Komunikabideak

Hedabideak, multimedia ez ezik, multiproduktu euskarri izatera

Juan Varela eta Vicent Partalen ustez, komunikabideek Interneten egin behar dute apustua, informazioa gaika eskaintzeari garrantzia emanda. "Komunikabideek publikoa ez dute ikusi behar masa homogeneo bezala". 'Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet' jardunaldiak egin dituzte Andoainen, EKTk antolatuta.

2009ko maiatzaren 22a
14:56
Entzun
Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet. Gai horrekin antolatu ditu gaur Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) jardunaldiak Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean, eta partaideak bat etorri dira: egunkariaren indarra eta presentzia gutxituz joango da, eta Internetena handituz. Ez da nobedadea, hori gaur egun jakina da. Nola da kontua.

Vicent Partal Vilaweb Kataluniako atariko arduradunak eta Juan Varela kazetari, kontsultore eta Periodistas 21 webgunearen kudeatzaileak ez dituzte ikuspuntu berak gai denetan. Varelak Interneteko erabiltzaileen parte-hartzeari eta sare sozialak sortzeari ematen dio, batik bat, garrantzia, hedabide estandarretako edukiak "oinarri" hartuta. Partali ez zaio hainbeste gustatzen sare sozialak sortze hori, "nahasmen handia baitago, sare askok ez dutelako ezer sozialitek; kontuz ibili behar da interkazioarekin".

Varelak esan du ona dela hedabide taldeek gaur egun multimedia izateko pausoak ematea baina, haren ustez, haiek "multiproduktu euskarri" izateko egin behar dute urratsa. Komunitate propioak sortzearen garrantzia azpimarratu du, gai tematikoak sortzea... "gai horiek-eta interesatzen zaizkion jendeak elkarren berri izateko Interneten, euren arteko harremanak eratzeko". Sare sozialak, azken batean. "Beraz, komunikabideek publikoa ez dute ikusi behar masa homogeneo bezala. Komunikazioaren eredu aldaketa behar da, publiko desberdinak daudela ohartuz eta jendeari parte hartzeko aukera emanez". Ondorioz, komunikatzeko modua "errotik" aldatu behar dela uste du Periodistas 21-eko kudeatzaileak. "Horrela joango dira hedabideak esparruak zabaltzen eta eraginkorragoak izaten".

Horrekin denarekin, Varelaren iritziz, informazioa ez da gaur egun bezain instituzionala izango. Eta hedabideen gastuak murriztu egingo dira, "erredakzioak txikiagoak izango baitira". Hala, "negozio eredu berriak bilatu beharko dira".

Partalen erantzuna

"Baina Interneko erabiltzaile horien parte-hartze mota ez da kazetaritza", erantzun dio Partal Vilaweb atariko arduradunak. "Kazetariak irizpide periodistikoak jarraituz informazioa ematen jarraitu behar du. Hori bai, dagoeneko aitortuz zentroa ez dela bera, irakurleek boterea eskuratu dutelako".

Partal ados dago paperean ere informazio "pertsonalizatua" eman beharko dela aurrerantzean; "esaterako, kirola nahi duenari, kirola baino ez emanez". Il Flogio Italiako egunkaria aipatu du adibide modura: "Politika, ekonomia eta kultura baizik ez ditu ematen. Tirada txikia du, egunkari garestiagoa da, ekoizpen mugatua dauka, baina ondo doakio". Iritzia ere sakon landu behar dute egunkariek, Partalen arabera. Halaber, Interneten edukiak gaika eman behar direla uste du.

Egunkariek, azken batean, aldizkari izatera pasatu beharko dutela iritzio dio. "Eguneko abisteak, Internetera. Eta egunkariek erreportajeak-eta eman ditzatela, iritzia... Gainera, egunkariaren tamainua txikiagoa izango da".

Multimediaren alde egiten du Vilaweb-eko buruak, eurek hala funtzionatzen dutelako: Interneteko albistegia eta telebista dituzte, mugikorrez albisteak igortzen dituzte, irrati bidez.. "Eta dena izen berarekin. Marka bakarra eduki behar dute taldeko hedabide denek".

Bi haien hitzaldien ostean, Nola egokitu eskaintza XXI. mende hasierako errealitate eta beharretara?mahai-ingurua izan da. Kideak: Aitor Zuberogoitia (Mondragon Unibertsitatea), Jon Muñoa (Deustuko Unibertsitatea) eta Jose Ignacio Armentia (EHU). Moderatzailea: Lorea Agirre (kazetaria eta unibertsitateko irakaslea).

BERRIA.INFOk zuzenean eman ditu jardunaldiak. Martin Ugalde Kultur Parkeko aretoa dena bete da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.