Bihar da Emakumeen Nazioarteko Eguna. Hego Euskal Herriko erakunde publikoak, sindikatuak, alderdi politikoak eta eragileak, egun horri aurrea hartu, eta adierazpen ugari egiten ari dira egunotan.
Adierazpen batzuen laburpena:
Emakunde: Zebra bideak berdintasun ikur.
Emakundek deia egin die gizartea osatzen duten guztiei eguneroko bizitzan berdintasunaren aldeko pausoak eman ditzaten. Era berean, eskatu du pertsona bakoitzak kontuan izan dezala egunero egiten dituen keinuak eta hartzen dituen erabakiak berdintasunaren aldekoak ala aurkakoak izan daitezkeela. «Hori kontuan izatea berdintasunean oinarritutako gizarte baterantz eman beharreko pauso garrantzitsua da», esan du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Bilbon, Gasteizen eta Donostian berdintasunaren ikurra duten hainbat zebra bide itsatsi ditu Emakundek oinezkoen hainbat lekutan.
Gipuzkoako Diputazioa: Abortatzeko eskubidea aldarrikatu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak bere adierazpenean abortu librerako eskubidea aldarrikatu eta egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkalean emakumeek sufritzen duten diskriminazioa salatu du. Mugimendu feministaren borroka aintzat hartu, eta gipuzkoarrei gonbita egin die biharko mobilizazioekin bat egiteko. Bestalde, Gipuzkoako Diputazioak berdintasuneko foru arauaren aurreproiektua egingo du, "ikuspegi feministak foru erakundearen antolakuntzan eta politiketan duen zeharkakotasuna blindatzeko".
Bizkaiko Diputazioa: Emakumeak eta kulturaren arteko lotura ardatz.
Hainbat ekitaldi antolatu ditu diputazioak aste honetan, Martxoaren 8aren harira; horietako batzuk, artearekin eta kulturarerkin lotuak. Asteartean, Emakumeak Artearen Munduan jardunaldia egin zuten Bilbon. Pilar Ardanza diputatuak nabarmendu du diputazioak Emakumeen Foroaren jarduna sustatu nahi duela. Arteak topagune izateko eta eredu berriak eraikitzeko baliagarrria dela adierazi du Ardanzak.
Arabako Diputazioa: Ezintasuna duten emakumeei begira.
Askotariko berdintasunean lelopean, Arabako Foru Aldundiak desberdintasun funtzionala duten emakumeei eskaini die arreta. Diputazioak ezintasuna duten emakumeek gizartearen eremu guztietan egiten duten ahalegin gehigarria ezagutu eta ikusarazi nahi du. Martxoaren 8a ospatzeko kartela keinuen hizkeran eta braille alfabetoan aurkeztu dute.
Nafarroako Gobernua: Emakumeak goi karguetan izatearen garrantzia.
Nafarroako Gobernuak adierazi du berdintasunaren aldeko bultzada oinarrizko baldintza dela foru erkidegoaren garapenerako. "Emakumeak gizarte eta ekonomia arlo guztietan normal-normal integratu behar dira, gizonen baldintza beretan", azaldu du UPNren gobernuak adierazpenean. "Garrantzitsua da emakumeek presentzia izatea enpresetako goi karguetan eta politikan. Sektore guztien ardura da", gaineratu du gobernuak.
Bilboko Udala: Soldaten aldea ardatz.
Bilboko Udalak konpromisoa hartu du berdintasunaren aldeko politika aktibo, integratzaile eta parte hartzaile bat sustatzeko. Halaber, gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea salatu du udalak, Ez zaizkit kontuak ateratzen leloarekin. Emakume eta elkarte feministen ahalegina goraipatu du udalak.
Donostiako Udala: Feminismotik berdintasuna eraikitzen.
Mendeetan berdintasunaren alde lan egin duten pertsonei eta mugimenduei aitorpena egin die udalak, Feminismotik berdintasuna eraikitzen leloarekin. Udalak herritarrei eskaera egin die mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko. "Benetako berdintasuna lortzeko dago", adierazi du Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak.
Gasteizko Udala: Emakume elkarteen omenaldia, bihar.
Emakumeen hainbat elkarte omenduko dituzte bihar, udaletxean. Besteak beste, Kolonbiako eta Maliko emakumeen elkarteek parte hartuko dute omenaldian. Arabako talde batzuk ere izango dira: 7menos20, Maria de Maeztu forum feminista eta Las Trans.
ELA: Enplegu eta soldata duina eskatu dute emakumeentzat.
Iruñean ekitaldia egin du gaur goizean ELAk. Lan duinaren eta emakumeen eskubideen aldeko manifestazioa egin dute ELAko kideek hiriko kaleetan. Gizonen eta emakumeen soldatetan dagoen aldea kritikatu dute ELAko ordezkariek, bidegabekeria sozialtzat joz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emakumeek %19,4 gutxiago irabazten dutela nabarmendu dute.
LAB: Emakumeen enplegu suntsiketa salatu dute.
Gaur goizean, giza kateak eta elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Getxon, Azpeitian, Basaurin, Laudion eta Tolosan. Oihartzun mediatiko handirik gabeko kaleratze indibidualen bidez gertatzen ari den emakumezkoen enplegu suntsiketa salatu du LABek. Zerbitzu publikoetan izaten den enplegu galera salatu du, "kontuan hartu behar baita emakumeek nonbait enplegu duina lortu badute sektore publikoan lortu dutela".
CCOO: Kritika Eusko Jaurlaritzari.
EAEko CCOOk salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela Berdintasunaren Legea betetzen. "Administrazio publikoek berdintasun plan bat landu eta aplikatu behar dute lan hitzarmenean". Bere eskaerari Jaurlaritzak "isiltasunarekin" erantzun diola kritikatu du. Izaera orokorreko berdintasun plan bat funtzio publikoaren negoziazio mahaian proposatuko du sindikatuak.
CNT: Abortuaren lege berriaren aurkako mezua.
Sindikatuak salatu du emakumezkoen eskubideen aurkako beste eraso bat nabarmenduko dela Martxoaren 8an: PPren abortuaren lege berria. "Ondorio gisa ekarriko du amatasuna inposatuko zaiela emakumeei, baita etxe barruko esparrura itzuli behar izatea ere, gogoz edo gogoz kontra". Sindikatuak uste du Martxoaren 8an beharrezkoa dela ez soilik eskubideak eskuratzea zein generoen arteko "egiazko" berdintasuna lortzea, baizik eta lehendik emakumeek zituzten eskubideak babestea.