«Hemen bizi diren heldu guztiek jakin beharko lukete euskaraz»

edurne elizondo
2004ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Datorren martxoaren 20a bitarte atseden hartzeko denbora gutxi izanen du Edurne Brouardek. Korrika 14ren arduraduna da bera, eta, ondorioz, hamaika kontu izan ditu azken hilabeteotan esku artean, eta beste hainbeste izanen ditu datozenetan ere. 2005eko Korrikari buruz mintzatu zaigu, helburuei eta erronkei buruz.

Euskara norberak zaindu behar duen altxorra da, baina erran duzuenez, jendea ez da ohartzen horretaz. Zergatik?

Ez da erraza. Euskara guztiona eta guztiontzat dela argi dugu denok, baina jende askorentzat lelo hutsa da esaldi hori. Eta beste batzuek euskararen kontra egiteko erabiltzen dute. Sentimendu horri buelta eman nahi diogu guk. Euskara zaintzeko eta defendatzeko ahalegina egin behar dugula azpimarratzeko, eta ahalegin hori guztiok egin behar dugula argi uzteko.

Herritar ororen konpromisoa nabarmendu nahi duzue, beraz?

Bai. Mundu guztiari eskatu nahi diogu konpromisoa. Uste dugu badagoela jende asko gehiago egin dezakeena. Eta ez bakarrik herritarrek. Erakundeek ere hartu behar dute dagokien konpromisoa.

Bereziki aipatu duzue oraingo honetan euskaraz ez dakitenen konpromisoa.

Bai. Haiena ere bai. Euskal Herrian bizi diren heldu guztiek jakin beharko lukete euskaraz, bertakoek eta bertako ez direnek ere bai. Finean, euskararen transmisioa bermatu nahi badugu oso garrantzitsua da helduak euskalduntzea. Horregatik egin diegu dei berezia haiei, euskaraz ez dakitenei. Nola hemen jaio direnei, hala kanpotik datozenei. Badakigu ahalegin bat eskatzen duela, baina laguntzeko prest gaude.

Laguntza hori eskaini ahal izateko zuen baldintzak ez dira beti onenak izaten. Nafarroan 2005eko aurrekontuetan egon den murrizketa aipatu duzue aurkezpenean. Kolokan jartzen du murrizketa horrek euskaltegien lana?

Ohituta gaude baldintza zailetan lan egiten. Horregatik eskatzen dugu erakundeen konpromisoa. Ez dira duten eginkizuna betetzen ari. Nafarroako kasua mingarria da. Baina ez da bakarra. Iparraldean aspalditik da oso zaila egoera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, legez euskara babestuta egon arren, errealitatean zailtasun askori egin behar diogu aurre gure lana egin ahal izateko.

Zailtasunak zailtasun, Korrika berriro antolatu duzue. Nolakoa izan da lan prozesua orain arte?

Lan handia eskatzen du Korrikak. Aspaldi erabaki genuen lasterketa bi urtean behin egin arren, ekitaldi bat amaitu bezain pronto hasiko ginela hurrengoa prestatzen. 2004-2005 ikasturte honetan AEK-ko jende gehiena horretan ari gara, Korrikari begira. Jende asko behar baita, prentsa bulegorako, Korrika Kulturala antolatzeko, materialaren salmenta antolatzeko... Laster lan hori guztia batzordeen bidez antolatuko dugu, tokian tokiko jendearekin. Lan neketsua da, baina oso atsegina, aldi berean, berehala ikusten duzulako egindako lan horren emaitza, egindako lan horren fruitua.

Zenbat kilometro izanen ditu aurtengo ibilbideak?

Iazkoa ibilbidearen antzeko luzera izanen du aurtengoak ere, 2.150 kilometro inguru, hain justu.

Orreagan hasi, eta Bilbon amaituko da...

Bai. Euskaldun berriei dei berezia egin diegu, baina, aldi berean, argi dugu sustraiak zaintzea funtsezkoa dela. Eta horregatik aukeratu dugu Orreaga. Orreaga euskararen gotorleku bat da. Berezko duen euskarari eutsi dio inguru horrek. Hori nabarmendu nahi izan dugu.

Orreaga euskararen gotorleku; eta Bilbo?

Bilbo euskaldun guztion elkargunea da. Euskaldun berri askoren bizilekua ere bada. Hiri modernoa da Bilbo, eta hiri horretan euskaraz bizitzea posible dela argi gelditu da. Horregatik hautatu dugu Bilbo Korrika 14ren ibilbidea hiri horretan amaitzeko.

Lasterketaren inguruan egiten dira hamaika ekitaldi osagarri. Korrika Kulturala, eta lasterketaren promozioa egiteko kanta, esate baterako. Aurkezpenean ez duzue ezer esan horien inguruan. Deus aurreratzerik bai?

2005eko Korrikak bere kanta izanen du, aurrekoek bezala. Hurrengo astean aurkeztuko dugu, hilaren 26an, baina oraingoz ezin dugu horri buruz beste ezer ere gehiago esan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.