PISA txostena argitaratu du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. 2012an egindako azterketak oinarri hartuta taxutu dituzte datuak, eta berretsi dute Hego Euskal Herriko datuak nabarmen hobeak direla Espainiakoak baino. Matematika, zientziak eta irakurketa, hiru alor horietako ezagutzak neurtu dizkiete ikasleei.
1. Matematika. Nafarroako ikasleak nabarmendu dira proba horretan: 517 puntu lortu dituzte, aurreko aldian baino sei gehiago. Goiko postuan daude rankingean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zerbait behera egin dute datuek alor horretan: 510 puntu ziren orain hamar urte, eta 505 orain. Ez da jaitsiera esanguratsua, hala ere. Inguruko herrialdeekin alderatuz, maila ez da kaskarra: Frantziak 495 puntu ditu, Espainiak 484 eta OCDEko batez bestekoa 494 puntukoa da.
2. Zientzia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuetan igoera nabari da: 506 puntu lortu dituzte, orain hiru urte baino hamaika gehiago. Nafarroan, 514 puntu dituzte, aurrekoan baino bost gehiago. Adituek maiz nabarmendu dute hezkuntza sistemaren hutsuneetako bat alor horretan dagoela. OCDEren batez bestekoaren gainetik dago Hegoaldea, nolanahi ere: 501 puntukoa da batez bestekoa. Frantziak 499 puntu ditu, eta Espainiak, 496.
3. Irakurketa. Puntuazioa zerbait apalagoa da irakurketari dagokionez, baina igoera ageri da hor ere. Nafarroak 509 puntu ditu —aurrekoan, 497—, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, 498 —aurrekoan, 494—. Datu horretan ere OCDEren goitik dago: 496 puntu ditu batez bestekoak. Espainia 488 punturekin dago, eta Frantzia, 505ekin.