Hemezortzi urteko zigor eskaera, bi laguni aurpegia erretzeaz akusatuei

Gaur bukatu da epaiketa, Gasteizen. Auzitegi medikuek esan dute erasoa jasandakoek hiltzeko arriskua izan zutela.

(ID_13605432) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2023-10-05, Iruñea. Amiantoaren aurkako elkarretaratzea justizia auzitegian
Justizia auzitegia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko otsailaren 14a
18:15
Entzun

Fiskaltzak berretsi egin du hemezortzi urteko kartzela zigor eskaera Gasteizen epaitzen ari diren bi gizonentzat. Akusatuek aurpegia erre zieten beste bi gizoni —57 eta 60 urtekoak—, esprai bidezko pintura eta pizgailu bat baliatuz, Gasteizen, 2019ko urriaren 16an. Gaur amaitu da epaiketa Arabako Auzitegian, eta epaiaren zain geratu dira. 

Bi akusatuek bi eraso egin zituzten, biak jarraian, ordu erdiko tarte batean. Esprai bidezko pinturaren aurrean pizgailua piztu zuten, eta gar jaurtigailu bihurtu. Aurpegia erre zieten bi laguni. Biek zauri larriak izan zituzten aurpegian eta glotisean.

Auzitegi medikuek deklaratu dute gaur. Azaldu dutenez, erreduren ondorioz edema garrantzitsuak izan zituzten glotisean, eta, osasun zerbitzuen laguntzarik jaso izan ez balute —hodi bat sartu zieten arnasketa mekanikoa jartzeko—, hiltzeko arriskua izango lukete. Fiskaltzak, epaiketaren aurretik, hemezortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatu bakoitzarentzat, giza hilketa saiakeragatik, eta nagusitasuna larrigarritzat hartzeko ere eskatu zuen, akusatuak erasoa jasan zutenak baino askoz ere gazteagoak baitira. Auzitegi medikuek deklaratu eta gero, eutsi egin dio zigor eskaerari. Fiskaltzak nabarmendu du epaiketan agerian geratu dela akusatuek erasoak egin zituztela: lehenengoa udaltzain batzuek ikusi zuten; bigarrena bideo batean grabatu zuen lekuko batek. 

«Txantxetan»

Akusatuek atzo esan zuten erasoaren egunean «txantxetan» ari zirela, eta txantxa «ez zela izango hainbesterako». «Hura ez zen txantxa bat», erantzun die fiskalak gaur. Erasoen ondoren «lasa-lasai» joan zirela nabarmendu du. 

Defentsek argudiatu dute batak alkoholaren mendekotasuna duela, desgaitasun intelektuala duela eta gaur egun zentro psikiatriko batean dagoela; besteak, berriz, alkohola erruz kontsumitzen duela eta osasun mentaleko zentroetan egon dela. «Ez ditugu zalantzan jartzen haien gaixotasunak», esan du fiskalak. «Baina poliziek esan ziguten erasoak egin zituztenean ez zeudela burutik joanda. Irudiek erakusten dute bazekitela zer egiten ari ziren, eta normal-normal ibili ziren, duda-mudarik gabe». 

Akusatuetako baten defentsak onartu du ekintzek ondorioren bat izan behar dutela, «larriak direlako», baina ez zutela hiltzeko asmorik izan, eta gertaerak lesio gisa hartzeko eskatu du. Besteak errugabe izendatzeko eskatu du, ez zirelako hiltzen saiatu, «ez duelako zentzurik egun-argiz eta udaltzain batzuen aurrean norbait hiltzen saiatzeak» eta damutu egin direlako. Akusatuek, hitza hartu dutenean, barkamena eskatu diete biktimei eta haien senideei. Esan dute ez zutela lesiorik eragin nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.