Haurrak euskaraz erregistratu ahal izango dira urtea amaitzerako

Ezkondu, hil eta jaio direnen erregistratzeak euskaraz egiteko probak sei herritan abiatuko ditu Eusko Jaurlaritzak

mikel p ansa
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erregistro zibil eta bake epaitegi guztietan erregistratu ahal izango dira jaioberriak euskaraz. Ezkontzak eta heriotzak ere erregistratu ahal izango dira euskaraz. Urtea amaitzerako nahi luke Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hori ematen hasi. Horretarako, Eudelekin eta Red.es elkartearekin hitzarmena ixtekotan da Justizia Saila. Hilabeteko epean espero du ituna adostea, eta tratua egin orduko sei herritan probak egiten hasiko dira: Aramaion eta Guardian (Araba), Bermeon eta Ondarroan (Bizkaia), eta Azkoitian eta Zarautzen (Gipuzkoa). «Gure asmoa da gainontzeko herrietara hedatzea urtea amaitzerako».

Herenegun salaketa plazaratu zuten Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa). Jakinarazi zuten herri horretako hiru haur bake epaitegian euskaraz erregistratzen saiatu direla, eta ez dietela utzi. Behatokiak azaldu zuen Gipuzkoako sei herritan, Bizkaiko beste seitan eta Arabako bitan egin daitekeela, egun, izapide hori euskaraz. Baina azken bi urteotan ez dela urratsik egin ere salatu zuen.

Justizia Sailak adierazi du egoera horrekin topo egin zuela hauteskunde ostean, nahiz eta bazen 2008ko itun bat. «Horrek ekarri du Arartekoak kexa ugari jasotzea, legeak 2005etik aitortzen duen eskubide bat urratzen delako». Arazoarekin kezkaturik dagoela zehaztu du Justizia Sailak, eta jakinarazi du bere zereginen artean zuela, herenegungo salaketaren berri izan aurretik ere.

Inforeg aplikazio informatikoa bake epaitegi guztietan jartzea adostuko dute, hitzarmenean, Jaurlaritzak, Eudelek eta Red.es elkarteak. Aplikazio hori da jaiotzak, heriotzak eta ezkontzak euskaraz erregistratzeko aukera ematen duena. Bake epaitegietako langileak trebatzeko plan bat ere jasoko du itunak; Red.es elkarteak eskainiko du trebakuntza. Justizia Sailak zehaztu du aurtengo aurrekontuetan ere jasota dagoela horretarako diru funtsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.