Hedatuz doan prebentzioa

Gizakientzat eta osasun publikoarentzat ondorio larriak izan zitzaketen gaixotasunen kontrako immunitatea garatzeko erabiltzen hasi ziren txertoak; 1960ko hamarkadan difteria, tetanosa, kukutxeztula eta poliomielitisarena hedatu zirenetik ugaritu dira.

Meningitisaren kontrako txertaketa Nafarroako Unibertsitatearen Ibaetako campusean, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txertaketa sistematikoa eztabaidagai bihurtu da munduan, urte hasieratik. AEBetan, Indian, Alemanian, Frantzian, Espainian, Japonian, Txekiar Errepublikan eta beste hainbat herrialdeetan, pisua hartu du prebentzio sistema orokortuaren gaineko eztabaidak. Zenbait herrialdetan, nahitaez txertatzearen aldeko ahotsak ugaritu dira; beste batzuetan, prebentzio sistema horrekin kritikoak direnen iritziak azaleratu.

Eztabaiden oinarrian hamaika kasu egon dira. Urtarrilean, Disneyland (Kalifornia, AEB) abiapuntu izanik, elgorri agerraldi batek ehun adingabe baino gehiago kutsatu zituen, gehienak txertoa jarri gabeak; ume horien gurasoei eginiko kritikak zorroztu egin ziren. Alemanian egoera bertsuan izan ziren, hilabete bat geroago: bostehun haur baino gehiago kutsatu ziren elgorriarekin; bat hil egin zen, eta txertoak arretagunearen erdira mugitu ziren.

Beste aldean, oihartzuna izaten ari dira zenbait gaixotasun prebenitzeko botiken albo ondorioen gaineko kritikak. Espainian ez dira eten umetokiko lepoko minbiziaren kontrako txertoari egindako kritikak; Espainiako Osasun Ministerioak ukatu egin du txertoaren eta ondorioen arteko lotura, eta txertatze adina aurreratu du. Frantzian eztabaidak beste ildo bat hartu du; hain zuzen ere, bi ume hil dira urdail eta hesteetako arazoak sortzen dituen birus batetik babesteko txertoa hartu ondoren. Horren ondorioz, estatu bakoitzeko egutegian aholkatutako txertoen gaineko eztabaidak osagai berriak izan ditu.

Antigorputz jakin batzuk

Enrique Peiro Osakidetzako Osasun Publikoko koordinatzaileak azaldu du oinarria «sinplea» dela: «Gure immunitate sistemababesa sortzeko baliatzen da, zenbait mikroorganismotatik babesteko». Babes hori sortzeko, dagokion gaixotasunaren antigenoa sartzen da gorputzean, aurretik tratatuta; hau da, immunitate sistemak antigorputz jakin batzuk sortzea sustatzen da, pertsona hori gaixotasunetik babestuta egon dadin. «Elgorriaren birusarekin kontaktuan dagoen ume batek, txertoa hartu badu, infektatuta ere ez du sintomarik garatuko, gorputza immunizatuta daukalako». Sortutako eztabaiden gainetik, Peirok txertoen baliagarritasuna nabarmendu du: «Aholkatutako txertoak seguruak direla argi izatea da garrantzitsuena».

Juan Manuel Marinek —Medikuntza eta Historia lizentziaduna da—, txertoak baliagarriak direla aitortu badu ere, ezbaian jarri du egungo txertaketa sistematikoa. Txertoak botika «oso ahaltsuak» direla zehaztu du, eta «tentuz» erabiltzeko eskatu du. «Izaera mitiko bat lortu dute gaur egun: zenbat eta gehiago, orduan eta hobe. Ezin da ahaztu XIX. mendeko irizpide medikuen arabera egiten dela, eta gaurkotu egin beharko litzateke». Alde horretatik, nabarmendu du prebentzio sistema horrek eztabaida bioetikoa iltzatua duela: «Txertorik gabe gaixotuko ote den jakin gabe, balizko prebentzio baterako, arrisku farmakologiko bat sortuko diozu pertsona bati».

Aholkatutakoen bermea

Peirok eta Marinek argitu dute zaila dela txertoez oro har hitz egitea; hain zuzen ere, mikroorganismo mota bakoitza berezia den gisan, txerto bakoitzak berezitasunak ditu. Osakidetzako Osasun Publikoko koordinatzaileak gaineratu du ez dela erraza behin betiko botika bat lortzea aldatuz doan mikroorganismo bati aurre egiteko; edonola ere, zehaztu du bermatuta daudela osasun erakundeek aholkatzen dituzten txertoen segurtasuna eta eraginkortasuna.

Halaber, toki bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzekoak direla gaineratu du Peirok; hori dela eta, aholkatutako txertoak alda daitezke leku batetik bestera.«Eredu epidemiologikoa aldatzen diren heinean, aholkatutako txertoak ere aldatzen dira». Bestetik, txerto gehienak haurtzaroan jartzeko arrazoiak oroitarazi ditu Peirok: «Lehenik eta behin, zenbait gaixotasun prebenitzeko tresna dugunean, logikoena da ahalik eta azkarren jartzea, ahalik eta luzeren babesteko». Horrez gain, zehaztu du ume txikiak ahulagoak direla zenbait gaitzen aurrean, eta haien zaintza «lehentasunezkotzat» jo du.

Marinek zein Peirok gogorarazi dute txertoek errealitate epidemiologiko bati erantzuten diotela. Ordea, irakurketa zabalago bat egiteko eskatu du Marinek. Horren harira, zenbait datu eman ditu: 1901etik 1965era arte, difteriak eragindako heriotza tasa %98,7 jaitsi zen; kukutxeztularena, %99,7; eta elgorriarena, %99,9. Hau da, txertoak jartzen hasi zirenerako, heriotza tasa «oso apala» zen. «Badaude osasuna kudeatzeko beste modu batzuk; edo mundua amaitu arte segitu beharko dugu sistemaz txertatzen?».

Halaber, Marinek gaineratu du ezinezkoa dela egungo txertaketa sistematikoa ulertzea botika industriaren indarra kontuan hartu gabe. «Enpresek modu masiboan sortzen dituzte, eta diagnosi masiboak behar dituzte».

Albo ondoriorik ba al dute?

Txertoak botika bat diren heinean albo ondorioak gertatu daitezkeela zehaztu dute bai Peirok eta bai Marinek. Marinek argudiatu du zaila dela gizabanako bakoitzaren berezitasuna kontuan hartzea horren prebentzio sistema orokortuarekin. Halaber, txertoen albo ondorioei buruzko hausnarketa egitea zaila dela gaineratu du. Alde batetik, txertoen ondorioz ustez gertatzen diren zailtasunak azkar «ukatu edo gutxietsi» dituzte. Txertoen alorrean medikuen prestakuntzan hutsune bat dagoela azaldu du, eta horrek zaildu egiten duela ondorioen eragina atzematea. Txertoa jarri osteko behaketa mugatua dela gaineratu du: «Jarraipen epe luzeagoak beharko lirateke; txertoak botika bereziak dira, hartutakoan ezin baita kendu».

Peirok hiru ñabardura egin ditu horren harira: lehenik eta behin, azaldu du botikek gainditu behar dituzten probek eta azterketek bermea ematen dietela; bigarrenik, leku bakoitzaren berezitasunen berri duen aditu talde batek aholkatuta daudela; eta, azkenik, botika osasun profesionalek informatuta hartzen dela, haien zaintzapean. «Edonola ere, txertoak berme handia badu ere, inoiz gerta daiteke albo ondorio txikiren bat; horrek ez du baldintzatu behar prebentzio tresnaren baliagarritasuna».

Marinek azaldu du ikerketa sakonik egin ez bada ere egon badaudela susmoetako bat nolabait babesten duten lanak. «Azken hogei urteetan, asma eta alergia kasuak ugaritu egin dira; gure ustez, horren atzean txertoak daude, edo, hobeto esanda, txerto gainkarga». Marinen esanetan, egutegian zehaztutako botika guztiek «immunitate sistema aztoratzen dute»; horren ondorioz, hipersentsibilitate immunitarioak sortzen dira; alergiak eta asma, kasurako.

Susmo hori frogatzen duen ikerketa handirik ez badago ere, Marinek lagin txiki batean egindako saio bat aipatu du. Txertatu gabeko 500 haur aztertu zituzten, eta ondorioztatu zuten horien %3k asma edo alergiak zituztela; datu orokorren arabera, halako hipersentsibilitateak dituzten biztanleak %20tik gertu daudela gaineratu du. «500 pertsonako lagin batekin ezin da ondoriorik atera prebalentzia txikiko gaitzen kasuan, baina asma eta alergien kasuan nolabait baliagarria izan daiteke ikerketa hori».

Txertoen bitartez, antigenoaz gain, gorputzean beste hainbat gai sartzen direla argitu du Marinek. «Gorputzaren babes sistemaren erantzuna hobetzeko eta luzatzeko erabilitako gaien artean, merkurioa erabiltzen zen garai batean, eta aluminio gatzak gaur egun». Horrek hipersentsibilitatea areagotu dezakeen sinesmena du Marinek.

Batzuetan egoera «nahasgarriak» gerta daitezkeela adierazi du Peirok, eta horrek «nolabaiteko alarma» sor dezakeela. «Garrantzitsua da informazio fidagarria eta egiazkoa ematea, nahasmendu hori gerta ez dadin, eta norberak libre erabaki dezan». Peirok txertoen balioa goratu du: «Poliomielitisaren txertoari esker lortu dugu aurreko belaunaldietako batzuek izaniko gaixotasun horren ondorioak gainditzea».

Marinek, txertoak bainoago, sistema berraztertzeko eskatu du: «Osasun publikoa beste modu batean kudea daiteke». Halaber,umeak ez txertatzea erabakitzen dutenekiko errespetua eskatu du. «Osasuna eta gaixotasuna kudeatzeko beste modu bat duena erruduntzat jo ere egiten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.