Euskaraldirik ez legoke herri batzorderik gabe. Dozenaka ernatu dira hazia zegoen tokian, eta egin dute hilabeteetako lana eragiten ahalegintzeko euskararen erabilera areagotu dadin, nork bere egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta.
Abiapuntu hori hartu dute Donapaleun, Amikuzeko eskualdean, Nafarroa Beherean. Mattin Irigoien herri batzordeko kideak azaldu du euskararen egoera «biziki gibelatua» dela eskualdean. Irigoienen arabera, inkesta soziolinguistikoek diotenez, «gu bizi garen eremuan erdiek deklaratzen dute euskaraz badakitela. Baina hori gero ez da ikusten eguneroko bizian, hurbilago gara agian %20tik-edo. Errealitatean ez dakit zein heinetaraino den gai euskaraz egiteko, hor dira Iñaki Iurrebasoren analisiak, eta erakusten dute errealitatean beste faktore batzuek ere eragiten dutela».
Are gehiago kezkatzen du transmisioaren etenak: «Euskaraz zekiten zaharrak hiltzen ari dira, eta belaunaldi berrietan erdiek badute harremana euskararekin, baina murgiltzea %13 ingurukoa da. Ageri da datozen belaunaldiak ez direla euskaldunak, eta gure erronka hori da, emeki-emeki euskararen irakaskuntza orokortzea, ari gara lanean gure aisialdi zentroak euskaldunak ere izan daitezen».
Helburu hori dutela antolatu dira Amikuzeko eskualdea osatzen duten 27 herri txikitako euskaltzaleak. Zabalik izeneko elkartean koordinatzen da euskalgintza, eta Euskaraldirako ere elkartu dira. Lan dinamika abiatu zuten entitateei eta norbanakoei Euskaraldira atxikitzeko eskatzen, eta datozen egunetarako ondu dute programazio bat ikusgarritasuna emateko euskarari. Besteak beste, zinema euskaraz, literatur saio bat, karaoke arratsalde bat eta beste antolatu dituzte.
«Beti haize kontra ari gara, baina indarra ematen du jakiteak ariketa hori aldi berean toki askotan egiten dela»
MATTIN IRIGOIENDonapaleuko herri batzordeko kidea
Ahobizi eta Belarriprest txapak, berriz, festa baten bidez banatuko dituzte: «Gu ez gara hiritarrak, norbere etxera biltzen da, eta horregatik prestatu dugu festa bat txapen banaketarako, indar erakustaldi bat egiteko, kanpora koloretsu ateratzeko. Donapaleuko itzulia egiten dugu musikarekin, bertso, kanta eta dantzaren bidez girotzeko badatorrela Euskaraldia. Aldarrikapen bat ere bada ariketa hori: euskaldunak garela, hemen dela euskara eta hemen dela Euskal Herria».
Halako ariketek komunitatea biltzea dakartela azpimarratu du: «Komunitateak bere burua identifikatzeko modua ematen dute halakoek. Kopuru hori emendatzea da gure helburua. Euskaraz mintzatzeko aitzineko belaunaldiek hainbesteko trauma psikologikoa bizi izan dugu/dute, debekatu baitzen euskara eskolan, baina gero asimilatu baitzen gauza gibelatu bat balitz bezala, eta trauma psikologiko gisa bizi izan zuten horiek ari dira desagertzen emeki-emeki. Gaur beste erronka eta bizipen batzuk dira hizkuntzari buruz, eta gu saiatzen gara hor guneak sortzen erabilera sustatzeko».
Euskaraldiaren indar biderkatzailea ere nabarmendu du: «Kontratu baten modukoa da, euskaldun guztion artekoa; izan ere, hemen eta Euskal Herriko beste tokietan ere gertatzen den gauza bat da Euskaraldia. Horrek ematen du indar bat. Gure komunitate txiki honetatik ere badela komunitate handiago bat hori bultzatzen. Beti haize kontra ari gara, baina indarra ematen du jakiteak ariketa hori aldi berean toki askotan egiten dela».
Bestelakoa da egoera Durangon, Bizkaian, eta, hori aintzat hartuta, bestelako helburu batzuk finkatu dituzte. Kezka iturri nagusia erabilerari dagokio, hamarretik bi baino ez baitira euskaraz aritzen egunerokoan. Batzordetik sortu nahi dituzte erabilera handitzeko baldintzak.
«Euskaraldia ariketa kolektiboa da, eta taldean egiteak segurtasuna ematen du»
PELLO ZABARTE NARBAIZADurangoko herri batzordeko kidea
Sukalde lanean hasi ziren azaroan, eta otsailetik aurrera herrira irten ziren. Hamaikakoaren aurkezpenaren ostean, hainbat ekinaldi egin dituzte: hitzaldiak, horma irudiak, postontzietako banaketa, mahai informatiboak eta abar. Besteak beste, herriko ikastetxe guztiak ere elkartzea lortu dute, batera leku batzuk apaindu eta herria pixka bat xaxatzeko eta ikusgarritasuna emateko Euskaraldiari.
Hilaren 15etik 25era buru-belarri arituko dira ariketa sozialean. Aurkezpen ekitaldi baten ostean, jai giroan, musikaren bidez kalean egingo dituzte hainbat ekitaldi. Pello Zabarte Narbaiza herri batzordeko kideak dioenez, «jendea ahalduntzea da asmoa, hizkuntza ohiturak aldatzea ez baita ariketa erraza, eta, horretarako, beldurrak kendu behar ditugu, edo nagiak».
Uste du Euskaraldiak laguntzen duela horretan: «Erraztasunik ez duen jendeak ere lotsa izaten du, Euskaraldia ariketa kolektiboa da, eta taldean egiteak segurtasuna ematen du; uste dugu horrela errazagoa izango dela, norbera bere kabuz aritzea baino. Euskaraldia modu koordinatuan Euskal Herri osoan egiten dugun ariketa kolektibo bat da, eta uste dugu horrek baldintzak hobetuko dituela erabileran bultzada bat izateko».
Baztanen, Nafarroan, berriz, jauzi kualitatiboa egin nahi dute aurtengo Euskaraldiarekin: «Txapa janzten duenak benetako konpromisoa hartzen duela bermatu nahi dugu», adierazi du Markel Adin herri batzordeko kideak.
«Txapa janzten duenak benetako konpromisoa hartzen duela bermatu nahi dugu»
MARKEL ADIN Baztango herri batzordeko kidea
Aurreko errealitate soziolinguistikoekin alderatuta, oso bestelakoa da egoera euskarari dagokionez Baztanen. UEMAn dago, eta euskararen ezagutza %80tik gorakoa da. Beraz, langa gorago jartzeko baldintzak badaudelakoan daude. Gainera, ezagutza maila handia izan arren, badute kezka erabilerarekin.
Erronka nagusia lehen hitza euskaraz egitea izango da. Hasita daude horretarako lanketarekin. Eskualdeko entitate, komertzio eta eragile nagusiekin lanean dabiltza, eskatzeko Euskaraldira atxikitzeko, eta haiek, aldi berean, euren sareetan eragiteko eskatzeko.
Lanketa hori bideoen bidez egin dute, eskualdean dituzten sareetan Euskaraldira atxiki direnen berri izan dezaten, eta atxikimendu hori nola gauzatuko den azal dezaten. Behin girotze lana eginda, bihartik aurrera buru-belarri murgilduko da Baztan Euskaraldian.