Nafarroan pixka bat hobera egin du euskararen egoerak, nahiz eta nafarren heren bat euskara sustatzearen aurka egon. Dena dela, alde handiak daude eremuen artean.
Hizkuntza gaitasuna: Elebidunen kopuruak gora egin du Nafarroako hiru eremuetan, nahiz eta biztanleriaren banaketaren eraginagatik, hori ez den ikusten portzentaietan. Hamabost urte baino gehiago dituzten nafarren %10,3 elebiduna da (48.000 lagun) eta %6,6 (31.000 lagun) elebidun hartzailea, euskaraz ulertu eta irakurtzeko gai dira. Erdaldun elebakarrak gehiengoa dira (%83,1), nahiz eta hamar urtean ia %3 jaitsi den elebakarren portzentaia.
Transmisioa: Familia bidezko transmisioan aldaketa handirik ez da egon azken urteetan. Hala, lehen hizkuntza gaztelania daukatenak %88,1 dira Nafarroan eta %7,7 euskara daukatenak. Bilakaerari dagokionez, galera handiak izan dira, euskara osorik edo nabarmen galdu dutenak 20.000 lagun inguru direlako. Ikasi dutenak, berriz, 12.900 lagun dira (%3,1). Bestalde, gurasoetako batek euskara ez dakienean, gaztelania bakarrik irakasten diete umeei bikoteen %60ek.
Erabilera: Orain hamar urte baino euskara gehiago hitz egiten da Nafarroan, nahiz eta igoera txikia izan. Euskaldun zaharrek lehengo beste egiten dute euskaraz; beraz, euskaldun berri gazteen ekarpenak eragin du euskararen erabilerak gora egitea. Horregatik dira euskal hiztunen %45 gaztelaniaz euskaraz baino erosoago mintzatzen direnak. Bestalde, euskaraz eta gaztelaniz jarduteko arazorik ez dutenak 25.100 dira, orain hamar urte baino 1.000 gehiago.
Jarrerak: Euskara sustatzeko politiken kontrako jarrera daukatenak aldekoak baino gehiago dira Nafarroan. Aurka edo oso aurka daudenak %37 dira, eta alde daudenak %29. Gainontzekoak, ez alde eta ez aurka daude. Adinaren arabera, ez dago alde handirik, baina bai eremuen arabera. Eremu euskaldunean aldekoak %70 dira; eremu mistoan parean daude aldekoak eta aurkakoak; eremu ez euskaldunean, berriz, biztanleen %55 euskara sustatzearen aurka dago.
EUSKARA. III. SOZIOLINGUISTIKAKO INKESTA. NAFARROA
Herenak, euskara sustatzearen aurka
Orain hamar urte baino euskara gehiago egiten da Nafarroan, nahiz eta herritarren %37 bultzatzeko neurrien aurka egon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu