Eskubide zibil eta politikoen aldeko beste ekimen baten berri eman zuen atzo Hendaian euroaginduaren aurkako kolektiboak. Bertan, bi asteko gose greba bati ekingo diotela iragarri zuten Iker Elizalde, Xabi Irigoien eta Irati Tobarrek. Elizalde, Irigoien bezala, Hendaian oposizioan den hautetsi abertzale bat da. Gogoratzekoa da lehenak Izpuran eginiko itxialdiaren ondoren Tobar Segiko militante gazteari etxean babesa eman ziola. Elizaldek azpimarratu du neurri honekin «euroagindu eskaera guzien bertan behera uztea» galdegiten dutela. Bi astez, beraz, Joncaux guneko auto-portuan eginen duten ekimenera hautetsiak, eragileak zein herritarrak gonbidatu dituzte. Baita gauero eginen diren elkarretaratzeetara ere.
Anais Funosasek, kolektiboaren izenean, «gogor» salatu du joan den astean egin diren atxiloketak. «Joan den astean izan den bortizkeria onartezina da». Azpimarratu du, gainera, euroaginduak torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen direla gehienak. Bizkaian atxilotutako laurek asteburu honetan egin dituzten tortura salaketa «lazgarriak» izan dituzte gogoan, Segiko militanteen ihesaren arrazoiak agerian utziz.
Segiko kideen izenean
Tobarrek, Segiko kideen izenean, «eskerrak» eman dizkie etxeetan hartu dituzten hautetsiei, baita «modu batera edo bestera» babesa eman dietenei ere. «Lanean jarraitzeko engaiamenduz, atxilotzeari, torturatzeari eta espetxeratzeari uzteko exijitzen diegu estatuei hemendik», gehitu du. Bukatzeko, gogoan izan dituzte gaur Paueko epaitegitik pasatuko diren lehen hiru atxilotuak: Aitziber Plazaola, Bergoi Madernaz eta Beñat Lizeaga.
Hendaiako bi hautetsik eta Irati Tobarrek bi asteko gose greba bati ekingo diote
Iker Elizalde eta Xabi Irigoien Hendaiako hautetsi abertzaleek egingo dute bi asteko gose greba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu