Hauteskunde elkarteak sustatzea ez dela delitua dio epaiak

D3M eta Askatasuneko auzipetuek ez dutela deliturik egin dio Auzitegi Nazionalaren epaiak. Auzipetu batzuek alderdi eta hautesle elkarte horiekin lotura dutela frogatutzat eman arren, "ideologikoki ezker abertzalearekin lotutako hautagaitzak sustatzea" ez dela delitua dio, baizik eta "parte hartze politikorako eskubidea" dela.

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko ekainaren 18a
17:11
Entzun

Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek sinatutako epaiak frogatutzat ematen du Askatasuna eta D3Mren sorreran ezker abertzalearen estrategiaren baitan daudela, baina ohartarazten du alderdi eta hautesle elkarteak legez kanpo uzten direnean horrek ez diola eragiten bertako kideei, haiek bere eskubide politikoak mantentzen dituztela, eta baita sufragio aktibo eta pasiborako eskubideak ere.

Beraz, auzipetuen eskubidea zela hautesle elkarteak zein alderdiak sustatzea, eta haietako hautagai izatea, "aurretik legez kanporatutako alderdiren batekin lotura izanagatik ere". Hau da, "ideologikoki ezker abertzalearekin lotutako hautagaitzak sustatzea" ez dela delitua, baizik eta "parte hartze politikorako eskubidea" dela.

Halaber, epaiak dio D3M eta Askatasuna sustatzen aritu zirenek jakinaren gainean eta kontzienteki ETAri laguntzen ari zirela ez dela frogatu, eta hori frogatu ezean, auzipetu horiek ezin direla zigortu ETAko kide edo haren laguntzaile izatea egotzita. "Tribunalak ez dauka nahiko elementu, zalantzarako tarterik gabe, auzipetuak ezker abertzaleari ez ezik ETAri berari laguntzen ari ziren konbetzimendura iristeko. Erakunde armatuarekin loturarik ez da topatu".

Epaiak dio legez kanporatzearen eragina gutxitzera bideratuta dauden hautagaitzak sortzea "ETAk sustatuta" egongo dela, "edo gutxienez haren interesekoa" izango dela. Gaineratzen du ulertzekoa dela erakunde armatuak bertako kideak alderdi edo hautesle elkarte horietan sartu nahi izatea, "bere presentzia eta kontrola ez galtzeko". Baina gaineratzen du ezin dela esan hautesle elkarte edo alderdi horietako kide guztiak ETAkoak direnik.

Nicolas Poveda magistratua ez dago ados epaiarekin, eta boto partikularra idatzi du, auzipetuak zigortzearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.