Koronabirusa

HaurrakEreBai taldea ez dago ados maskara derrigorrez jarri beharrarekin

Familien elkarte horrek protokolo proposamen bat aurkeztu du heldu den ikasturterako. Ratioak jaisteko eskatu du, eta eskolak kanpoan emateko

Haurrak Ere Bai taldeak egindako ekitaldi bat, igandean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ikasturte honen hondarrean, datorren ikasturteari begira jarri da HaurrakEreBai taldea. Bertan, orain arteko hainbat neurriren aurka egin dute, eta beste proposamen batzuk egin dituzte. Batez ere, «larria» iruditzen zaie 6 eta 12 urte arteko umeek maskara erabiltzea, eta esan dute ezin dutela onartu derrigor erabili beharra. Azpimarratu dutenez, Haur Hezkuntzako haurrek aukera izan dute talde egonkorretan maskararik gabe ibiltzeko, eta ez dira kutsatu Lehen Hezkuntzakoak baino gehiago.

Maskara derrigorrean erabili beharra ez ezik, beste bi neurri ere gaitzetsi dituzte: eskoletan metro eta erdiko distantzia gorde beharra eta «familiak ikastetxeetako bizitzatik kanpo uztea». Horien ordez, izurriari aurre egiteko baliagarri izan daitezkeen beste zenbait proposamen egin dituzte: ikasleen ratioa «ahal izanez gero» erdira jaistea; bestelako espazio batzuk eskura jartzea, eskolak kultur zentroetan, parkeetan edo plazetan eman ahal izateko; irakasleak prestatzea «behar emozionalak dituzten ikasleak hartzeko eta laguntzeko»;eta lehentasuna ematea kanpoko espazioak eta espazio naturalak erabiltzeari.

Halaber, enpresei eta erakundeei ere mintzatu zaizkie, familia kontziliaziorako neurriak eskatuz, familiek seme-alabak zaindu ditzaten gaixo edo berrogeialdian daudenean. «Irmoki aldarrikatzen ditugu honako neurri hauek: seme-alabak zaintzeko baimen gehigarriko egun mugagabeak, lanaldi murrizketa, ordutegi malgutasuna, eta malgutasuna laneko txandei eta aitatasunerako nahiz amatasunerako laguntzei dagokienez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.