Leo Pakhin. Finlandiako Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko ordezkaria

«Haurren erronkei erantzutea dagokio hezkuntza sistemari»

Umeen kezkak ikasketa prozesuaren erdian jartzeaz eta boterea eskolen esku uzteaz mintzo da, Finlandiako eredua ardatz: motibazioa jorratzea eta irakasleei konfiantza ematea ditu gakotzat.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Haurren premien neurrira eginiko hezkuntza eredu humanizatu batean irmo sinesten du Leo Pakhinek (Juuka, Finlandia, 1966). Finlandiako Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko ordezkaria da, eta Donostian egon da egunotan, Hik Hasi pedagogia egitasmoak prestatutako Herri hezitzailea, eskola herritarra jardunaldietan . Bi giltzarri aipatu ditu Finlandiako eskolen arrakastaren hari muturretatik tiraka: «Boterea ikastetxeen esku uztea eta irakasleei konfiantza ematea». BERRIAren galderak erantzun ditu, suomieraz; Joseba Ossak egin ditu euskaratze lanak.

Eskolaren ikuspegitik, aski ezaguna da Finlandia. Zerk desberdintzen du beste herrialdeetatik?

Gakoa ez da zer ikasi, nola baizik. Edukietan gehiago edo gutxiago sakontzea bigarren mailako auzitzat jotzen dugu Finlandian. Edukien gainetik, ikasketa prozesuari ematen diogu garrantzia, eta horretan jartzen dugu arreta, ikasleen gaitasuna muturreraino zukutzeko ahaleginean. Umeen onena ateratzen jakin behar du eskolak.

Begi bistakoa da egindako ahaleginek fruituak eman dituztela.

Emaitza ezin hobeak lortu ditugu, bai: nazioarteko azterketetan sekulako maila ematen dute ikasleek. Hori da, justuki, Finlandiako hezkuntza ereduaren bereizgarri nagusietako bat. Gaizki konpontzen diren estudianteen kopurua urria da, eta haien autonomia, berriz, izugarria. Pozik egotekoa da.

Zure aburuz, zein da sekretua?

Epe luzeko ikuspegia finkatu, boterea eskolen esku utzi eta ikasleen kezkak erdigunean ipini ditugu. Hezkuntza sistemaren erabakigunea dira umeak. Irakaslearen rola bestelakoa da, laguntzailearena-edo: sorkuntza bultzatzea eta motibazioan eragitea dagokio. Haurrek, izan ere, helduleku bat behar dute motibaturik ikasteko.

Finlandiako irakasleek, edonola ere, badaukate beren metodologia propioa sortzeko ahalmena.

Ikasleek babesa emango dien heldu baten konfiantza beharrezkoa dute: izan irakaslea, aisialdiko begiralea edo kirol taldeko entrenatzailea. Iraungo badute, malguak izan behar dira eskoletako metodologiak, eta garaietara egokitu. Baita alderantziz ere: gizartea aldatu nahi badugu, hezkuntza da horretarako tresna. Haatik, helduon presentziarik gabe ere, haurrek asko ikasten dute euren artean. Autonomia nahikoa daukate.

Autonomia mugak jartzea arriskutsua eta nekeza suerta daiteke.

Autonomia onartzen dugu, neurtu behar dela jakinda. Haurrei ez dizkiegu eginkizun gehiegi eman behar, estutu baitaitezke. Ikasleen kezketatik abiatuta, norberaren gaitasunen araberako zereginak ezarri behar dira, bazterketa egoerak saihesteko. Autonomia gehiegi ez, baina ezta gutxiegi ere.

Finlandiakoaren gisako sistema eredugarrietan, zelan jorratu ohi dituzue bazterketa egoerak?

Ikaslea bazterketa arriskuan dagoenean, irakasleek garaiz antzeman behar dute: arazoa guztiona da, ez soilik haurrarena. Berehala esku hartzea dagokie beharginei. Finlandiako eskolak zibilizatuak dira, baina arazo larriak daude indarkeriarekin eta alkoholarekin.

Eduki akademikoak eta sorkuntza gaitasunak irakasteaz aparte, eskolak ikasleen barne bizitza eraiki behar duela deritzozu. Prestatuak daude ikastetxeak?

Eskola ororen erdian dago; ezin da ikaslearengandik urrun egon. Pertsona bezala hobetzeko tresnak ematen ditu, eta ikasleak osotasunean heztea du xede. Horretarako, premiazkoa da hezkuntza humanizatuaren alde egitea eta erakundeek oztoporik ez jartzea: ikasleak sentitu behar du badaukala gaitasuna gizarteari zerbait emateko eta eskuzabal jokatzeko.

Finlandian burmuinak eta zuhaitzak besterik ez dituzuela diozu.

Basoa izan da urteetan Finlandiako ekonomiaren motorra. Indarra galdu du aspaldian, eta zuhaitzetatik pertsonen burmuinetara igaro gara orain; zuhaitzak baino ez zituen toki batetik herritarren jakintzan, hezkuntzan eta teknologia berrietan oinarritutako egitura batera. Eredu bilakatu gara.

Eskolen jarduna, aldiz, elur oreinekin parekatu duzu. Zergatik?

Hezkuntzan eta beste kontu frankotan inguruko estatuen aurkako norabidean joateko ohitura dugu: 2006an, kasurako, gaitasunetan oinarritutako hezkuntza esparru bat onetsi zuen Europako Batasunak; Finlandian, ordea, beste bide batetik jo genuen, eta gure kabuz sortu genuen egokiena iruditzen zitzaigun eredua, ikasgaietatik aldenduta eta gaitasunetan indarra jarrita. Egoskorrak gara. Adarrak, edonola ere, gure kontra etortzen zaizkigu maiz, geurea ez baita gizarte ideala: leku guztietan bezala, guk ere badauzkagu gatazkak.

Hezkuntza gaietan, hala ere, bat datoz parlamentua osatzen duten bederatzi alderdi politikoak.

Eskuinekoa edo ezkerrekoa izan, adostasuna erabatekoa da. 60ko hamarkadaren bueltan tirabirak eduki zituzten eskola pribatuekin lotuta. Baina, landaguneko gizartetik industrializaziora igarota, ados jarri, eta inoiz ez dute arazorik izan geroztik. Indar politikoak bat datoz: Finlandia aurrera ateratzeko ziurtagiria da hezkuntza. Gizartearen muina bihurtu dugu. Herritarren heren bat dago hezkuntzan inplikatuta. Doakoa eta parekidea da, konfiantza ematen die maisu-maistrei, eta haurren erronkei erantzuten die. Halakoa izan beharko litzateke edonon.

Eta zergatik ez da estrapolatu?

Natura, geografia, kultura, eguraldia... Faktore askorengatik ez du inon funtzionatu. Herri txikia izanik bizkorrago egin ditugu aldaketak. Ama hizkuntza da gure nortasunaren muina, baina hain gaude bakartuta, gutxik dakitela suomieraz. Elebitasuna aberastasun eta askatasun iturritzat jotzen dugu: haur elebidunek gaitasun handiagoak dituzte eta suedieraz jakiteak Eskandinaviako herrialdeekin komunikatzea ere ahalbidetzen digu. Amak jaso duen hizkuntza mailak, horrez gain, sekulako eragina dauka haurrengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.