Heroiak ez, piratak

Aspanogi elkarteak 25 urte daramatza minbizidun haurrei eta beren familiei laguntzen. Prozesu horretako behar guztiei erantzuten ahalegintzen dira: gurasoenak, umeenak nahiz gainerako familiarenak.

Minbizidun ume baten familia
Jorge Ortega, Isabel Diez eta Lujan Ortega, beren etxeko egongelan. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ikasturte osoa galduko dut». Hori izan zen Lujan Ortegari bururatu zitzaiona leuzemia zuela erran ziotenean. Ez tratamendu luzea, ez botikak, ezta ospitalera egin beharreko bidaiak ere: ikasketak. Burutazio horrek agerian uzten du 12 urteko neskatoa arduratsua dela baina ez duela xalotasunik galdu. Iazko uztailaren 29an ospitaleratu zuten lehenbiziko aldiz, aitatxi-amatxiekin oporretan zegoela, Santanderren (Espainia). Gurasoak lanean zeuden, baina hara joateko eskatu zietela gogoratu du Jorge Ortegak, aitak: «Ospitalera iritsi ginenean, ez gintuzten agurtu ere egin; esan ziguten lehenengo gauza izan zen eritasun larri bat zuela».

Albiste hark harri eta zur utzi zituela dio Isabel Diez amak: «Hasieran, ospitale hartan bertan geratzea planteatu genuen, baina azkenean Donostia ospitalera joan ginen, umeak ez zezan harremana galdu bere inguruarekin». Han, Aspanogik egin zien harrera, Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteak. Horien babesa «ezinbestekoa» dela dio Ortegak.

«Ospitalera iritsi ginenean, ez gintuzten agurtu ere egin; esan ziguten lehenengo gauza izan zen eritasun larri bat zuela».

 JORGE LUJANMinbizidun ume baten aita

Ados dago Arantzazu Miner Goikoetxea; alabari leuzemia diagnostikatu zioten iazko udaberrian, eta elkarteak «asko» lagundu die prozesu horretan. Alabari ez zioten diagnostikoa berehala eman: lepoan koskor bat zuen, eta, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) pediatraren kontsultan zazpi aldiz egon eta gero, ospitalera igorri zituzten. Probak egiteko, lau egunez ospitaleratu behar zuten, baina, tarte horretan dantza emankizun bat zuenez, hara joateko baimena eman zioten.

Biharamunean ospitaleratu, analitikak egin, eta ordubetera diagnostikoa eman zioten: leuzemia zuen. «Mundua gainera erori zitzaidan: azaldu genion odolean zelula txar batzuk zituela, leuzemia. Ez genion egia osoa kontatu», esan du Minerrek, begiak dir-dirka dituela. Izan ere, hasieran gazteak ez zituen leuzemia eta minbizia lotzen.

Minbizidun ume baten ama
Arantzazu Miner Goikoetxea, minbizidun ume baten ama. ANDONI CANELLADA / FOKU

Minbizia duten ume horiei piratak deitzen diete. Izan ere, pertsonaia horiek bezala, gorabeherak dituzte, eta ez dira beti indartsu eta ongi egoten ahal. Ildo horretan, Nekane Lekuona Aspanogi elkarteko gizarte langileak azaldu du minbizidun ume horiek heroiak direla erratea «karga bat» dela: «Piratek bezala, momentu on eta txarrak dituzte: itsasoan olatu handiak baldin badaude, umea edo nerabea haserre, triste edo nazkatuta egongo da; eta itsasoa bare-bare dagoenean, umea ere hala egongo da». Ados dago Maria Mateo elkarteko administraria ere: «Umeak dira, eta bi behar mota dituzte momentu horretan: gaixotasunari lotutakoak eta ume izate hutsagatik dituztenak. Biak asetzen direla ziurtatu behar da».

Marea bezala

Marearen indarrak piraten aldartea aldatzen duen moduan, tratamenduak baldintzatuko du haur horiena. Izan ere, prozesu luzea izan ohi da, bi urte ingurukoa. Minerren alaba hemeretzigarren hilabetean dago: «Orain dena oso ondo doa, baina prozesu guztia pasatzea oso gogorra da». Lehenbiziko hilabetean, adibidez, 26 egun egon ziren ospitalean. Lujani, berriz, ia urtebete falta zaio tratamendua amaitzeko. Hilabete batez ospitalean egon eta gero, ia ordubeteko bidaia egiten zuten Eibartik (Gipuzkoa) Donostiara, kimioterapia hartzeko. Bidaiek umea «leher eginda» uzten zuten, eta, gainera, beren poltsikotik ordaindu behar zituztela dio Ortegak. 

Familia horiek gastu anitz dituzte, eta Aspanogi horiek leuntzen saiatzen da: aparkatzeko leku bat dute ospitalean, gurasoei bazkari nahiz afari txartelak ematen dizkiete, eta ospitale parean etxebizitza bat dute, han gelditu nahi duten gurasoendako. Hala ere, Lekuonaren ustez, «laguntza publiko gehiago» behar dira. Izan ere, arreta psikologikoa eta tramite administratiboak egiteko laguntza elkarteak berak ordaintzen duen zerbitzu bat da, ez ditu administrazio publikoak kudeatzen. Minerrek eta Ortegak, adibidez, ez dute lanik egiten umea zaindu bitartean, baina laguntza berezi bat jasotzen dute: elkarteak esan zien hura nola eskuratu.

Unai Olasagasi, Nekane Lekuona eta Maria Mateo, Aspanogi elkarteko kideak. BERRIA
Unai Olasagasti, Nekane Lekuona eta Maria Mateo, Aspanogi elkarteko kideak. BERRIA

Tratamenduak iraun bitartean, ezustekoak gertatu ohi dira. Ortegak bat du buruan: kanpoan zeuden, eta bat-batean esku batek lo hartu zion alabari; gero, estropezu egin zuen, eta azkenean ez zen gai ondo hitz egiteko. «Itxura txarra» zuenez, autoa hartu eta Donostiara joan ziren. 

Lujanek eta Diezek edozein anekdota balitz bezala kontatu dute, baina Ortegaren hitzetan amorrua sumatzen da: «Mediku bat bestearen atzetik zetorren, baina inork ez zigun ezer esaten. 22:00etan onkologoari deitzeko eskatu nien, eta hark esan zigun kimioterapiaren toxikotasuna zela, lasai egoteko. Biharamunean froga batzuk egin eta gero, iktus bat izan zela esan ziguten».

Atzean ez gelditzeko

Tratamenduak tarteko, ume horien bizitzak aurrera jarraitu behar du. Ikasketetan dagokienean, etxez etxeko eskola zerbitzu bat eskatu dezakete. Horri esker, Lujanek ikasturtea etxetik egin ahal izan zuen. «Ikasgelatik deitu egiten ziguten, elkarrekin ematen genituen eskolak tarte batez, eta gainerakoa nik nire irakaslearekin egiten nuen. Alor batzuetan ni haiek baino aurreratuago nengoen, eta nik erakutsi behar izaten nien». Irri artean egin ditu adierazpenak, tarteka amari zeharka begiratzen dion bitartean, konplizitate bila. 

Minerren alabak ere etxez etxeko zerbitzu hori erabili zuen DBH2 egiteko: «Institutuan bertan eskatu nuen zerbitzua, eta haiek arduratu ziren dena egiteaz. Egunean bi orduz etortzen ziren etxera eta ospitalera».

Biak institutura itzuli dira aurten. Miner oso harro dago alabaz: «Piratek bezala, berak ere egun txarrak ditu, baina jantzi, gauzak hartu eta institutura joaten da». Lujanentzat ere itzulera «gogorra» izan da, eskolatik institutura pasatu delako, batez ere.

Erronka berriak ere badituzte eskuartean. Lujanek, erraterako, Aspanogiren 25. urteurreneko ekitaldia aurkeztuko du gaur, Donostiako Kursaalean. Han, elkarteko kide diren umeek beren dohainak erakusteko tarte bat izanen dute: «Nik margolanak egiten eta patinatzen dakit, baina ez naiz hori egiten hasiko eszenatokian. Horregatik, aurkezle lanetan aritzeko boluntario gisa aurkeztu nintzen, gustuko dut».

«Goizean piratentzako ekintzak egingo ditugu, eta arratsaldea instituzionalagoa izango da, eskerrak emateko».

UNAI OLASAGASTIAspanogiko komunikazio arduraduna

Dagoeneko entseguak egin ditu. Horietako bat bideoz grabatu zuen, eta harro erakutsi du amak: umeak bere katua, Kira, eskuetan du, eta hura aurkezten saiatzen ari da, baina hozka egin dio eskuan. Nabari da Lujanek berezko dohaina duela aurkezle lanetarako, Kira bere eskuarekin borrokan ari dela ikustean azkar inprobisatu baitu: «Kira pixka bat bihurria da, baina berdin-berdin maite dugu», dio kamerariari grabatzeari uzteko keinua egiten dion bitartean.

Unai Olasagasti da Aspanogi elkarteko komunikazio arduraduna, eta bera aritu da ekitaldia prestatzen. «Goizean piratentzako ekintzak egingo ditugu, eta arratsaldea instituzionalagoa izango da, eskerrak emateko». Joan ezin direnek ere beren ekarpena egin ahal izanen dute, 0. ilararako sarrerak erosiz. Ekitaldia bidelagun guztiekin ospatzeko eguna izanen da: eritasuna gainditu dutenekin, gaitza pairatzen ari direnekin eta umeak galdu dituztenekin. Guztiak direlako edo izan direlako pirata.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.