Alderdien Legea
Alderdien Legearen ondorio da zortzi politikarien aurkako auzia. Espainiako Auzitegi Gorenak Batasuna legez kanporatu eta bere jardunak eteteko agindua emana zuen arren, ezker abertzaleko ordezkariak beste eragile politiko batzuekin bildu izana da akusazioa. Bilera horiek egin izana delitua den edo ez erabakiko du epaiketak. ETA su-etenean zegoen garaian egin ziren auzibidearen abiapuntu diren hiru bilerak. 2006ko apirilaren 19an, Ibarretxerekin bildu ziren Otegi, Barrena eta Petrikorena, Ajuria Enean.Uztailaren 6an, Donostiako hotel batean batzartu ziren Otegi, Etxeberria eta Dañobeitia PSE-EEko burukide Lopez eta Aresekin. 2007ko urtarrilaren 22an, bigarrenez bildu zen Ibarretxe ezker abertzaleko kideekin. Bilera horiek guztiak publiko egin zituzten, argazkiak ateratzeko aukera emanda. Bake prozesua abiatzeko saioa ziren.
Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkarteen eskariz, auzibidea abiatu zuen Roberto Saiz EAEko Auzitegi Nagusiko instrukzio epaileak. Ezker abertzaleko ordezkariei «desobedientzia» egin izana egotzi zien, bilerak egin izanagatik. Lehendakariari eta PSE-EEko bi ordezkariei, «delitua egiteko beharrezko laguntzaile» izatea leporatu zieten.
Atzo jakinarazi zuen ahozko saiorako data epaimahaiak, autoa kaleratuta. Urtarrilaren 8an hasiko da ahozko saioa, 09:30ean, Bilbon. Auzitegiak proposatutako lehen epaimahaia errefusatu ondoren, 77. salak joan zen hilean jakinarazi zuen epaimahaia Manuel Diaz de Rabago, Juan Carlos Benito-Butron eta Jose Antonio Subinasek osatuko dutela.
Epaiketarako eguna zehazteaz gain, akusazio eta defentsek proposatutako froga gehienak onartu dituela jakinarazi zuen atzo epaimahai horrek. Froga bakarra bota du atzera. Henri Dunant Suitzako Elkarrizketarako Zentroak Batasuneko eta PSE-EEko buruzagien arteko elkarrizketei buruz izan ditzakeen akta eta txostenak eskatzea. Ermuko Foroak eskatu zuen horiek froga gisa aurkezteko. Baina Auzitegi Nagusiak esan duenez, ez da ziurra txosten horiek badirenik. Gainera, existituko balira ere, ez lirateke auzibidearen oinarri den 2006ko bilerari buruzkoak izango. Epaimahaiaren esanetan, horregatik bota du atzera akusazioaren eskaera.
Ezker abertzaleko akusatuen defentsak egindako eskaera bat ere ez du erabat onartu epaimahaiak. Akusazioek, Espainiako hainbat polizia eta guardia zibil proposatu ditu peritu gisa. Otegi, Barrena, Etxeberria, Petrikorena eta Dañobeitiaren abokatuek, horiek ez daitezela peritutzat jo eskatu zuen, akusazioak egiteko txostenak beraiek egin dituztenez ez dituztela perituek bete beharreko baldintzak betetzen argudiatuta. Zientzia jakin batetan adituak behar dute izan perituek, eta, gainera, inpartzialak. Hala ere, poliziak eta guardia zibilak peritu gisa aritzea onartu du epaimahaiak, zehaztasun bat eginda. Horien azalpenak entzutean, erabakia alda dezakeela azaldu du.
Epaiketaren aurretik egin beharreko frogei dagokionez, polizia eta guardia zibilei deklarazioa hartzea onartu du epaimahaiak defentsako abokatuen nahiaren aurka. Edozein kasutan, horiek lekuko edo peritu gisa hartuko diren ez duela oraindik zehaztuko esan du.
Lekuko guztiak onartu ditu
Lekukoen kasuan, alde guztiek egindako proposamenak onartu ditu auzitegiak eta deklarazio hartzeak nola egingo diren argitzeko eskatu du. Izan ere, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, Jose Maria Aznar gobernuburu ohiak eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak lekukotzak idatziz emateko aukera dute. Javier Madrazo Etxebizitza sailburuak eta Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak, berriz, azalpenak bere bulego ofizialetik emateko aukera dute. Horiek guztiek bere lekukotza nola eman nahi duten argitzeko eskatu du epaimahaiak. Irlandako bake prozesuan bitartekari gisa aritu zen Alec Reid apaizaren kasuan, bere helbidea argitzeko eskatu du auzitegiak.
Epaimahaiak ez du onartu Batasuna eta PSEko kideen bileren aktak Suitzan eskatzea
Urtarrilaren 8an hasiko da ahozko saioa Bilboko auzitegian, 09:30ean
Zortzi akusatu ezagun eta hainbat lekuko
AKUSATUAK
Juan Jose Ibarretxe
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
Patxi Lopez
PSE-EEko idazkari nagusia.
Rodolfo Ares
PSE-EEko bozeramailea.
Arnaldo Otegi
Ezker abertzaleko bozeramaile eta negoziazio taldeko kidea.
Pernando Barrena
Ezker abertzaleko bozeramailea (espetxean).
Rufi Etxeberria
Ezker abertzaleko negoziazio taldeko kidea (espetxean).
Olatz Dañobeitia
Ezker abertzaleko negoziazio taldeko kidea (espetxean).
Juan Jose Petrikorena
Ezker abertzaleko komunikazio arduraduna (espetxean).
ESKATUTAKO LEKUKO BATZUK
Ibarretxeren defentsak:
Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jose Maria Aznar, Alfredo Perez Rubalcaba, Jaime Mayor Oreja
Jesus Egiguren, Josu Jon Imaz, Begoña Errazti, Javier Madrazo, Adolfo Perez Esquivel, Nancy Soderberg, Matteo Zuppi, Roelf Mayer, Mathew Phosa, Harry Barnes, Brian Currin
Ezker abertzaleko defentsak:
Iñigo Urkullu, Unai Ziarreta, Jose Elorrieta, Rafa Diez, Francesco Cossiga, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid
Manuel Diaz de Rabago buru duen epaimahaia
Ermuko Foroak Manuel Diaz de Rabago epailea errefusatu zuen arren, horixe izango da auzia epaituko duen mahaiko burua. Juan Carlos Benito-Butron eta Jose Antonio Subinasek osatuko dute mahaia. Fernando Ruiz Piñeiro, Nekane Bolado eta Antonio Garcia hautatu zituzten lehenik, baina atzera bota gero.
Hasiera
2006ko apirilak 19. Ibarretxe Otegi, Petrikorena eta Barrenarekin bildu zen, Lehendakaritzan.
2006ko uztailak 6. Lopez eta Ares Otegi, Etxeberria eta Dañobeitiarekin bildu ziren, Donostian. Bezperan, horretarako baimena eman zuen Garzonek.
2006ko urriak 10. Ermuko Foroaren eskaera onartuta, instrukzio fasea abiatu zuen Ricardo Saiz epaileak.
2007ko urtarrilak 30. Lehen deklarazioak hartu zituen epaileak: Otegi, Barrena eta Petrikorenak auzitegian deklaratu zuten Ibarretxerekin biltzeagatik. Biharamunean deklaratu zuen lehendakariak.
2007ko apirilak 17. Lopez eta Aresek, eta Otegi, Dañobeitia eta Etxeberriak auzitegian deklaratu zuten.
Zigortzeko arrazoirik ez dago; jendeak badaki bake bidean aurrera egiteko saio zintzoa izan zela hura»
patxi lopez
PSE-EEko idazkari nagusia
ETAren su-etenaren garaian egin ziren bi batzarrak
2006ko apirilaren 19an Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek Batasuneko ordezkariak hartu zituen Lehendakaritzan. ETAren su-etenaren ostean Euskal Herrian hasitako aroa aztertzeko Ibarretxek alderdiekin hasitako elkarrizketa sailaren barruan egin zen batzarra. Ibarretxe, Otegi, Barrena eta Petrikorenarekin batzartu zen. Urte bereko uztailaren 6an,PSEko Patxi Lopez eta Rodolfo Ares ezker abertzaleko mintzaide taldeko Otegi, Etxeberria eta Dañobeitiarekin bildu ziren, Donostian. Bi aldeen arteko lehen bilera ofiziala izan zen.