Legez kanpokoa da haurdunaldi subrogatua Euskal Herrian: Espainiako eta Frantziako legeek debekatu egiten dute praktika hori. Are, iaztik, Hego Euskal Herrian haurdunaldi subrogatua indarkeria matxista da. Hala ere, Euskal Herrian bada oraindik praktika horren bidez haurrak izan dituen familiarik: haurdunaldi subrogatua legez kanpokoa ez den herrialde batera joaten dira, eta, zirrikitu administratiboak lagun, umeak han bertan inskribatzen dituzte erregistroan; gero, Euskal Herrira itzultzen dira. Adingabearen interes gorena medio, herritar gisa errekonozitzen dituzte haurtxo horiek. Gaur arte. Espainiako Aldizkari Ofizialean instrukzio bat argitaratuko dute, eta, testu horren bidez, hemendik aitzinera galarazia egonen da haurtxoak atzerrian inskribatzea.
Astelehenean sinatu zuten erabaki hori Espainiako Aldizkari Ofizialean sartzeko agindua, eta behin betikoa izanen da argitaratzen denean. Beraz, haurdunaldi subrogatu bidez jaiotako umeak ezin izanen dira Hego Euskal Herrian erregistratu. Are, Hego Euskal Herriko erregistro zibilean ez dute baliorik izanen ez atzerrian tramitatutako erregistro ziurtagiriek, ez atzerriko ezein herrialdetako epaitegien sententziek, ez atzerriko ezein osasun ziurtagirik, ezta Espainiaren kontsulatuek egindako ziurtagiriek ere. Salbuespenik ez dagoela jakinarazi du Espainiako Gobernuko Segurtasun Juridikoko eta Fede Publikoko Zuzendaritza Nagusiak —Presidentetzarako, Justiziarako eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioaren menpekoa da—.
Erabakia orain hartu badute ere, Espainiako Auzitegi Gorenak iazko abenduan ukatu egin zuen haurdunaldi subrogatu bidez jaiotako haurtxoak herrialdeko erregistroan sartzea. Haren irudiko, hori egiteak ume horiek izan dituzten emaztekien eta haurtxoen «integritate moralaren aurka» egiten du, eta ama horiek «esplotatzea» dakar. «Haurdunaldi subrogatuko kontratua ordena publikoaren aurkakoa da, hala haurduna nola adingabea hertsatzen ditu, eta gure ordenamendu juridikoan aitortutako funtsezko printzipioak urratu», dio auzitegiaren idatziak.
Ume horiek erregistratzeko aukerarik ez egoteak, baina, ez du erran nahi Hego Euskal Herrian sartu ezinen direnik, ezta zirrikitu legal guztiak itxi direnik ere. Badago aukera bat oraindik. Astelehenean sinatutako instrukzioaren azkeneko puntuan jasotzen denez, haurtxo horiek Hego Euskal Herrira bidaiatzeko pasaportea edo dagozkien baimenak lortu ahalko dituzte, eta behin iristen direnean, prozesu judizial bat hasi beharko dute filiaziorako —ume bat bere gurasoekin lotzeko harreman legala, biologikoa edo adopzio bidezkoa izan daiteke, eta horren bidez aldeetako bakoitzaren eskubide eta betebeharrak finkatzen dira—.