Iruñeko Udalak otsailean jakinarazi zuen datorren ikasturtean bi haur eskola euskarazkoak bihurtuko zirela. Donibane eta Arrosadiko Printzearen Harresi dira. Joan den ikasturtean, hamazazpi haur eskoletatik bik soilik eskaintzen zieten euskarazko eredua haur eta gurasoei. Aldaketarekin laura izango ziren euskarazkoak.
Maiatz hasieran eman zituzten aurrematrikulazio datuak, eta bietan itxaron zerrenda ezarri dute. 35 haur lekurik gabe gelditu dira Donibane eskolan, eta 21 Printzearen Harresi ikastetxean.
Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. Epaitegiak, ordea, bertan behera utzi zuen udalaren erabakia. Auzitegiak ebatzi zuen umeak jada haur eskola horietara eramaten dituzten gurasoentzat "inposizioa" dela aldaketa. Ebazpenaren aurka helegitea aurkeztu zuen Iruñeko Udalak.