Movistar enpresako hedagailu bat lehertu dute Okondon, (Araba) etxean egindako lehergailu batekin. Ertzaintzak esan du kale erasoetan erabili izan diren lehergailuen antzeko bat erabili dutela. Hala, eztandaren eraginez, hedagailuaren ondoko eukalipto basoak su hartu du, eta erre egin da hektarea erdia, baina suhiltzaileek itzali dute sutea.
Herenegun, 23:15ean leherrarazi zuten etxean egindako lehergailua; handik gutxira, lekuko batek hots egin zien larrialdi zerbitzuei, eztandak piztutako suteaz ohartuta.
Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak ezker abertzaleari ekintza gaitzesteko eskatu dio, eta gaineratu du arbuioak euskal gizartea «lasaituko» lukeela. Buruzagi jeltzaleak esan duenez, ezker abertzalearen «sinesgarritasun falta» konponduko litzateke gaitzespenarekin.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, berriz, EH Bilduri eskatu dio Okondoko hedagailuaren aurkako ekintza gaitzesteko, leherketaren arduradunek argi izateko ez dutela «inoren babesik». Herrizaingo sailburuaren irudiko, kale eraso bat izan da. Horregatik, Eusko Jaularitzaren izenean Okondoko gertaera salatu du. Nolanahi ere, sailburuak azaldu du ez duela uste kale erasoak ohiko bihurtzen ari direnik, eta azken asteetan Okondokoa eta Getxoko Algorta auzoan astelehenean izandakoa bakarrik gertatu direla gogora ekarri du.
Hedagailu bat lehergailuz txikitu dute Okondon
Urkulluk eta Aresek etxean ekoitzitako lehergailuz egindako erasoa gaitzesteko eskatu diote EH Bilduri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu