TESTIGANTZA. Ibrahim

«Hemen zaindu egiten nautela sentitu dut»

arantxa iraola
Donostia
2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Babesa edukitzearen eta babesik ezaren arteko bide irristakorrean egin ditu azken hilabeteok Ibrahimek. Tangerren (Maroko) sortu zen, eta 20 urte ditu orain; Donostian bizi da emantzipaziorako bidean dauden gazteentzako bizitoki batean. Gazte-gazte etxea utzi eta Europarako bidea hartzen duten Afrikako gazte horien adibide bat da, eta bazekien, gainera, gaztetasun horretan zuela abaro seguru bat lortzeko bide bakarra: adingabea izate horretan. «Etorri nintzenean, 16 urte nituela esan nuen». Adingabeak ezin dira bota, babesa eman behar zaie: horrixe heldu nahi izan zion.

Kontatzen duen moduagatik, obsesio antzeko bat da Marokoko gazte askorentzat Europan sartzea. «Igotzea». Berak, esaterako, hilabete ugari egin zituen Tangerreko portura bueltaka; aukera bat noiz sortuko. Tematuta. «Gurasoen borondatearen aurka etorri nintzen». Polizia erne ibiltzen da, eta ahalegin antzu ugari egin zituela. «Ehun baino gehiago izango ziren». Ibilgailuen azpian sartu, eta hantxe egin izan ohi dute etorkin gazteek kontinenterako bidea.

Iaz lortu zuen berak ametsa, ordurako adin nagusiko. Madrilen egin zuen egonaldi labur bat, baina berehala hartu zuen Euskal Herrirako bidea. Adingabe gisara aurkeztu zen; adingabeen babeserako sisteman sartuta, bertan ibilbide bat hasteko bidea izan zezakeela bazekien. «Hemen zaindu egiten nautela sentitu dut». Ez da bide samurra izan, ordea. Donostian adingabeak hartzeko larrialdiko egoitzan egin zituen lehen egunak, Uban; Poliziak jakinarazi zion, ordea, mediku azterketa bat egin behar ziotela zer adin zuen ebazteko. Artega egon zen emaitzen zain. Eta gogoan du paper hartan zer ipini zuten: «15-18 urte artean nituela». Horri atxikita, babes sisteman sartzeko bidea izan zuen. Adingabeentzako bizitoki batera eraman zuten, Arrasatera(Gipuzkoa), eta han lortu zuen egonkortzen hastea. Kezkaren itzala ez zen ezkutatu, ordea. «Hango hezitzaileek ere berehala galdetu zidaten zenbat urte nituen». Eta Polizia agertu zen berriro tartean: beste proba bat egiteko. «Emaitzak erakutsi zuen adin nagusikoa nintzela. Kanporatzeko agindu bat emango zidatela esan zidaten». Hezitzaileek, ordea, egiaren jakitun, laguntza eman zioten; ordurako ikasten hasia zen —sukaldaritza ikaslea da—, paperak konpontzeko bidea hasi zuten, eta zegokion tokira bideratu zuten, adin nagusikoentzat atondutako bizitoki batera: «Emantzipatzeko. Beste bost kide marokoarrekin nago». Han ongi moldatzeko bidea zein den argi du: Zintzo portatu behar da. Burua hotz izan behar da». Gazteago heltzen diren askoren arazoa, hain justu, hori dela argi du: umeegiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.