HERRI ELKARGOAK. MICHEL HIRIART. «Ez zitzaigun zuzen iruditzen herri txikiak beti handien gibeletik ibiltzea»

ENEKO BIDEGAIN - BIRIATU
2006ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Michel Hiriart Biriatuko auzapeza hautatu zuten Hego Lapurdiko herri elkargoko lehendakari gisa, abenduaren 29an. Elkargoak oraino duda eta arazo batzuk konpondu behar ditu.

Zein izanen da zure ekarpena herri elkargo horretan?

Lehen-lehenik, herri ttipien sinboloa. Ez zitzaigun zuzen iruditzen herri txikiak beti handien gibeletik segi ibiltzea. Bigarrenik, euskara dakien lehendakari bat izan zedin nahi genuen. Hirugarrenik, hautetsien arteko partaidetza nahi genuen agintaldietan.

Emaitza hori espero zenuen? Donibane Lohizuneko auzapez Peyuco Duhart zen faborito. Iduriz herri handietako bi ordezkarik zure alde bozkatu dute. Sorpresa izan da?

Ez dakizu inoiz, aitzinetik, hauteskundeak nola pasatuko diren.

Zergatik da garrantzitsua herriak elkartzea hainbat eskumenen inguruan?

Gauza berak elkarrekin egitearen abantaila da bakoitza ez dadin bere aldetik gauza berak egiten aritu. Denak elkartuz, gehiago aurreztuko dugu. Bertze abantaila da proiektu handiak denek elkarrekin egingo ditugula. Orain arte, enpresa handi bat heldu izan balitz inguru honetara, herri guztiak ahaleginduko ziren enpresa beren lurretan ezartzera, zerga profesionala kobratzeko beste guztien partez. Orain ez dugu hori bilatuko. Preseski, industria guneak sortzera ahaleginduko gara, leku batzuetan industria fina, beste batzuetan zikinaÉ Bakoitza gure alde ari baldin bagara, ezin dugu egin.

Herriek eskumen batzuk galtzeak desabantailak baditu?

Guk, adibidez, ur zikinak eta edateko ura guhaurek kudeatzen genuen. Ez genuen hori egiten zuen enpresarik, beste herriek zuten bezala. Eskumen hori galduko dugu. Hori pena ttipi bat da. Gure autonomia galtzen dugulako inpresioa ematen du. Baina hori litzateke makur bakarra. Jakin behar da herri batean proiektu bat ez dela eginen, nahiz eta herri elkargoak erabaki, herri horrek ez baldin badu nahi. Herriak beti atxikiko du nagusitasuna bere eremuan.

Horrek arazo batzuk sor ditzake? Eman dezagun herri elkargoak etxebizitza sozialak ezarri nahi dituela herri batean edo beste zerbait, eta herriak ez duela nahi. Horrek arazoak sor ditzake?

Adibide horretan ez da izanen. Hautetsi guztiek badakite etxebizitza sozialak egin behar direla. Gauza hori gerta daiteke nahi ez dugun proiektu batekin. Horiek ez dira etxebizitzak edo enpresak. Mementoan, barnealdean anitz mintzo dira zikindegiari buruz. Horrelako zerbait gertatzen balitz, gure herri elkargoan ere ukanen genuke arazoa, segur aski. Baina hortik aparte ez dut ikusten zertan herri batek ez dezakeen ukan gauza baten egiteko nahia.

Orduan zergatik ezarri duzue puntu hori? Herri horrek herri elkargoan parte hartzen badu, elkarbizitza hori onartu behar du, ez dea hala?

Jakin behar da herri elkargo hori urrunetik etorririk sortu dugula. Hamabi herri gara. Horietan bagara zortzi ttipi. Horietatik auzapez askok uste zuten beharbada arriskutsua zela beste handi horiekin batera izatea. Auzapez horiek lasaitzeko, herri bakoitzaren ordezkari kopuruetan ados jarri ginen. Bigarrenik, nire proposamena zen Herriko Kontseilu batek herri elkargoaren erabaki bati ezezkoa emateko aukera izan dezan. Bi puntu horiek gure arteko dudak kendu dituzte.

Beste arazo bat dago Hendaiarekin. Ez dira kontent eta bilkuratik atera ziren, lehendakariorderik ez baitute. Nola bizi izan duzu?

Gaizki. Nik badut aspaldiko hurbiltasun bat Hendaiarekin. Dolu dut Hendaia joan izan dadin. Espero dut lehenbailehen etorriko direla berriz. Baina ez nuke nahi erraten utzi erabaki hori nirea dela. Ez da nirea bakarrik. Ostegunetan bilkurak egiten genituen Urruñako Herriko Etxean. Han, behin baino gehiagotan, auzapezek Kotte Ezenarrori erran zioten oraingo mementoan, Hendaiak duen posturan, ez dutela lehendakariorderik behar. Zergatik hartu dugu erabaki hori? Haiek hastapenetik kontra bozkatu dute, jakin nahi baitzuten ea partzuergoarekin bateraezintasunik gerta zitekeen. Auzitegira jo zuten hori argitzeko. Ederki egin zuten. Arazo hori antolatua izanen denean, ez da minutu bateko dudarik izanen Hendaiak lehendakariorde bat beharko duela.

Erabaki horren gibelean arrazoi politikoak ere badirela salatu du Ezenarrok.

Dolu dut hori errana izan dadin. Nire aldetik, hasteko, ez da istant baten arazo politikorik erabaki horretan. Agian lehenbailehen etorriko dira, haien lekua gurekin baita. Haiek gabe herri elkargo horrek ez du arrazoirik.

Zuk nahi zenuke Hendaiak konsorzioan parte hartzen segi dezan?

Segurki baietz! Auzitegiak erran du ez dela bateraezintasunik. Harremanak ukanen ditugularik Hegoaldeko herriekin Ð orain arte baino harreman gehiago behar baitugu ukan Ð gure ordezkaria Hendaiako herria izanen litzateke.

Herri elkargoak harremanak ukanen ditu beste herriekin?

Hemen bi hirigune handi badira, iparraldean Baiona, Angelu eta Miarritze ditugu, eta hegoaldean Irun, Donostia eta horiek. Eta erdi horretan zulo bat bagenuen. Guk ez genuen erakunderik bi horien artean. Hori huts bat zen. Orain ikusi beharko dugu besteekin zer egiten ahalko dugun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.