Espetxe politika. Errespetu moduluak

Heldu den espetxe eredua

Errespetu moduluak ezartzen ari da Espainiako Espetxe Zuzendaritza kartzeletan, presoen gizarteratze prozesurako lagungarriak direla argudiatuz. Euskal espetxeetara lausoekin heldu dira; presoen egunean eguneko errealitatea ezagutzen dutenen aburuz, kezkatzeko aski zio bada.

arantxa iraola
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Urteotan, euskal kartzeletan, mendean dituen gainerakoetan bezalaxe, errespetu moduluak ezartzen hasi da Espainiako Espetxe Zuzendaritza. Erakunde horren egitasmo kuttuna dira errespetu moduluak, unitate terapeutikoekin batera. Presoen gizarteratzea errazten dutela argudiatuz bultzatu dituzte. Esparru horietan presoen arteko elkarbizitza sustatzen dela esplikatzen dute; autonomia eta erantzukizun handiagoa ematen zaiela. Paper zuriaren gainean, espetxe eredu berri baten ernamuina dirudite modulu berriek, eta, espetxe agintarien arabera, etorkizun saihetsezina dira: egitasmo diren kartzela berri denetan —tartean Iruñekoa, Iruña Okakoa (Araba) eta Zubietakoa (Gipuzkoa)— aparteko lekua izango dute errespetu moduluek. Praktikan, dudak ugariak dira.

Txarli Martinez de Bujandak, esaterako, ez du argi. Maiz sartzen da bera Langraizko presondegira (Araba). «Bertako abadea naiz». 1996an hasi zituen espetxeko sartu-irtenak, boluntario. 2005ean izendatu zuen Gasteizko Gotzaintzak kartzelako apaiz. Bi errespetu modulu daude egun martxan Langraizko espetxean; bat emakumeen moduluan, bestea gizonezkoenean. Sortzen eta garatzen ikusi ditu biak Martinez de Bujandak. Aintzakotzat hartzeko moduko proposamena direla uste du. «Espetxean, sarritan, presoek dituzten iaiotasun sozialak galtzen dituzte. Errespetu moduluan horiek berreskuratzeko ahalegina egiten da». Presoak «erantzukizun» gehiagoren jabe ikusten ditu modulu horietan; beraiek antolatzen dute egunean eguneko funtzionamendua, eta erabakiak hartzen dituzte. «Eta, teorian behintzat, funtzionarioak adiskide bihurtzen dira». Ekitera bultzatzen dituzte presoak errespetu moduluetan, ez geldirik egotera, eta hartutako konpromisoak betetzera; modu horretan, esandakoa zorrotz betetzen badute, hainbat abantaila lor ditzakete. «Gutxienez modu horretan saltzen dute; teorian, behintzat, preso bakoitzaren zigorra aztertuz egutegi bat prestatu beharko litzateke».

Baina lausoak argiak baino ugariagoak direla dio Nafarroako Salhaketako koordinatzaile Libertad Francesek. Iruñeko espetxean, emakumeen moduluan, martxan da errespetu modulua, eta informazioa eskatu dute Salhaketako kideek sarri askotan; besteak beste, moduluotan parte hartzeak presoentzako zer onura dakartzan zehazteko eskatu diete espetxeko agintariei. Arrakasta gutxirekin; argibideak oso urriak izan direla dio. «Eta ez dakigu emakumeei ere zenbateraino argitu dizkieten gauzak».

Kontratu baten arabera

«Kontratu» bat egoten da oinarrian. Errespetu moduluan sartzen diren presoek, han jardun ahal izateko, kontratu bat izenpetu behar izaten dute, hainbat baldintzarekin. «Borondatez onartzen duzu, eta bete egin behar duzu». Bizkaiko Salhaketako koordinatzaile Carlos Hernandez mintzo da. Basauriko kartzelan (Bizkaia) orain bizpahiru urte ekin zioten errespetu moduluak martxan jartzeari. «Dena hitz oso ederrekin saltzen dute», dio. «Espetxe agintariek abangoardia egitasmo moduan aurkezten dituzte modulu berriak». Baina modulu hauek presoen gaineko kontrola nabarmen areagotzea dakartela argi du berak. «Kontratua izenpetzen duzun unetik, ziegaren garbitasun maila bera ebaluatzeko moduko aldagaia da...». Kontrol zorrotzaren ondorioak argi ikusten ditu Langraizko abadeak ere. «Errespetu moduluan, esaterako, edozein unetan egin diezazkiekete presoei analitikak drogarik kontsumitu duten ikusteko; konpromisoa hartuta daukate analisi horiek egiteko». Eta hartutako konpromisoak eta horiek nahitaez betetzea dira eredu honen funtzionamenduaren giltza.

Basauriko esperientzia oinarri,Hernandezek ez ditu ukatzen onurak: «Ez dut zalantzan jarriko, hobekuntza dakarte; presoek diote hobeto daudela modulu horietan». Itzalak ere ikusten ditu. «Baloratze sistema etengabea da unitate horietan, eta horrek estresa dakar». Are gehiago: «Lehia ere bai». Eta, zenbaitetan, giro ozpina: «Presoak ere antolaketaren arduradun dira, eta horrek sarri salatari izatera daramatza; taldeka banatuta aritzen dira, eta beste taldeak gaizki zer egin duen esatera derrigortuta ikusten dute beren burua onurak lortzeko». Argi du Hernandezek: «Kartzelako barne kontrolerako sistema bihurtu dira errespetu moduluak». Horrek arduratzen du, batez ere. «Ondo portatzen bazara, errespetu modulura». Errespetu moduluek preso «on» eta «gaiztoen» arteko desberdintasunak areagotzen dituztela dio.

Kartzelako tratamendu batzordeek erabakitzen dute zein preso hautatu errespetu moduluetarako. Horretarako, sarri, «irizpide subjektiboak» erabiltzen direla dio Hernandezek. «Adibidez, aski da funtzionarioekin harreman ona izatea». Eta erabaki klase horiekin, espetxe barruan, presoen arteko desberdintasunak amildegi bihur daitezkeen kezka du. «Izan ere, horretan dudarik ez da, pribilegiatuak dira errespetu moduluetakoak... ». Preso horientzat «birgizarteratzera» bideratutako ahaleginak eta ekimenak indartu egiten dira. «Gobernuz kanpoko erakundeek eta, askoz ere ekintza gehiago egiten dituzte modulu horietan». Horrek, ordea, «tropelaren atzean» uzten ditu espetxeko preso asko. Gero eta atzerago. «Presoen bizi-kalitatea hobetzea dakarte modulu hauek, baina beste moduluetan okertzearen truke sarritan». Ildo horretan, errespetu moduluen ondorioz gordintzen ari den arazo baten gainean ere ohartarazi nahi du Hernandezek; unitate horietan preso kopurua zorrotz errespetatzen da, eta horrek beste moduluetan «masifikazioa» areagotzea dakar. Zinez ondorio larriak izan ditzake horrek, haren aburuz. Basaurin, esate baterako, datu ofizialen arabera, presoen pilaketa %320koa da; sindikatuen arabera, %400ekoa. Eta gainerako kartzeletan ere arazo orokortua da presoen gehiegizko metatzea.

Eredua auzitan

Ereduari buruzko kezkekin bat dator Frances. «Errefortzu negatiboan» oinarritutako hezkuntza mota ikusten du errespetu moduluen oinarrian. «Ez dira elkartasuna, kritika eta ardura sustatzen. Eredu indibidualista eta esanekoa bultzatzen da», salatu zuten Salhaketako kideek orain urtebete, Iruñean eredu berria ezarri berritan. Irmo berresten ditu, hainbat hilabeteren bueltan, hitz haiek. Puntu negatiboen eta positiboen arteko lehiak moduluetako giroa usu gaiztotzen duela dio. «Negatiboan oinarritzen da hezkuntza; ez dira gauza positiboak saritzen». Presoak portaera ezegokietara bultzatzen direla iruditzen zaio: «Elkarren zelatari aritzera, elkarrekin lehian».

Zenbait preso sistema berrian sartzeko desiratzen ikusten ditu Langraizko kartzelako abadeak; beste zenbait, oso uzkur. «Bada jendea sartzeko desiratzen dagoena; pentsatzen dute modu horretan errazago irtengo direla kartzelatik». Ustezko onurak ez ditu ezkutatzen berak. «Zenbait kasutan lagungarri izan daitezke errespetu moduluak». Baina argi du: «Ez dira panazea». Hernandezen arabera ere, ustez dituzten abantailengatik sartzen dira preso asko. «Hirugarren gradua-eta lortzeko, errazagoa da errespetu modulu batean bazaude». Horrek erakartzen ditu. «Zenbaitek, esaterako, kondena amaieran erabakitzen dute sartzea, horrexegatik». Trukean, badakite moduluko arauak zorrotz bete beharko dituztela. «Gehienek lehenago ateratzen laguntzen duen antzerki baten moduan ikusten dute hori guztia... Prest daude antzerkitxo hori egiteko».

Egokitzeko arazoak

Denak ez dira, ordea, eredu berrira ondo moldatzen. «Batzuek ez dute nahi izaten, ez dutelako beren kideen salatari jardun nahi...», dio Hernandezek. Nafarroako Salhaketako kideen kezka iturri nagusia dira, hain justu, sistemara egokitzen ez diren presoak. Kartzelan emakumeentzat modulu bakar bat dagoela eta, Iruñeko andre presoak derrigorrean errespetu moduluan sartu beharrean aurkitu direlako daude arduratuta gai honekin. Eredu berriak hainbat andrazko aski ataka zailean jarri dituela dio Francesek, eta ordezko biderik ez zaiela eman: «Egokitzen ez direnak beste kartzela batzuetara bidaltzen dituzte... Kartzelako iturriek ukatu egiten dute hori; aldaketen atzean beste arrazoi batzuk daudela diote». Baina Salhaketakoen susmoa oso bestelakoa da. Gaiari buruz galdera egin dutenean, espetxeko buruek azaldu diete egokitzeko zailtasunak dituzten emakumeentzat «eredu hibrido bat» lantzea dutela xede, baina sinesgogorrak dira Salhaketako kideak. «Moldatzen ez direnak beste espetxe batzuetara bidaltzen dituzte». Diotenez, dagoeneko hiru andre bidali dituzte Iruñetik kanpo modulu berrira egokitu ez direla eta.

Martuteneko kartzelan (Donostia) orain hilabete batzuk ezarri dituzte bi errespetu modulu. Esperientzia aski berriak dira, eta balorazioa egiteko denborarik ez dutela izan diote bertan lanean diharduten taldeek. Kezkatuta daude, hala ere, espetxe txikia delako, eta egokitzen ez diren presoak, Iruñean jazotako eran, hauturik gabe gera daitezkeelako.

Argi dute solaskideek. Kartzeletako egoera hobetzeko, harago egin behar da. «Errespetu moduluak aurrerapena balira bezala aurkezten dituzte, baina gero ez dakarte jende gutxiago egotea espetxeetan, ez eta hobeto prestatuta ateratzea kalera», dio Hernandezek. Bat dator Langraizko abadea: «Kartzelak azken aukera izan behar luke». Prebentzioan ahalegin handiagoa egitea nahi luke. «Drogaren arazoa, esaterako, latza da; konponduko balitz, kartzelak hustuko lirateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.