Haurtzaroko abusuak ezkutatzeak iraunkor egiten dituela salatu dute

'Sexu abusuak haurtzaroan. Indarkeriak ikusgarri egiten' azterlana osatu du Eraikiz kolektiboak. Hamar erasotik bederatzi ezkutuan geratzen direla ohartarazi du. Gehienak familian gertatzen dira

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko abenduaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ezagutzen ditugun kasuak oso gutxi izaten dira, gehienak ezkutuan gordetzen direlako. Epaitegietara iristen diren kasu eskandalagarriak baino ez dira ezagutarazten», ohartarazi du Eraikiz kolektiboko kide Amaia Castañosek. Hori aldatzen laguntzeko, Sexu erasoak haurtzaroan. Indarkeriak ikusgarri egiten izeneko azterlana eman dute argitara. Haurtzaroarekin eta sexu erasoekin harremana duten eragileekin hamasei elkarrizketa egin dituzte, eta horietatik ondorioak atera. Atzo aurkeztu zituzten, Bilbon.

Azterlanarekin, indarkeria mota hori eragiten duten, ezkutuan mantentzea posible egiten duten, eta, urteak igaro arren, neurri berean mantentzen laguntzen dioten faktoreak identifikatu nahi izan dituzte. Uste dute ezkutuan gordetzeak iraunkortu egiten duela. «Gaia aztertu, ezagutu eta ezagutarazi behar da, beste indarkeria batzuetan lortu den bezala haurtzaroko sexu erasoen aurka gizartea mobilizatzea lortzeko», aldarrikatu du.

«Ez da urruneko unean uneko arazo bat, pertsona zehatz bati gertatzen zaiona. Eraso gehienak familietan gertatzen dira. Eta familia horiek, edo gureak dira, edo gure ingurukoak», ohartarazi du Xabi Bañuelosek. Ez dago biktimen eta erasotzaileen soslairik. «Era guztietako familiei eragiten die. Zerbait gehiago zehaztu beharko bagenu, erasotzaile gehienak gizonezkoak direla esan genezake, baina besterik ez».

Berez, azterketa kualitatiboa den arren, beste ikerketa batzuetako datuak aipatu dituzte. Besteak beste, esan dute kasuen %90 eta %98 artean ez direla inoiz ezagutzen. Eta bost umetik bat dela biktima. Hala eta guztiz ere, Castañok garrantzia kendu die datuei. Esan du ezinezkoa dela zenbatzea. «Estigmatizazioaren ondorioz, oso zaila da norbaitek biktima izan dela aitortzea».

Zenbaketak, aspaldikoak

Bañuelosen ustetan, gisa honetako azterlanak egin behar dira aurretik, eta gero etorriko dira kuantitatiboak. «Gizartean kontzientzia sortu behar dugu, arazoa azaldu, estigma kentzen lagundu. Eta orduan hasiko da jendea orain baino zailtasun gutxiagorekin gertatu zaiona kontatzen. Hala, askoz ziurragoak izango dira zenbaketak». Inguruan egin diren azken kontaketak 1990eko hamarkadakoak dira. «Oso gutxi ikertu da».

Azterlanen emaitzak gizarteari azaldu behar zaizkiola uste dute, baina ez bakarrik ezkutuan dagoen arazo bat ezagut dezan. Baita arazoaren erroak gizartean bertan daudelako ere. «Sistema patriarkala da haurtzaroko sexu erasoak laguntzen dituen faktoreetako bat. Hierarkia bat duen eredua da: goian daude gizonak, ondoren datoz emakumeak, eta beherengo mailan adingabeak daude», azaldu du Aitziber Bañuelosek. Era berean, «senideen arteko leialtasuna indartzen duen familia eredua» sustatzen du.

Antropozentrismoa ere aipatu du, eta zelan 25 eta 50 urte bitarteko pertsonak diren balio dutenak eta zerbait egin dezaketenak. Talde horretatik kanpo daudenak baztertzen direla salatu du. Kexatu da umeen eskubideez eta haien babesaz egiten dela berba, baina era berean eraso gehien sufritzen dutenak direla. «Umeak objektu pasibo gisa hartzen ditugu. Hori aldatu behar dugu; lortu behar dugu euren inguruaren aldaketetan erabakitzeko ahalmena izan dezatela».

Heziketaren beharraz ohartarazi du; bizitzarako, osasunerako eta sexualitaterako hezkuntzaz. «Modu horretan, gertatzen zaienaz jabetzeko tresna gehiago izango dituzte». Arrisku berriak ere zerrendatu ditu: besteak beste, umeen hipersexualizazioa eta teknologia berriak. «Internetek eta sare sozialek indarkeria eredu berriak sortu dituzte, eta iraunkorrago egiten dute».

Elkarrizketetan, justizia arlotik parte hartu duten ordezkariek autokritika egin dute. «Delituan eta delitugilean jartzen dute arreta, eta ahal den neurrian delitugilea gizarteratzen. Baina biktima albo batera geratzen da, eta horrela onartu digute. Erreparazioan lagunduko duen justizia behar dela esan digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.