Hauteskundeei begirako akordioa egin dute EAk eta Alternatibak

Ezkerreko subiranistekin bilerak egingo dituzte Hego Euskal Herri osorako «subjektu elektoral plurala sortzeko»«Lekukoa hartu» diote EAk eta Herritarron Garaiak Nafarroan egindako akordioari

EAko Ikerne Badiola, Pello Urizar eta Mariano Alava eta Alternatibako Jonatan Martinez, Oskar Matute eta Amaia Agirresarobe, atzo. M. RAMIREZ / ARP.
jokin sagarzazu
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ezkerreko eragile eta norbanako subiranistak bilduko dituen hauteskunde eskaintza zabala eta bakarra osatzea adostu dute Eusko Alkartasunak eta Alternatibak. Hala, iragarri dute lanean hasi direla «betorik eta bazterketarik gabeko» ezkerreko subiranotasuna ordezkatuko duen «subjektu elektorala» sortzeko.

Eusko Alkartasunaren Bilboko egoitzan bildu ziren atzo bi alderdietako buruzagiak, eta komunikabideei igorritako prentsa ohar baten bidez eman zuten erabakiaren berri. Azaldu dutenez, larunbatean, Lizarran, Eusko Alkartasunak eta Herritarron Garaia ekimenak Nafarroarako egindako akordioaren jarraipena da atzo aurkeztutakoa. Sinatzaileen arabera, helburua da Hego Euskal Herri osoko eragile zein norbanakoen artean zabaltzea proposamena.

Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren ustez, «ilusioz beterik dator» agertoki politiko berria, eta horretan bat egin behar dute ezkerreko subiranistek eta independentistek. «Ezker pluralak, subiranistak eta independentistak Euskal Herrian aldaketa sakona eragingo duen agenda bateratua jorratzeko prest daude. Horixe bera da, bi erakundeetako ordezkarien arabera, milaka eta milaka euskal herritarrek duten itxaropena eta eskakizuna, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko dituen Euskal Herri baten alde borrokatzeko».

Komunikabideei bidalitako oharrean bi alderdiek ez dute zehaztu nola egituratuko duten hauteskundeetarako eskaintza berria. «Plurala» izango dela eta «independenteen» ekarpenei irekia egongo dela nabarmendu dute. «Larunbatean Lizarran irekitako lan ildotik aurrera egin eta lan egiteko prest dauden pertsona independenteak badirela jakinda, harremanak berehala hasiko dituzte erakunde bietako ordezkariek», dio oharrak.

Eusko Alkartasunak eta Alternatibak egindako iragarpenak bide luzea dauka aurretik eginda. Atzoko oharrean nabarmendu dutenez, proposamenaren oinarrian dago urtarrilaren 16an bi alderdi horiek ezker abertzalearekin batera sinatutako Euskal Herria Ezkerretik akordioa. Besteak beste, akordio hori dela eta, Eusko Alkartasuna Nafarroa Baitik kanporatzea erabaki zuten Aralarrek eta EAJk.

Eusko Alkartasunak eta Alternatibak azaldu dutenez, akordio horren sinatzaileentzat «beharrezkoa» da euskal gizarteari subjektu elektoral berri bat aurkeztea, «ezkertiarra eta subiranista, sigletatik eta hauteskundeetatik haratago gogoa bildu eta Euskal Herrian aldaketa politikoa eta soziala gauzatzea ahalbidetuko duena».

Akordio hori sinatu dutenek argi eta garbi azaldu dute soilik bide politikoak erabiliz jardungo dutela, bortxazko estrategiak eta jarduerak baztertzen dituztela eta euren lana jarduera instituzionalaren bidez zein desobedientzia zibila erabiliz egingo dutela.

Eskuinari aurre egiteko

Akordioaren beste ezaugarrietako bat da «luzera begirakoa» dela, eta hala berretsi dute EAko eta Alternatibako bozeramaileek atzo kaleratutako oharrean: «Datozen foru eta udal hauteskundeak eraketa prozesu baterako bultzada izan daitezke, hauteskundeetan amaiera izango ez duena eta Euskal Herri subiranoa eraikitzen saiatuko dena, behetik eta ezkerretik».

Akordioaren sinatzaileek uste dute Euskal Herriaren subiranotasunaren defentsa ezkerreko ikuspegitik landu behar dela. Hori hala, eskuinari alor guztietan aurre egiteko konpromisoa biltzen du akordioak, eta hurrengo urteetan garatzeko ekintza politikorako esparru nagusiak finkatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.