Nafarroakoekin gertatu bezala, EAEko aurrekontuen aurka egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. «Beste behin» Eusko Jaurlaritzak euskararen normalizaziora bideratutako dirua ez dela nahikoa salatu du Paul Bilbao idazkari nagusiak. «Areago, atzerapausoak eman dira estrategikoak diren hainbat alor eta sektoretan». Hala, kezka azaldu du euskarazko hedabideetarako dirua 538.199 euro gutxituko dutelako, eta helduen euskalduntzerako beken diru saila osorik desagertu delako.
EAEko aurrekontuen inguruko iritzia emateko agerraldia egin zuten atzo Bilbaok eta erakundeko ildo politiko instituzionalaren arduradun Iñaki Lasak. Bertan gogorarazi zuten Kontseiluak urteak daramatzala esaten, gainerako politikekin gertatu bezala, hizkuntz politika arauz eta inbertsioz garatu behar dela. «Euskararen kasuan, ordea, arauen bidea ez da jorratzen. Adibide garbiena kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntz eskubideak babesteko asmoa zuen dekretuarekin egin dutena izan da».
Baliabide ekonomikoak, aldiz, «urriak eta gaizki inbertitutakoak» direla nabarmendu du Lasak. «Krisiaren aitzakian, gainera, autogintzari edo bankuei dirua ematen diete, eta euskalgintzari, aldiz, murriztu egiten zaio». Bilbaok adierazi du erakundeen jokabideak kontrakoa izan beharko lukeela. «Euskararen normalizazioaren alde inbertitzea elkarbizitzan inbertitzea da. Ez dago inbertsio errentagarriagorik. Are gehiago bizitzen ari garen garai hauetan. Hizkuntz eskubideen urraketa sistematikoa bukatzea herri inbertsio errentagarria da». Horrenbestez, Lasak azaldu du gutxienez aurrekontuen %2 bideratu beharko litzatekeela hizkuntz normalizaziora. «Baina hori ez da betetzen. Gainera, inbertitzen denaren emaitzak, askotan, ez ditugu ikusten. Edo ez dugu horren inguruko baloraziorik egiten».
Hala, kezkaz erreparatu dieteBlanca Urgell Kultura sailburuak eta Lurdes Auzmendi Hizkuntz Politikarako sailburuordeak orain dela aste batzuk aurkeztu zituzten aurrekontuei. Bertan, 3 milioi eta erdi euro gutxiago aurreikusten dituzte hizkuntz politikarako.
Urgellek irailean iragarri zuen murrizketak izango zirela, baina agindu zuen euskaltegiak eta euskararen sustapena izango zirela jaitsiera txikiena izango zutenak. Kontseiluak salatu du, haatik, helduen euskalduntze alfabetatzerako beken diru saila osorik kendu duela Jaurlaritzak. Bilbaok emandako datuen arabera, partida hori 1.500.000 eurokoa zen. «Krisiaren ondorioz langabezian geratu diren askok baliatu nahi dute une hau euskara ikasteko, eta orain bekak kentzea ez da inondik inora gure hizkuntzaren aldeko erabaki bat. Euskaldundu nahi dutenek zailtasun gehiago izango dituzte».
Bilbaok azaldu du hitzarmen bidezko jarduera ere nabarmen jaitsi dela. «Horrek esan nahi du administrazioak helduen euskalduntzera bideratzen dituen langileak gero eta gutxiago direla. Hizkuntz eskubideen urraketaren ikuspegitik oso berri kezkagarria da hori».
Horrekin batera, euskarazko hedabideetarako diru laguntzak jaitsi izana salatu du Bilbaok. Jaurlaritzak 538.199 euro murriztuko du diru sail hori. «Hedabideen sektoreak berezko krisia bizi du, ereduaren aldaketaren ondorioz. Murrizketak eginez, zaildu egiten da haien etorkizuna, eta arriskuan jartzen da informazioa euskaraz jasotzeko dugun eskubidea».
«Gardentasun arazoak»
Aurrekontuetan gardentasuna falta dela iritzi dio Bilbaok. Hala, azaldu du sail batzuetan ez dela zehazten zenbat bideratuko den euskalduntzera. «Euskalduntzea esparru guztietan eman behar da, eta horregatik, sail guztietan agertu beharko litzateke zehaztapen hori. Ertzaintzaren eta Osakidetzaren aurrekontuetan ez da hala gertatzen, eta kontuan izan behar da hizkuntz urraketengatik kexa gehien jasotzen duten erakundeen artean daudela».
Justizia euskalduntzeko dirua murriztu izana ere kritikatu du Bilbaok. «Justiziaren eremuan ere hizkuntza eskubideen urraketak larriak gertatzen ari dira. Hor, gainera, babes eraginkorrerako zein defentsarako eskubideak daude jokoan». Doitzeen ondorioak jada aurten antzeman direla nabarmendu du. «Goizetik gauera, kendu egin dituzte hainbat euskara trebatzaile, eta 2012rako jaurlaritzak ez du aurreikusten beste euskara trebatzaile batzuk jartzea».
Egoera ikusi, eta aurrekontuak «sakon» aztertu ostean, Kontseiluak zuzenketa sorta bat prestatu du. Dagoeneko alderdi politikoei igorri dizkiete. «Uste dugu zentzuzko proposamenak direla, eta espero dugu kontuan hartzea». Hala, oraingoz, tramitazioaren zain egongo dira. «Ikusiko dugu zertan geratzen diren aurrekontuak. Gure zuzenketak kontuan hartuko ez balira, aztertuko genuke zer egin. Kontseiluaren zuzendaritza organoari dagokio hori».
Helduak euskalduntzeko bekak kentzea egotzi dio Kontseiluak Jaurlaritzari
EAEko aurrekontuei zuzenketak egin dizkie Kontseiluak, hizkuntz politikarako dirua urria dela eta oker inbertitua dagoela iritzitaEuskarazko hedabideetarako laguntza 538.199 euro gutxitu nahi du Urgellek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu