Komunikabideek gatazka politikoarekin duten jarrera aztertu dute gai horretan aditu diren hainbat pertsonak Bilboko Kafe Antzokian, Euskal Herriko Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduarekin antolatutako foroan. Sorturen kasua hartu dute adibide egoeraren inguruko hausnarketa egiteko, eta kezkagarria da atera duten ondorioa: ikuspuntu desitxuratua ematen dute hedabide nagusiek; jarrera erasokorra, suntsitzailea eta partziala dute, «akusazio» bilakatzeraino. Ez dute, inolaz, gatazkaren konponbidean laguntzeko imintziorik egiten. Oso bestela, oztopoak jarri ere egiten dituzte. Jarreraz aldatzearen garrantziaz ohartarazi dute adituek; soluziobideak erraztearen premiaz. «Konponbidearen aldeko partzialtasunez aritu beharko lukete», esan du Eider Elduaien Info7 irratiko koordinatzaileak. «Irlandan komunikabide unionistak eta errepublikanoak batu ziren; hemen hori ez da seguruenik posible izango, baina komunikabideen eremuan ere oinarrizko baldintzak jarri behar lirateke».
Honako hauek aurkeztu dituzte gaiari buruzko ponentziak: Estefania Jimenez EHUko irakasleak, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak, Jose Felix Azurmendi Egin, Deia eta EITBn arituak eta Pello Urzelai BERRIAko politika arduradunak, eta, Elduaienekin batera, Urtzi Urrutikoetxea izan da moderatzailea, Hamaika Telebistako zuzendaria. Ondoren, mahaien inguruetan bildutako gainontzeko parte hartzaileek taldekako eztabaidak eta hausnarketak egin dituzte, word cafe sistema erabilita.
Komunikabideak akusazio
«Ia beldurgarriak» dira Sorturen kasuan Urzelaik ikusi dituen fenomenoak, Eskubideak eta titularren faktoria izenburupean eginiko azterketaren bidez azaldu duenez. «Informazioaren ordez propaganda» ikusi du hedabide nagusiek Sorturi buruz esanikoetan: «Kontua ez da azaltzea Sortu zer den eta zer proposatzen duen, baizik eta etsaitzat hartuta neutralizatzea».Komunikabide gehienetan «errugabetasun printzipioa» desagerrarazi dutela ere ohartarazi du; «Sortu ustezko erruduna da, sorreratik», eta datu guztiak «erruduntasuna zabaltzeko» erabili dituzte.
Areago, «auzian parte» bihurtu direla ondorioztatu du. «Akusazio» bihurtu direla, «fiskalaren zeregina bereganatuta». Argitaratu dituzten titulu nagusiak Estatuaren abokatuak eta fiskalak akusaziorako txostenetan jasotako berak dira, eta horiek Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenak dituzte oinarri. Gainera, hedabide horiek aipatu ez duten arren, bi atxilotuk torturapean egindako adierazpenen gainean eraiki dituzte akusazio horiek.
Kazetaritzaren jardun horretan «duintasunik» ba ote den kolokan jarri du Urzelaik. Azurmendik, informazio horien oinarrien zilegitasuna jarri du zalantzan, Frantzian 1968an indarrean jarri zen kazetaritzaren irizpide deontologikoaren azken puntua aipatuta: «Kazetariak ez du bere papera poliziaren paperarekin nahasten». Azurmendiren esanetan, ordea, egun Euskal Herriko politikaren berri ematen duten kazetari eta hedabideek «ez dugu nahikoa landu gure lana, gure zeregina, gure betebeharra».
Hain zuzen, Elduaienek ohartarazi duenez, «alde baten aurka paper garrantzitsua» izan dute hedabide nagusiek historikoki, «ETAren su-etenei, esaterako, sinesgarritasuna kenduz». Hortaz, «erantzukizunez» jokatzeko deia egin du, «une kritikoetan» batik bat. «Informazio erreal eta kontrastatua emateko ardura dugu, gezurrak desmuntatzekoa, egiazko konponbidera irits dadin».
Aurkezpenen ondorengo mahai inguru txikietan, teknologia berriak eta sare sozialak erabiltzeko premian eta medioek «gizartea aktibatzeko» duten garrantzian egin dute indar.
Hedabideek konponbidea bultzatzeko jarrera hartu beharraz ohartarazi dute
Hainbat adituk gogoeta egin dute hedabideen betebeharraz, Euskal Herriko Eskubide Zibilen Bigarren Foroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu