POLITIKA

"Herri eta egonkortasun akordio bat" eskaini die PSE-EEri eta PPri Iñigo Urkulluk, EH Bildu baztertuta

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azaldu du EH Bilduren eta EAJren eredu ekonomiko eta sozialak "erabat ezberdinak" direla. Gainera, PSEri egotzi dio EH Bildurekin "ezkerreko ardatz" bat osatzea.

2013ko apirilaren 29a
17:21
Entzun

"Herri eta egonkortasun akordio bat" proposatu die Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako presidenteak PSE-EEri eta PPri. Urkulluk gaineratu du EH Bildurekin eta UPDrekin ezin dela adostasunera iritsi, EH Bilduren eredu ekonomikoa eta UPDren autogobernu eredua EAJrenekin ez datozela bat argudiatuta.

Europa Forumean hitz egin du gaur goizean Urkulluk. Esan du gehiengo absolutu egonkor bat lortzeko aukeren artean EH Bildu ez dagoela prest koalizio gobernu bat osatzeko, eta erantsi du Laura Mintegi buru duen taldeak "EAJk babesten duen eredu sozial eta ekonomiko erabat ezberdina" duela helburu.

PSE-EEri buruz, Urkulluk azaldu du "gainerako alderdiei" eginiko proposamen berdina egin diola Jaurlaritzak. "Lehen unetik PSEren ezezko borobilla" jaso duela adierazi du. Halaber, jakinarazi du "ardura instituzionalak izan zituen eta oraindik dituen PSE-EEko kide batek" esan ziona: "Ez nuke zure larruan egon nahi". Gainera, kritikatu du PSEk EH Bildurekin "ezkerreko ardatz" bat osatu izana, eta gaineratu du estrategia hori "argi" geratu dela Gipuzkoako eta Arabako Batzar Nagusietan.

EAEko aurrekontuak aurrera atera ahal izateko, "Bermeoko espiritua" izan dezaten eskatu die gainerako alderdiei; Bizkaiko herri horretan izandako sutean alderdiek "behartsuenei laguntzeko lehentasuna" ezarri zutela-eta, aurrekontuekin berdin jokatzeko eskatu die Urkulluk.

EH Bilduren erantzuna

EH Bildu kezkatuta dago EAJ, PSE erta PPrekin "aliantzak" bilatu nahiaren truke, eskubide politiko eta sozial "subiranoak" baztertzen ari delakoan. Marian Beitialarrangoitiak eta Oskar Matutek Iñigo Urkullu lehendakariak esandakoei erantzun nahi izan die, PSEri et PPri egonkortasun politikorako hitzarmena proposatu duenean. PP eta PSE bidelagun aukeratuta "merkatuen aginduak" jarraitzen ari dela uste dute, eta "eredu bera partekatzen" dutela EAJk, PPk eta PSEk. Haien ustez, eskubide sozialen kontra daude, eragile ekonomikoen menpera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.