Azpiegiturak

Hendaiako auzapeza Hondarribiko aireportua luzeatzearen aurka dago, "kalte handia" eragingo duelako

Battitt Salaberrik jakinarazi du "ahalegin denak" egingo dituela proiektua ez gauzatzeko. Hondarribiko Udala ere egitasmoaren kontra azaldu da. Irungo alkatea, alde. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak lortua dute pista berrehun metro zabaltzeko akordioa.

2009ko uztailaren 21a
14:30
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuko pista berrehun metro luzatzeko akordioa lortua dute, baina inguruko hiru udalen gehiengoa ez dute alde. Gaur Battitt Salaberri Hendaiako (Lapurdi) auzapeza agertu da aurka, aireportua luzatzeak "kalte handia" eragingo duela uste baitu, eta "ahalegin denak" egingo ditu proiektua gauzatu ez dadin.

Gainera, Salaberrik ez du uste segurtasuna behar bezala bermatuta egongo denik aurrerantzean. Iaztik da Hendaiako auzapeza hura, PSFri boterea kenduta; eskuinekoak, ezkerrekoak, ekologistak, zentristak eta abertzaleak bildu zituen zerrendan.

50 metro itsas aldera luzatu nahi dituzte Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, 150 metro barrualdera -kalte handiak jasango lituzke Mendelu Hondarribiko auzoak-.

Aitor Kerejeta (EAJ) Hondarribiko alkateak lehengo astean adierazi zuen Udala egitasmoaren aurka dela. PSE-EEk salbu, talde guztiek salatu zuten "Udalarekiko leialtasun instituzional gabezia eta errespetu urria". EAJ, Alkarbide, PP, EB eta EAE-ANVk adierazpena izenpetu zuten, aireportuaren zabaltzearen aurka daudela berresteko. Kerejetak gogorarazi zuen 2007an aurkako jarrera hartu zuela Udalak.

Irun (Gipuzkoa) da pareko beste herria, eta horko alkatea da aireportuko pista luzatzearen alde agertu den bakarra: Jose Antonio Santano (PSE-EE). Anaka auzoan mila etxebizitza eraikitzeko plana aurrera ateratzeko balio izanen du, haren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.