Nekazaritza. Transgenikoak Nafarroan

Hazi bat, hamaika erro

Nafarroan ereiten den artoaren ia heren bat transgenikoa da. MON810 aldaerarekin 7.000 hektarea baino gehiago dago. Frantziako Senatuak arto mota hori debekatzeko eskatu du.

Pioneer etxeak Nafarroan dituen lur sailetako bat, Miranda Argan. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Alde edo kontra. Onak edo txarrak. Zuri edo beltz. Hazi transgenikoen gaian ez da erdiko biderik. Euskal Herrian, Nafarroan baino ez dira transgenikoak ereiten. Ez edozein, hala ere: artoa bakarrik, eta arto transgeniko zehatz bat, gainera: MON810 aldaera. Hori da, oraingoz, Europak onartutako bakarra. 2012ko datuen arabera, arto hori landatutako 114.600 hektarea pasatxo baziren Europako Batasuneko lurretan. Espainiako Gobernuaren menpekoetan ziren gehienak: denera, 97.300 baino gehiago. Europan, transgenikoen aurkakoa da iritzi nagusia. Artoa baino ezin da erein. Hainbat herrialdek, gainera, aukera hori ere ez baimentzea erabaki dute, bertzeak bertze, Frantziak eta Italiak.

Hain zuzen ere, Frantziako Senatuak MON810 artoa debekatzearen alde egin zuen atzo; 172 boto ziren alde, eta 142 kontra. Estatu Kontseiluak, orobat, berretsi du arto mota hori ereiteko debekua.

«Europako portuetara, ordea, egunero ari da arto, soja eta koltza transgenikoa ailegatzen». Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Landareen Ekoizpenaren eta Osasunaren Ataleko buru Pablo Diezenak dira hitzak. Ez da ez alde, ez kontra mintzatu. Baina argi erran du: «Gehien produzitzen duten haziak bilatu dituzte beti nekazariek, nahastu, eta ekoizpen handiagoa lortzeko asmoz. Aukeraketa horri esker, urrats handia egin du aurrera nekazaritzak. Transgeniaren atzean dagoen jauzia, halere, horrekin alderatuta, askoz handiagoa da. Zentzuz jokatzea eskatzen du horrek».

Nafarroan, ereiten den arto guztiaren ia herena transgenikoa da. Iaz, 7.000 hektarea pasatxo erein ziren herrialde horretan, arto transgenikoarekin. 300 inguru izan ziren, duela hamabost urte, Nafarroak transgenikoen atea zabaldu zuenean. Hamaika errotako haziak dira; hamaika iritzi eta eztabaida sortzaile.

«Artoak gora egin du Nafarroan; iaz, 25.000 hektarea erein zituzten denera. Prezioagatik izan da, batez ere, gora egin duelako ere azken urteotan», erran du Diezek. Nafarroan dagoen arto guztiaren ia%30 transgenikoa da. «Artoak hartu hektareen kopuruak gora egin du, baina transgenikoen proportzioak bere horretan jarraitu du», azaldu du Pablo Diezek.

Ekologikorik ez

Ohiko artoa da Nafarroan ereiten den bertze %70. Arto ekologikoaren aldeko apustua bertan behera utzi behar izan baitute herrialdeko nekazariek. «Ezin da erein; transgenikoak kutsatu egiten baitu. Nekazari ekologikoek amore eman behar izan dute», azaldu du Sara Machinek, Nafarroako Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluko buruak. Egun, Nafarroan, 542 ekoizle ekologiko daude, 51.200 hektarea baino gehiagorekin.

Diezek onartu du horrela dela. «Transgenikoak eta bertze ereduak elkarrekin egon ahal izateko araurik ez dago; ez Nafarroan, ezta Espainian ere. Aspaldikoa da arau hori prestatzeko asmoa, baina, orain arte, inor ez da ausartu. Gai konplexua da», azaldu du. Bitartean, nekazaritza ekologikoa gelditzen da bazterrean. «Eredu horren alde egin nahi duenak ezin du», salatu du Machinek.

Hazi transgenikoak saltzen dituzten enpresek ongi jarduteko gida bat bertzerik ez diete ematen haziak erosten dituzten nekazariei. Gomendioak, bertzerik ez. Haien lur sailetan arto transgenikoa erein dutela jakinarazteko kartelik ere ez dute jarri behar. «Erregistroan, ordea, bai. Laguntzak eskatzeko orduan, nekazariak arto transgenikoa duela erran behar du», argitu du Diezek.

Saltzeko ereiten den arto transgenikoaz gain, saioak egiteko erabiltzen dena ere kontuan hartzekoa da. «Urtean MON810 aldaerakoak ez diren bertzelako haziekin saioak egiteko bizpahiru eskaera jasotzen dugu Nafarroako Gobernuan», azaldu du Diezek. Kasu horretan, «baldintzak zorrotzak» direla nabarmendu du. «Jarraipen zorrotza egiten diegu; helburua da, noski, ereiten dutena ez zabaltzea. Prozesu osoa kontrolatzen dugu, eta uzta jaso eta gero, deus ez dela gelditzen baieztatzen dugu».

Monsanto eta Limagrain etxeak dira halako saioak egiteko baimenak eskatu izan dituztenetako bi. Limagrainek Nafarroan du egoitza bat, Elortz herrian. Bertako arduradunekin harremanetan jarri da BERRIA, baina ez dute hitz egin nahi izan.

Pioneer etxeak ere egin izan ditu saioak Nafarroan. Europan, hain zuzen ere, zalaparta piztu du, azken hilabeteotan, etxe horrek erein nahi duen arto transgenikoak. 1507 aldaera onartzeko urratsak egin ditu Europako Batzordeak. Hemeretzi herrialdek arto hori ereiteko aukeraren kontrako boza eman dute; lau abstenitu egin dira; eta bost herrik alde bozkatu dute.

Kontra direnen bozak ez dira nahikoak izan arto horri atea ixteko, ordea, bozketa sistemak gehiengo kualifikatua eskatzen baitu. Alemaniaren abstentzioa erabakigarria izan da Pioneer 1507 aldaera ereiten hasteko bidean urratsak egiten jarraitzeko. Pinpilinpauxen eta sitsaren aurka egiteko prestatu dute aldaera hori, bai eta Europak laster debekatuko duen herbizida bati aurre egiteko ere.

Nafarroako ubideari lotua

Landareen Ekoizpenaren eta Osasunaren Ataleko buruak onartu du: «Arto transgenikoak ez du gehiago produzitzen». Mezu bera nabarmendu dute Fran Ioldi eta Franco Malucelli nekazari ekologiko nafarrek. Hala ere, Nafarroan transgenikoen aldeko apustua argia dela uste dute biek. Nafarroako Gobernuak indar handiz bultzatu azpiegitura batekin lotu dute apustu hori: Nafarroako ubidearekin, eta, haren bidez, ureztatzeko lur bilakatu diren sailekin, hain zuzen ere.

Ioldi EHNE sindikatuko kide da, eta 80 hektarea inguru ditu Mendigorrian (Nafarroa). «Mahatsa badut, bai eta zainzuriak ere; eta ureztatzeko lurrak ere baditut, behartuta». Lur horietan arto ekologikoa jarri du Ioldik, hainbat urtez. «Ez zait kutsatu; gobernuan galdetu behar izan nuen, eta ondoan transgenikorik ez zela erran zidaten». Aurten, hala ere, ez ereitea erabaki du. «Ur anitz eskatzen du, eta ongarri anitz ere bai, eta hor eredu ekologikoaren muga dut nik».

Azken urteotan artoak izan duen prezio altua nabarmendu du Ioldik, baina egoera hori aldatzen hasiko dela uste du. Eta horrek erraztuko duela transgenikoek gora egitea. Ez hori bakarrik. «Badakit herrian Monsantokoak ibili direla haziak oparitzen».

«Gainera, justifikatu behar dute Itoizko urtegia eta ubidea egin izana. Artoa da Itoizko ura erabiltzeko baliatzen duten aitzakia», ohartarazi du Ioldik. Iritzi horrekin bat egin du Franco Malucellik, transgenikoen kontrako Nafarroako plataformako kideak. «Ubidea ari da nekazaritzaren arloko diru guztia jasotzen», salatu du.

«Nahi dugun nekazaritza eredua dago jokoan», erran du Ioldik. «Nik erabakitzen dut zer egin. Nire lurrean burujabe naiz. Bertzeak multinazionalen menpe dira. Lurra gero eta jende gutxiagoren esku nahi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.