Hego Euskal Herrian 9.000 pertsonak galdu dute lanpostua urteko lehen hilabetean

Etorkinen, gazteen eta emakumeen enpleguak egin du atzera nabarmen, INEMen datuen arabera

2008ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Espero baino datu kezkagarriagoak eman ditu INEMek: langabezia%9,4 igo da Hego Euskal Herrian abendutik urtarrilera. Gabonen ostean, langabe kopurua gora doa. Merkataritzan eta ostalaritzan galtzen da lanpostu gehien. Iaz legez, aurten. Baina hazkundea ohi baino handiagoa izan da oraingo honetan: INEMek, zuzen esanda, 9.001 langabe gehiago zenbatu ditu. Erruz igo dira etorkinen, gazteen eta emakumeen langabezia tasak, eta sindikatuek arduraz begiratze diote enpleguaren bilakaera txarrari.

Langabe kopuruak lau hilabetez jarraian gora egin duela nabarmendu du LABek. «Urtarrilean, gainera, ikusgarria izan da hazkundea». Une honetan 105.158 pertsona dabiltza lan bila Hego Euskal Herrian. Multzo horretan dauden etorkinen kopurua %18,6 igo da hilabete bakarrean. Iazko urtarriletik aurtengo urtarrilera, berriz, %30 pasatxo.

Etorkinak batik bat zerbitzuetan dabiltza lanean eta, hain zuzen ere, zerbitzuetan galdu da lanpostu gehien. Gazte eta emakume askok ere sektore horretan dihardute, eta horien langabezia ere batez besteko tasa baino gehiago igo da: emakumeena %10,7 -gizonena baino %3,4 gehiago-, eta gazteena %16,7.

Herrialdeka, berriz, langabe kopurua Bizkaian igo da gehien.INEMek abenduan baino 3.592 pertsona gehiago zenbatu ditu herrialde horretan. Langabezia tasa, dena den, beste inon baino gehiago hazi da Nafarroan (%10,2 ia-ia, 2.190 langabe gehiago). Araban %9,9 egin du gora (1.049 langabe gehiago), Gipuzkoan %9,4 (2.170 langabe gehiago) eta Bizkaian %8,73. Urtarrileko gorakadaren ostean, Hego Euskal Herrian iazko apirilean bezainbeste langabe daudela ohartarazi du LABek.



BABES NEURRI ESKEAN. Sindikatuak espero du «munduko hazkunde ekonomikoaren dezelerazioa eta finantzen merkatuetan nagusi den urduritasuna» ez izatea «zikloaldaketa datorren» seinale. Izan ere, ekonomiaren moteltzeak kalte handia egingo lioke enpleguari. Besteak beste, Hego Euskal Herrikoari, eta are gehiago langabe kopuruak gora segituz gero.

Orain bezala, lanpostu galera handiak dauden garaietan «gizarte babeserako neurriak» hartzeko eskatu die Euskadiko-CCOOk administrazioei. Bai Eusko Jaurlaritzari bai Espainiako Gobernuari. «Zergak jaitsi beharrean, aberastasuna hobeto banatzeko politikak jarri behar dituzte martxan». Ekoizpen eredu berri bat bultzatu beharra dagoela ere esan du: «Dibertsifikazioan eta balio osagarri handieneko zerbitzuetan eta industrian oinarrituta egon behar du eredu horrek».

UGT-Euskadirentzat ere nahitaezkoa da ekoizpen eredua aldatzea. Dena den, enpleguaren kalitatea handitzeari eman dio lehentasuna, eta eskuz esku jarduteko eskatu die Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. «Nor bere aldetik arituz gero, areagotu egingo baitira langabeziaren ondorio kaltegarriak». Behin-behinekotasuna murrizteko ere elkarlana funtsezkoa dela dio UGT-Euskadik. «Espainiako beste autonomia erkidegoetan baino hiru puntu apalagoa da egindako kontratu finkoen kopurua EAEn».

Jaurlaritzako Lan sailburu Joseba Azkarraga lasai dago, ordea. «Ez dut uste urte zaila izango denik gal daitezkeen lanpostuen ikuspegitik. Datu hauek hilabete bakarrekoak dira».



«Ez da urte zaila izangogal daitezkeen lanpostuen ikuspegitik, hilabete bakarreko datuak dira»

JOSEBA AZKARRAGA
EUSKO JAURLARITZAKO LAN SAILBURUA
«Administrazio bakoitza bere aldetik segituz gero, larriagotu egingo dira langabeziaren ondorioak»

FELIPE GARCIA
UGT-EUSKADIKO LAN IDAZKARIA
«Espero dugu ekonomiaren hazkundearen dezelerazioa ez izatea ziklo aldaketa datorren seinale»

LAB
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.