Hauteskundeekin «itsututa egotea» egotzi dio Urkulluk EH Bilduri

Cuca Gamarra PPren Antolakuntza idazkariak EAJri esan dio alderdi sozialistak hurrengoan haiek botako dituela erakundeetatik

URKULLU - KORTAJARENA
Nerea Kortajarena eta Iñigo Urkullu, aurreko osoko bilkura batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2023ko abenduaren 15a
15:03
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurrerapenak baldintzatuta egin dute urteko azken kontrol saioa Eusko Legebiltzarrean. Eta hori azpimarratu nahi izan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Urteko azken osoko bilkura da, besterik ez». Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak datorren astean beste bost lege onartuko ditu, eta beste ehun ekinaldi aurkeztekoak dira. Horrek guztiak hauteskundeen aurrerapenaren hotsa isilarazi du.

Nerea Kortajarena EH Bilduko eledunak egindako galderari erantzunez esan ditu horiek Urkulluk. Kortajarenak, berriz, legealdia amaitutzat jo eta haren balantzeari buruz galdetu dio. Bide batez, lehendakariari egotzi dio arazoei «aurrez aurre» ez begiratzearen ondorioz arazo batzuk egiturazko bihurtu direla; esaterako, osasun arretaren gainbehera eta etxebizitzaren prezio garestia. Urkulluk ez du bat egin «ikuspegi katastrofista» horrekin, eta hainbat datu eman ditu: muturreko pobreziaren orain arteko daturik baxuenak izan direla, eta inoiz baino pertsona gehiago ari direla lanean eta kotizatzen. Aurrekontuetan akordiorik ez egin izana ere egotzi dio Kortajarenari: «Egiturazko arazoak ditugu, eta aurrekontuen %2 baino ez dira aldatu behar zuen ustez?». Kritikan bestelako arrazoiak egotea egotzi dio: «hauteskundeekin itsututa zaudete».

Hauteskunde aurrerapen hori hartu du hizpide, Bilbon, Cuca Gamarra PPren antolakuntza idazkariak, Javier de Andres PPko lehendakarigaiarekin batera egindako agerraldian. Esan zuen Jaurlaritzara iritsiko direla Iruñeko zentsura mozioaren lurrikararen errepikak. «Pedro Sanchezek Iruñean egindakoa errepikatuko du 2024ko legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, eta EAJ utziko du kanpoan».

Argitzeko dago Elkarrekin-Podemosek eta Sumarrek akordiorik egingo duten lehendakarigaia aurkezteko. Yolanda Diaz Sumarreko burua Bilbon izan da, eta Lander Martinezek gidatzen duen taldearen esku utzi du erabakia, baina baieztatu du gobernu aurrerakoiak bultzatuko dituztela. Elkarrekin-Podemoseko zuzendaritzak egina du Miren Gorrotxategiren aldeko apustua, baina gaur-gaurkoz oraindik ez dago garbi akordioa egingo duten edo nor bere aldetik aurkeztuko den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.