Hilabeteak pasatu dituzte prestatzen, ikasten, eta iritsi da eguna azkenean: Hego Euskal Herriko 17.075 ikasle gaur hasi dira unibertsitatera sartzeko probako azterketak egiten; ostegunean amaituko dituzte etsaminak.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak zenbait datu eman dituzte azterketarien gainean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ikasle gehien-gehienak Batxilergoa egin ostean aurkeztuko dira: 12.277; beste 853k Lanbide Heziketako goi mailako ziklo bat eginda daukate, eta 509 nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkeztuko dira.
Xehetasun gehiago jakinarazi ditu NUPek. Hizkuntzari dagokionez, Nafarroako azterketarien %23k euskaraz egingo dituzte etsaminak; gainerakoek, berriz, gazteleraz. Eta aurkeztu direnen artean, dezente gehiago dira emakumeak gizonak baino: %58.
Hainbat berrikuntza
Aurtengo etsaminetan zenbait berrikuntza txertatu dituzte, proba LOMLOE Espainiako hezkuntza legera egokitzeko. Horretarako onartu zuten ekainaren 11ko 534/2024 Errege dekretua. Horren arabera, azterketek «diseinu konpetentziala» izango dute, eta, ariketak egiteko, ikasleek «sormena, pentsamendu kritikoa eta hausnarketarako gaitasuna beharko dituzte, baita heldutasuna ere».