«Hemen ikusten dugu gutxietsi egiten dela turismoaren efektu psikologikoa, soziala eta kulturala»

Donostiako turismo ereduari buruzko jardunaldiak egin ditu EH Bilduk. Herritarren iritziak eta sentimenduak aintzat hartu behar direla nabarmendu dute Aurkene Alzuak, Nekane Altzelaik eta Xavi Minguezek.

Minguez, Altzelai, Alzua eta Ormazabal, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Minguez, Altzelai, Alzua eta Ormazabal, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko maiatzaren 14a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Posible al da turismo jasangarria? Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotzi eta mahai inguruaren moderatzaileak egin zien galdera hizlariei. Aurkene Alzuak, hasieran, errotik moztu zituen turismoa jasangarria izateko aukerak, Australiako Gianna Moscardo eta Laurie Murphy adituen esan bat baliatuz: «Ez dago jasangarria izan daitekeen turismorik».

Gero, ordea, ñabardura bat egin zuen: «Turismo jasangarria ez da automatikoki existitzen. Turismo jasangarria eraiki egiten da, politikoki, sozialki, ekonomikoki... bideragarri egin behar da». Xavi Minguezek argi eta garbi esan zuen: «Turismo jasangarria garatzeko, turismoari buruzko erabakiak demokratizatu egin behar dira».

Nekane Altzelaik bat egin zuen Alzuarekin, baina uste du turismo eredua jasangarriagoa izan daitekeela. «Turismo eredua aldatzea eskatzen du horrek», haren iritziz. «Gaur egungoa epe laburrekoa da, eta lekuen merkantilizazioa bultzatzen du».

Donostiako EH Bilduk hiriko turismoari buruz antolatutako jardunaldietan parte hartu zuten hirurek, atzo: Aurkene Alzua irakaslea eta ikertzailea da Deustuko Unibertsitatean eta Antonio Nebrijakoa Unibertsitatean (Espainia); Xavi Minguez EHUko Gizarte Psikologia Saileko irakaslea da; eta Nekane Altzelai turismo irakaslea Manteo Zubiri BHIn.

Turistak hartzeko ahalmena

Turismoaren eragina eta leku batek jasan dezakeen turismoa neurtzeko kontzeptuetako bat da turistak hartzeko ahalmena. Baina nola neur daiteke hainbeste inplikazio objektibo eta subjektibo dituen jarduera bat?

Alzuaren esanetan, faktore asko daude, eta horrek nabarmen zailtzen du toki batek zenbat turista har ditzakeen neurtzea. Azaldu zuen ez dagoela formula matematikorik turistak hartzeko ahalmena neurtzeko, eta ez duela estandarrik: «Kontsentsu bat izan behar du. Muga bat».

Adostasun hori lortzeko, kontzeptua «tresna demokratiko» gisa erabiltzea proposatu zuen, herritarrei parte hartzeko aukera emateko: «Parte hartzea ez da informazioa banatzea. Ulertzen dugu zein den herritarren emozioen garrantzia».

«Turismo jasangarria eraiki egiten da, politikoki, sozialki, ekonomikoki... bideragarri egin behar da»

AURKENE ALZUAIrakaslea eta ikertzailea Deustuko eta Antonio Nebrijakoa unibertsitateetan

Izan ere, turismoari lotutako faktore fisikoak neurtzea erraza bada ere —leku batek har dezakeen jende kopurua, esaterako—, beste batzuk baztertu egiten direla uste du: «Halakoetan, gutxi hitz egiten da lekuko izaeraz eta identitateaz. Leku hori espazio sinbolikoa ere bada: sentimenduak, irudipenak, bizimoduak, hizkuntzak, gizarte egiturak, ohiturak... Pertsonak daude. Askotan gauza fisikoak neurtzen ditugu, baina gizartearen arima hori, izaera hori ez dugu neurtzen. Hemen ikusten dugu gutxietsi egiten dela turismoaren efektu psikologikoa, soziala eta kulturala».

Turismoak identitate kolektiboan eragina duela nabarmendu zuen Xavi Minguezek. «Identitate kolektiboa talde baten parte garela sentitzea da, gu zer garen esatea, batez ere», azaldu zuen. «Turismoaren ondorioz, aldatu egiten da hori».

Turismoak eragiten dituen aldaketa batzuk zehaztu zituen: «Aldaketa sozialek aldaketa psikosozialak eragiten dituzte. Espazio sinbolikoak aldatu egiten dira, eta herritarrek lekuekiko duten atxikimendua ere aldatu egiten da». Herritarrek gehiegizko turismoaren ondorioz izan dezaketen sentsazioetako bat aipatu zuen, haien hiria edo lekua «lapurtu» egin dietela, alegia.

Gehiegizko turismoa

Minguezek ikuspegi psikosozialetik aztertu zuen turistak hartzeko ahalmena. Gizarte psikologian, masifikatutako turismoak eragiten dituen ondorioak jasateko gaitasuna da turistak hartzeko ahalmena. EHUko Gune Irekiak ikerketa taldeak turismoari buruz duten iritzia galdetu zien donostiarrei, eta iaz kaleratu zituen emaitzak. Minguezek ikerketan parte hartu zuen, eta esaldi bakarrean laburtu zuen: «Alderdi psikosozialetan Donostian guztiz gaindituta dago turistak hartzeko ahalmena, eta hori gertatzen denean, overtourism-a dago, gehiegizko turismoa. Zer neurritan dago zama turistikoa? Jendeak hori sentitzen duen neurrian».

Zama edo gehiegizko turismoa dagoela erakusten duten datu batzuk zerrendatu zituen, haien ikerketan azaleratutakoak: %80k uste dute turisten kopurua gehiegizkoa dela, %75ek turismoak ez duela hazi behar, %85 kezkatuta edo oso kezkatuta daude, %80k uste dute turismoak sortzen dituen arazoak oso garrantzitsuak direla, %82k erantzun zuten turismoak bertakoen lekualdatzea eragiten duela... Azkeneko datuari buruz ohar bat egin zuen: «Lekualdatze fisikoa bakarrik ez da, lekualdatze sinbolikoa ere badago».

«Alderdi psikosozialetan, Donostian guztiz gaindituta dago turistak hartzeko ahalmena»

XAVI MINGUEZEHUko Gizarte Psikologia Saileko irakaslea

Egoera horren aurrean, desazkunde turistikoa proposatu zuen. Ez zuen zehaztu nola. Alzuak zalantzak ditu: «Desazkundea, nola? Nola egiten duzu 'zu bai, zu ez...'? Nola ixten duzu atea?».

Altzelaik, zenbait datutan oinarrituta, uste du Donostian turismoa «egonkortze edo heldutasun» prozesuan dagoela, eta masifikazioa gero eta handiagoa dela. Gipuzkoako turismoa bertan biltzen da: probintziara iristen diren turisten %61 joaten dira Donostiara; duela urte batzuk %51 ziren.

Altzelaik Gipuzkoako Turismo Mahaian parte hartzen du. Epe laburreko politikak eta «inprobisazioak» baztertu behar direla uste du, alboratu egin behar dela azken urteetako oinarria: «Zenbat eta turista gehiago, orduan eta hobeto».

Enpresa gehienak, kanpokoak

Turismoari industria deitzen badiote ere industria gisa tratatzen ez dutela egotzi zien erakundeei, ekonomiarako garrantzitsua izan arren ez diotela beharrezko arreta ematen.

Alzuak horren bi adibide eman zituen: bata, gero eta establezimendu gehiago daudela, baina egoitza fiskala bertan dutenak gero eta gutxiago direla; bestea, bidaien banaketa arloan, bidaia agentzietan, galera izan dela, «galdu ditugu bertako gehienak».

«Gaur egungo turismo eredua epe laburrekoa da, eta lekuen merkantilizazioa bultzatzen du»

NEKANE ALTZELAIDonostiako Manteo Zubiri BHIko turismo irakaslea

Altzelaik gehitu zuen turismoan intrusismo «izugarria» dagoela eta ez dela ikasketarik behar bertan aritzeko: «Deustuko unibertsitateak kendu egin du turismo gradua, eta gu matrikulak ezin osatuta gabiltza. Badago haustura bat industriaren eta sektorearen artean».

Bukaeran, Parte Zaharreko bizilagun batek salatu zuen turistei hiriari buruzko azalpenak ematen dizkieten gidari turistikoek «sekulako astakeriak» esaten dizkietela turistei, «sinesgaitza» dela. «Beti pentsatu dut euskararen eta euskal kulturaren inguruan mugitzen garenok zerbait egin beharko genukeela». Altzelaik erantzun zion EAEn gidarien egoera arautu gabe dagoela, eta horren ondorioa dela, besteak beste, herritar horrek salatutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.