Hego Euskal Herrian 132 tortura salaketa iaz

Torturaren prebentzio eta salaketarako koordinakundeak salatu du protokoloa ez dela eraginkorra

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian 132 lagunek salatu zituzten Poliziaren aldetik jasandako tortura eta tratu txarrak, Torturaren prebentzio eta salaketarako koordinakundeak jakitera eman duenez. Atzo aurkeztu zuen txostena taldeak, eta, azaldu zuenez, batez besteko handia da zifra hori, Espainiako Estatuan orotara 540 salaketa egon baitira. Torturaren kontrako protokoloa ez dela eraginkorra salatu du koordinakundeak.

Torturaren prebentzio eta salaketarako koordinakundea Espainia Estatuko 44 taldek osatzen dute. Salhaketako Carlos Hernandez, Torturaren Aurkako Taldeko Ane Ituño eta Alfonso Zenon Eskubideak taldeko abokatuak parte hartu zuten Hego Euskal Herriko datuen aurkezpenean.

Salaketa horietako %39,39 inkomunikazioa aplikatu dieten atxilotuek jarritakoak dira. Zifra handia eta «larria» dela ohartarazi du koordinakundeak, eta salaketak desager daitezen, inkomunikazioa kentzako eskatu dute.

132 salaketa horietatik auzitegietan dauden 40 kasu txostenean jaso ditu koordinakundeak. Inkomunikazio aldiko tratuagatik jasotako salaketen artean Guardia Zibilaren kontrakoak dira gehienak, baina Ertzaintzaren kontrakoak ere badira.

Adibidez, jasota dakar urtarrilean Gipuzkoan atxilotu zituzten bost lagunen kasua. Ertzaintzak atxilotuta eduki zituen denboran mehatxuak jasan zituztela, postura txarretan egotera derrigortu zituztela eta kolpeak eman zizkietela salatu zuten. Tortura salaketen aurrean, jarrera ofentsiboa hartu zuen Jaurlaritzak, eta txostenak salatzen du, Alfonso Zenon abokatua auzitara ere eraman zuen Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburuak, hark torturak salatu zituelako.Prebentziorako taldearen irudiko «baieztatu egiten da torturaren kontra elementu eraginkorrak indarrean jarri beharrean, tortura salaketak egiten dituztenak jazartzen direla».

Mugimendu sozialak

Txostenean jasotzen diren salaketen erdia baino gehiago mugimendu sozialetako mobilizazioetako oldarraldietan gertatu dira: %51,51 hain justu. Prebentzio taldeak nabarmendu du Udaltzaingoak jaso dituela salaketen %10a. Hainbat udal ordenantzek horretarako bidea ematen dutela salatu, eta haiek aldatu beharra azpimarratu dute.

Mobilizazioetan eta grebetan izandako tratu txarrak aipatu dituzte txostenean, besteak beste. Adibidez, lan erreformen kontraekainaren 29an ELA, LAB, CCOO, EHNE, Hiru, ESK eta EILASek deitutako greba egunean K.T. ordezkari sindikalak pikete baten zegoela Ertzaintzak emandako kolpeengatik jarritako salaketa jasotzen du. Ertzainek salatu egin zuten ordezkari sindikala, eta azkenean bi aldeek akordioa sinatu zuten. Egun horretan Ertzaintzak beste hainbat lagun kolpatu zituela ere nabarmentzen du.

Iazko sanferminetako txupinazoan Iruñeko Udaltzaingoak hainbat lagun zauritu zituela ere jasota dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.