azaldu du lagunduko duela orain dudarekin bizi diren guztiek egunen batean ziurtasunak eduki ditzaten. Aldi berean, epaileek ikertzen jarraitzeko helduleku gehiago izaten laguntzea espero du PSEkoak. Gallastegik dei egin die udal eta aldundiei legebiltzarrak hartutako konpromisoarekin bat egin dezaten eta gertakariak argitzen lagun dezaten.
PPko Marimar Blancok «izugarrikeriatzat» jo du haurrak lapurtzea, eta desio du legebiltzarraren lanak lagunduko duela nortasuna lapurtu dieten horiek etorkizunean berreskuratzeko aukera izan dezaten.
Denak ez dira hain baikorrak izan. Esaterako, kritika gogorrak egin dizkiete legebiltzarreko hiru alderdi handiei Ezker Anitzeko Mikel Aranak etaAralarreko Mikel Basabek. Aranak, esaterako,«herritarren atzetik» joatea leporatu dio legebiltzarrari, eta «berandu iritsi eta gaizki hasi izana» gaitzetsi du.Besteak beste, duela bost hilabete antzeko proposamena atzera botatzea egotzi die EAJ, PSE-EE eta PPri.
Basaberen iritziz, batzordearen lanak 1938an hasi beharko luke, eta ez 1940an. Izan ere, modu horretan Saturrarango espetxearen kasua ere aztertu ahal izango luke. Emakumeen espetxe horretan hainbat presori euren seme-alaba txikiak kendu zizkietela gogorarazi du Aralarreko legebiltzarkideak. «Haur lapurtuen sarea osatzeko aukera frankismoak eman zuen», ondorioztatu du.
Bestalde, Gorka Maneiro UPDko ordezkariak dauden ardura politikoak argitzeko eskatu du.
«Adi egongo gara»
Legebiltzarrak batzordea eratzea erabaki zuen egun berean hartu dituzte Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Idoia Mendiak Justizia sailburuak lapurtutako haurren senideak. Parlamentuan bertan egin zuten bilera, eta ondoren adierazi dute adi jarraituko dutela erakunde publikoetatik hitzematen ari direnak betetzen ote diren.
Cecilia Losa Okarizek egin ditu adierazpenak kaltetutako senideen izenean. Losa Okariz familiaren hobi bat zabaldu zuten joan den urtarrilean ustez hil zen neskato baten gorpuzkinak bertan ote zeuden ikusteko, eta hobia hutsik aurkitu zuten. Losak salatu du Osakidetza «trabak» jartzen ari dela medikuen txostenetara iristeko. «Ezin da traba gehiago jarri», kexatu da. «Amaieraraino iritsi behar dugu», adierazi du, eta eskatu die erakundeei ez aterik ixteko auzia argitzeari.
Sos Haur Lapurtuak elkarteko lehendakari Flor Diazek eskerrak eman dizkie Lopezi eta legebiltzarrari. Ikerketa batzordeari buruz esan du babesa emango diela kaltetuenfamiliei, askotan bakarrik sentitu izan baitira, eta beldurra izan baitute gertatutakoa ezkutatuko ote zen. «Orain elkarteak lasaiago daude», aitortu du Diazek. Edonola ere, laguntza eskatu dute, eta biltzeko egoitzaren bat lehentasunezkotzat jo dute. Mendiak adierazi die Jaurlaritzak ezin dizkiela laguntza horiek eman. Hala ere, gogorarazi die Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan direla egoitza bat lortzeko, eta PPko buru Antonio Basagoitik Javier Maroto Gasteizko alkateari eskatuko diola beste egoitza bat uzteko Arabako hiriburuan.
Haur lapurtuen auzia
Haur lapurtuen kasuak ikertzea erabaki du Eusko Legebiltzarrak
1940 eta 1990 artean lapurtutako haurren kasuak aztertuko ditu batzorde batek, baina ez du erreparazio neurririk hartukoKaltetuek adierazi dute erakundeen traba gehiago ez dutela onartuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu