Hego Euskal Herriko ikasleak ere hasi dira ikasgeletara itzultzen

Gaurtik aurrera ikasgeletara bueltatuko dira Nafarroako 114.000 ikasle; bihar hasiko da itzulera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ikasleak Berako Toki Ona institutura sartzen, gaur goizean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ikasleak Berako Toki Ona institutura sartzen, gaur goizean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko irailaren 5a
12:50
Entzun

Zorroztu dituzte arkatzak eta bete dituzte motxilak koadernoz eta liburuz. Ipar Euskal Herriko ikasleek astelehenean egin zuten eskola sartzea, eta Hego Euskal Herrikoak gaur hasi dira horretan; nafarrak izan dira lehenengoak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola umeak bihartik aurrera bueltatuko dira.

Nafarroako Gobernuak eman ditu matrikulazioaren xehetasunak. 113.688 ikaslek hasiko dute ikasturtea gaurtik irailaren 12ra bitartean. Horietako gehienak, %67, ikastetxe publikoetara joango dira; gainerakoak, berriz, itunpekoetara eta pribatuetara. Hizkuntza hautuaren araberako datuak ere plazaratu dituzte: Nafarroako ikasleen %24k ikasiko dute D ereduan —euskara hutsean, gaztelera ikasgai izanik— eta B ereduan —euskaraz eta gazteleraz ematen dituzte ikasgaiak—.

Datuak alde batera utzita ere, 2024-2025eko ikasturteak izango du bereizgarririk. Hauek dira gako nagusiak:

1

Legedia

Lege ikuspegitik joan den ikasturtean mugarri bat egon bazen, EAEko Hezkuntza Legea izan zen. Prozesu luze baten ostean onartu zuten, 2023ko abenduaren 21ean. Ordura arte, ez zen tirabirarik falta izan. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk 2022ko martxoan onartu zuten hezkuntza ituna, legearen oinarri izateko sortu zena. Hartan ez zen aipatzen hizkuntza eredurik, baina legearen behin betiko testuan aipatu egin zituzten. Azkenean, EAJk eta PSE-EEk baino ez zuten onartu legea.

Ikusteko dago lege hori nola garatuko duten ikasturte honetan. Izan ere, legea oinarri hartuta, aginduak eta dekretuak ondu beharko dituzte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzaren etorkizuna erabakitzeko.

2

Euskarazko murgiltzea

Euskarazko murgiltzea Euskal Herri osoan zabaltzea izango da hezkuntzako erronka nagusietako bat 2024-2025eko ikasturtean ere. Ipar Euskal Herriko ikasleek urteak daramatzate baxoa eta brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen. Urteetako borrokak fruitua eman zuen iaz: brebeta osorik euskaraz pasatzea lortu zuten; baxoa ez, ordea. Ikusteko dago hasi berri den ikasturtean zer pauso emango dituzten horretarako —ematen baldin badituzte—.

Nafarroan ere ari dira murgiltzea hedatzeko ahaleginean. Haur eskoletan egin dute saiakera, batez ere: protestak izan ziren, eta euskalgintzak Iruñeko Udalari eskatu zion auzo guztietako haur eskoletan ezar zezala murgiltze eredua. Egun, euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen zentro bakarra dago Iruñean —Izartegi haur eskola, Txantrean—, eta, beste auzo batzuetan, eredu «misto bat» ezarria dute.

3

Unibertsitateak

Euskal Herriko unibertsitaterik handienaren, hau da, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen etorkizuna zehaztuko duten hauteskundeak izango dira udazkenean. Bi hautagai egongo dira errektore izateko: Eva Ferreira egungo errektorea eta Joxerramon Bengoetxea.

Horrez gainera, Espainiako Gobernuak unibertsitatera sartzeko proba arautzeko dekretu berria onartu du aurten. Ziurtatu dute proba eredu berria 2024-2025eko ikasturtean jarriko dutela martxan.

4

Lan gatazkak

Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako lan gatazkak zeresana eman zuen joan den ikasturtean ere. Hamalau greba egun izan zituzten, eta, azkenean akordioa lortu bazuten ere, sindikatuek salatu izan dute patronalek ez dutela esana bete. Beraz, ikusteko dago auziak zer bilakaera izango duen ikasturte honetan.

Nafarroan, sindikatuek egina dute egun bateko greba, sare publikoan: hilaren 26an greba egitera deitu dituzte sare horretako 11.000 irakasleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.