Gizarte industrialetik ezagutzaren gizarterantz goazela esaten da, baina gizarte den-denabide berean doala auzitan jarri du Auxkin Galarraga soziologoak (1980, Hernani, Gipuzkoa). Procesos inconclusos: la industria y el conocimientoen la CAV (Amaigabeko prozesuak: industria eta ezagutza EAEn) izendatu duen doktore tesia irakurri berri du berak, eta argi azaldu dio BERRIAri: «Erritmo ezberdinetan garatu da gizartearen ezagutza».
Soziologoaren ustetan, erreferente berri horri begira ari da gizartea, baina emaitzak irregularrak izan direla ohartarazi du: «Ezagutzaren gizarterako bidean, badira hura sumatzeko parada ere izan ez dutenak». Hezkuntzaren, ikerketaren eta berrikuntzaren arloetan ahalegin nabarmenak egin dira, gizarte industriala desagertzear zela erreparaturik, trantsizio sozioekonomikoa egite aldera. Edonola ere, testuingurua labainkorra da oso.
Izan ere, ezagutzari lotutako lanpostuak ez dira erritmo berean hazi. Unibertsitari gehien dituen herria den honetan, ikasle askok ez baitu beren ikasketen mailarekin bat datorren lanposturik topatu; eta horrek, ekonomiak gizarteak beste aurreratu ez duela adierazten du, Galarragak adierazi duen gisan.
Manchester, Dortmund
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa gizarte industrialetik ezagutzaren gizarterantz ematen ari diren salto sozioekonomikoa Europako beste hainbat lurralderekin alderatu du Galarragak, tradizio industriala dutenak eta ez dutenak tartean. «Nire hipotesia argitu nahi nuen» —azaldu du berak— «tradizio industrial horrek zama izan ote duen gizarteen trantsizio sozioekonomikoan»
Erresuma Handiko Manchesterreko hirigune handia eta Alemaniako Ruhr lurraldeko Dortmund hiriren inguruan ikertu du soziologoak, eta horiei tradizio industrialak «hipoteka handia» eragin diela ondorioztatu. Azken finean, gizarte industrialaren ondorioak kudeatu egin behar ziren, bai ekonomikoki baita sozialki ere: «Asko kostatu zaie egoera horri buelta ematea. Industria berrindartu, lursailak berriztatu, enplegu politika aktiboak martxan jarri… Itzelezko hipoteka izan dute».
Edonola ere, enpresa kultura eta lan indar garatua alde izan dituzte: «Ohituak eta doituak izan dira biztanleak industrian indarra jartzen». Europa mailan izan den garapen prozesu harrigarrienetakoa da Helsinki (Finlandia), soziologoaren aburuz: «Oinarriak, lehenik; eta ordainak, ondoren: hala egin dute politika Helsinkin». Gizartearen eraldaketa prozesuek denbora eta intentsitatea behar izaten dutelako adierazle da hiriburu finlandiarra bere ustez. Funtsean, hezkuntza, gizarte kohesioa eta ongizatea ardatz hartu izana jotzen du berak hiriaren garapen eta berreskurapenerako gakotzat.
Ezjakintasunagatik edota azkartasunagatik «proiektu erraldoietan» babestu, eta berehalako ordainak espero izan dira. « Zergatik sustatzen dira sektore batzuk eta besteak ez? Zergatik berreskuratu zen Manchesterren hirigunea eta auzoguneak ez?», kritika du soziologoak. Eliteak babesteko ahalegina egin dela salatu du berak, eta horrek gizarte kohesioa hautsi duela.
Hausten ala biltzen?
Gizarte modernoen homogeneizazioaren ondorioz, indibidualismorako, kontsumismorako eta tradizioaren suntsipenerako joera areagotzen ari den honetan, ez dago oinarri soziokultural komunik, «eremu labainkorrean» ari da mugitzen gizartea, Galarragaren hitzetan.«Gizarte eredu berri horrek barne arazo sendoak eragin ditu, gizartea desegiten, hausten ari da azkenaldian».Ingalaterran gertatzen ari denarekin —azken egunotako istiluak— loturik ikusten du berak arazoa.
«Gizartearen bihotzetik sortzen den aldaketarako joerarik ezean, haustura areagotu egingo da», nabarmendu du. Gizartearen erabateko lotura agente politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen arteko konpromisoak baino ahalbidetuko ez dutelakoan da. Galarragak ez du ezagutzaren gizartea era kategorikoan ulertzen, eraiki egin behar da eredu gisa baizik: «Ez da teknologizazio edo desarrollismo kontua, baizik eta garapen gizatiar eta sostengarrian oinarritutako ereduaren eraikuntza».
Euskal herritarrei dagokienez,
tradizioz garatu den mobilizaziorako, informazioaren partekatzerako eta eztabaidarako kultura politikoa goraipatu du soziologoak. Hala ere, horrek guztiak zein eragin duen beste kontu bat dela uste du berak.
Etorkizunari begira itxaropena badagoela pentsarazten dio kultura politiko horrek Galarragari, eta eredu berri bat eraikitzeko aukera badela pentsarazten. Horrez gain, gainbehera, geldiunea eman dela irizten du soziologoak, eta instituzio publikoek hartan urratsak ematea ezinbesteko jo du.
Haustera jo duen gizartearen eraikuntzan
Kohesioaren aldeko giltzatzat jo du jendearen aldaketarako ekimena Auxkin Galarraga soziologoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu