Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak gaur aurkeztu dituzte Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) legez kanpo uzteko eskaerak, ASB Batasunaren "jarraipena" delakoan, eta ezker abertzaleak gaur bertan beste ekimen bat iragarri du: hautes elkarteak sortzeko sinadura bilketari ekingo dio bihartik aurrera. Halaxe esan dute gaur arratsaldean Arnaldo Otegik eta Pernando Barrenak. Marije Fullaondo, Joana Regueiro, Maite Diaz de Heredia eta Joseba Permach ere egon dira agerraldian.
"Gure kontrako zenbat eta eraso gehiago, ekimen gehiago hartuko ditugu guk", adierazi du Otegik. Izan ere, ezker abertzalearen ustez, "prozesu demokratikoa egoteko, beharrezkoa da maiatzeko hauteskundeak demokratikoak izatea" eta hor egoteko hasiko dira hautes elkarteak sortzen. ASBren balizko legez kanporatzea "larria" litzatekeela iritzi dio Barrenak "eta onartezina edozein demokratentzat".
Plataforma denek "amankomunean ezker abertzalearen bi ikur" izango dituzte, izenetik bertatik hasita: abertzaletasuna eta sozialismoa. Hala, herri eta herrialde denetan elkartearen izenaren bukaera 'Abertzaleak eta Sozialistak' izango da.
Apirilaren 22ra arte egongo da sinadura emateko aukera. 200 hautes elkartetik gora eratu nahi dituzte.
Hautes elkarteak sortzeko sinadura bilketari ekingo dio ezker abertzaleak bihar
"Hauteskunde demokratikoak" izateko hartu dute neurri hori. Herri eta herrialdeetako elkarte denek bi ikur izango dituzte, izenetik hasita: abertzaletasuna eta sozialismoa. Apirilaren 22ra arte egongo da sinadura emateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu