Indarkeria matxista. Bea Ilardia. Abokatua

«Haurrei biktima izaera eman badie ere, legea kontraesanez beteta dago»

Jone Amonarriz.
2016ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bea Ilardia abokatuak (Bilbo, 1974) familia zuzenbidea du ardatz nagusi lanean. Badu zer esana Gasteizen atzo gertatutakoaren inguruan.

Esan izan duzu zigor zuzenbideak muga asko dituela indarkeria matxistaren auziak bideratzeko. Haurren aurkako erasoen edo hilketen kasuan, zertan da?

Nahiko kontraesanezkoa da. 2015eko uztailean lege aldaketa bat egon zen, eta, horren arabera, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen seme-alabak ere biktimak dira. Ordura arte ez zitzaien biktima izaera aitortzen. Etxean indarkeria zuten haurrek ez ziren jotzen indarkeriaren biktimatzat, zuzenean indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa eurei egiten ez bazitzaien. Haurren eta nerabeen babeserako legea aldatu zutenean, andrazkoen aurkako indarkeriaren inguruko lege integrala ere aldatu zuten, besteak beste.

Zer ekarri du horrek?

Gauzak ez dira askorik aldatu. Kontua da bertan azaltzen dela epaileak «bere irizpidearen arabera» erabaki dezakeela; hau da, haren menpe dago erabakitzea gizon bat seme-alaben bisitarik gabe utzi ala ez. Ez da halabeharrezkoa, legez. Gertatu ohi dena da erregimen normal bat ezartzen duela epaileak. Kasu horietan guztietan ama da biktima, eta seme-alabak ez dira biktimatzat hartzen praktikan, nahiz eta legeak hala direla zehaztu —kasu bortitzenak salbu—. Jipoien, mehatxuen eta irainen kasuetan, aitari ez zaio eskubide bat bera ere kentzen haren seme-alabekiko.

Horixe da, beraz, lehen aipatzen zenituen kontraesanetako bat.

Noski. Izan ere, seme-alabak biktimak badira, neurri batzuk hartu beharko lirateke, nahitaez; eta ez dira hartzen. Legeak ez du zehazten tratu txarrak jasaten dituztenen seme-alabak, indarkeriaren biktimatzat jotzen direnak, kondenatutako aitarekin bisita erregimena izaten segituko duten edo ez. «Epaileak erabakiko du» horrek esan nahi du kasuz kasu aztertuko dela, eta, hortaz, ez dauka zentzurik haurrei biktima izaera aitortzeak.

Bestalde, bada beste kontraesan bat lege aldaketarekin zerikusirik ez duena. Zigor kodearen arabera, indarkeria kasu bat adingabeko seme-alaben aurrean gertatzea astungarri bat da. Baina, era berean, erregimen bisita bat ezartzeko orduan ez dauka zeresanik, kasu gehienetan. Epaileak dauka erabakitzeko ahalmena. Legeak ez dio ezer. Gure bulegoan hiru abokatu gaude, eta behin ere ez dugu ikusi aitaren eta seme-alaben arteko bisiten erregimen horretan inongo oztoporik ezarri duenik epaileak.

Etenik ez du sokak, hortaz.

Gizonek tratu txarrak ematen jarraitzen dute euren emazte, neska-lagun edo bikotekide ohiei, seme-alaben bidez. Andrearen eta erasotzailearen artean aldentze neurri bat jarrita ere, seme- alabekin harremanetan jarraitzen badu, haien bidez segituko du andreari tratu txarrak egiten, haiek erabiliz. Era batera edo bestera, min ematen jarraitzen dute.

Arazoaren oinarrian eragin ezean, neurri juridikoak adabakiak direla diozu.

Zalantzarik gabe. Neurri penalak adabaki batzuk besterik ez dira. Adabakiak jartzen dira kaleari eta prentsari begira. Zein zorrotzak diren erakutsi nahi dute. Baina sakonean ez zaio irtenbiderik ematen. Gizon horiek seme-alabekin harreman normalak baldin badauzkate, biktimatzat jotzen dituztenean ere, hor ikusten da ez zaiola behar besteko garrantzia ematen. Ez dauka inolako seriotasunik. Gauza bat da legea, eta beste bat praktika. Eta praktika da gizon horiek normaltasun osoz jarraitzen dutela seme-alabekin harremanak izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.