Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga ixteak «kalteak» eragin ditu, Euroeskualdearen hitzetan

Galdeketa egin dute mugaz gaindiko herritarren eta langileen bizipenak jasotzeko. Muga ixteak pertsonen, ondasunen eta zerbitzuen zirkulazio askatasunak etetea eragin duela erran dute.

Irujo, Elorza eta Berge, gaurko agerraldian. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 23a
13:13
Entzun

COVID-19ak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, Frantziak eta Espainiak Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga ixtea erabaki zuten. Martxoaren 17an itxi zuten, eta ekainaren 21a arte anitz mugatu zuten mugikortasuna; baimen berezia zutenak baizik ez ziren alde batera edo bestera pasatzen ahal. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen hitzetan, itxiera horrek «eragin negatiboa» izan du mugaz gaindiko herritarrengan eta langileengan. Inkesta bat egin dute eragina neurtzeko, eta 2357 erantzun jaso dituzte. Inkesta prozesua ekainaren 4an hasi zen, eta herritarrek gutxi gorabehera bi asteko epea izan zuten erantzuteko. Mugaren itxierak izandako «eragina murrizteko jarraibideak eta ekintzak» identifikatzea da xedea.

Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute Hendaian (Lapurdi) Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako kanpo aferetako idazkari nagusiak, Mathieu Berge Akitania Berriko kontseilariak eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko ordezkariak, inkestaren emaitzak aurkezteko eta ondorioak plazaratzeko.

Erantzun duten gehienak 36-65 urte artekoak dira, unibertsitate ikasketak edo parekoak dituzte, eta muga hilabetean behin baino gehiagotan pasatzen dute. Horretarako autoa erabiltzen dute nagusiki, eta gehienbat mugaren alde batetik bestera iragateko «arrazoi sozioekonomikoak» dira nagusi: hezkuntza, arrazoi pertsonalak, eta familiarekin zerikusia dutenak. Zehazki, erantzun dutenen artean, %79,1 erosketak egitera joaten dira, %59,7 arrazoi pertsonalengatik, %49,9 kirola egiteko edo aisialdiko jarduerak egiteko eta %39,2 kultur jarduerak egiteko.

Mugaz gaindiko herritarren artetik, %66,9ri «biziki edo asko» eragin dio mugaren itxierak, eta %89,4k adierazi du muga itxi zenean mugaz gaindiko jardueraren bat egiteari utzi behar izan ziola. Baina muga ireki ostean «oro har» berriro ekingo diote jarduerari, Euroeskualdearen arabera, eta horrek «mugaz gaindiko jardueren sektoreetako baikortasuna» erakusten du.

Ekonomia arloan ere eragina izan du, eta mugaz gaindiko langileak dituzten enpresek ere egokitu behar izan dute. Gehien hartu diren neurriak telelana (%54,2), enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (%39,1) eta lanaldi murrizketak (%27,7) izan dira, baina kaleratzeak (%6,6) ere egon dira.

1.400 testigantza

Inkestaz gain, 1.400 testigantza ere jaso ditu Euroeskualdeak, herritarrek jasan dituzten oztopo nagusiak identifikatzeko. Herri eta eskualde batzuetako biztanleen kasuan, batetik bestera ibiltzeko askatasunaren galtzea oztopoa izan da bertan ez zeuzkaten oinarrizko ondasun edo zerbitzu batzuk erabili ahal izateko orduan. Erran dute muga ixteak eragindako auto ilara luzeek ere funtsezko gauzatzea zaildu diela, eta batzuetan ezinezko bihurtu diela. Frantziako eta Espainiako Gobernuen irizpide desberdintasunak ere deitoratu dituzte, mugako kontroletan aurkeztu beharreko dokumentuen adibidea emanez: «Hartu diren neurriak estatu mailakoak izan dira, kontuan hartu gabe lurraldearen errealitate sozial eta ekonomikoa», deitoratu du Bergek.

Euroeskualdearen ondorioa argia da: «Europako Batasuneko estatu kideek Schengen eremuaren barruan Europako herritarren mugikortasunari ezarritako murrizketek eta kontrolek askatasunak etetea eragin dute», adierazi dute. «Kalteak eragin ditu ezabatu genituen mugen inguruan bizi direnen ekosistema sozial eta ekonomikoan».

Gogoeta politikoa

Euroeskualdearen inkestari erantzun diotenen gehienek uste du «ezinbestekoa» dela mugaz gaindiko lankidetza, «mugaz gaindiko herritarren eguneroko bizitza hobetzeko». Herritar horiei «ikusgaitasun handiagoa emateko beharrizana» azpimarratu dute, eta izaera hori indartzeko beharra ere aipatu dute, «askatasun handiagoz zirkulatu ahal izateko eta administrazio dokumentazioaren aldetik mugapen gutxiago izateko».

Bergeren hitzetan «gogoeta politiko bat» beharrezkoa da, ohartu baitira mugaz gaindikoaren koadro juridikoak zer muga dituen. «Gure helburua da erronka izatea politika publikoetan». Elorzaren hitzetan, Europa osoan egin behar da lan. «Euroeskualdeen formula juridikoa Europar Batasunak sortu zuen, mugaz gaindiko elkarlana bultzatzeko. Europaren ametsa mugak ezabatzea izan da». Konfinamendu garaian, nahiz eta mugak itxi, «salbuespenak» onartu izan direla azpimarratu du. Egoerak okertzera joko balu, eta muga ixtea erabakiko balute, salbuespen horiek «eskualde mailakoak» izateko eskatu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.