Basorda baserria itsasoari begira zegoen, Lemoizen. Lasai asko. Lurrak eta itsasoak bat egiten duten eremuan, kostaldearen bukaeran, infinitura begira. Etxe hartatik hartu zuen izena hango kalak ere. Talaia paregabe hartatik atera zuten Basorda baserriko familia, ordea. 1972. urtea zen. Makinak sartu zituzten, lur eremu handiak aterata 200.000 metro kubiko porlanentzako lekua egin behar zuten eta. Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanak hasi zituzten. Urteetan protestak izan ziren. Baita hildakoak ere. ETAk eta Guardia Zibilak hildakoak. 55.000 metro koadro hartu zituen zentralaren eraikinak. Baina inoiz ez zuten jarri martxan. Han jarraitzen du. Irmo. Baliorik gabe. Utzita. Erabat abandonatuta. EAJk eta PPk Espainiako aurrekontuak onartzeko lortutako akordioaren ostean, Madrilek euskal instituzioen esku utziko ditu zentralaren lurrak eta eraikina.
Han zer egin aztertzeko batzordea eratu dute Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Lemoizko Udalak. Lurrak lehenbailehen eskuratzeko prozesua koordinatu eta haren jarraipena egin behar du batzorde horrek. Asmo argirik ez dute plazaratu oraingoz. Hainbat proposamen egon dira urteetan, baina batek ere ez du aurrera egin. Orain, aldundiaren ustez, garrantzitsuena da lurrak ematea ahalik eta azkarrena bermatzea.
Bada pentsatzen duenik, ordea, balitekeela EAJk dagoeneko asmo zehatzen bat izatea. EH Bilduk zentralaren etorkizunari buruzko mozio bat eztabaidatu gura zuen atzo Lemoizko Udalean egin zuten osoko bilkuran. Joan den asteko asteartean sartu zuten erregistroan. Baina ez dute sartu eguneko gai zerrendan. “Alkateak dauka eguneko gai zerrenda erabakitzeko eskumena. Mozio hau eztabaidatzerik nahi ez dutelakoan nago”. Hala mintzatu da Gabriela Frances Zubillaga EH Bilduko zinegotzia.
Irakurri erreportajea osorikBizkaiko Hitza-n.