Familia eta lagunak ikusteko irrika doi bat baztertu du Aurore Martin Batasuneko kideak euroaginduaren aurkako egunaren garrantzia azpimarratzeko. Euskal herritar ororen defentsa eskubidea bermatu behar dela dio. Gatazkaren konponbidea eraikitzeko, «herri harresia» eraiki beharra dagoela nabarmentzen du. Gutxieneko oinarri horiek lirateke alderdien legeztatzea, errepresioa bukatzea eta presoen gaia bideratzea.
Hilabete luzeotan gorderik egon ondoren, itzaletik argira egitea deliberatu duzu. Zerk eragin du erabakia?
Azken sei hilabetetako dinamikak zuzenean eragin du. Testuinguru berri bat irekitzen ari da Euskal Herri osoan. Euroaginduaren aurkako kolektiboaren bidez, Euskal Herrian dinamika indartsua osatu da, zabala eta anitza. Kargudun politiko batzuen jarrera ikusirik eta egindako lan guztiaren aitzinean, urrats hori egiteko baldintzak zeuden. Bertze alde batetik, Hego Euskal Herriko hauteskundeen ondotik baldintza politiko berriak daude prozesu berri bat abiatzeko. Atxilotu eta eramanen banindute, erantzun indartsu baten bermea ematen didate. Politikoki azken urte honetan urrats izugarria egin dugu, eta ni militantzia politikora itzultzeko baldintzak ere badaude. Gordetzeak zentzua zuen nire jardun politikoa segitu ahal izateko Batasunaren baitan, baina muga nabarmenak zituen praktikan. Orain bizi publikora itzuliko naiz, baina baita ere Batasunan lan publikoa egitera.
Gordetzeko erabakia hartu aitzin, erran zenuen Batasuna de facto legez kanpo uztea zela euroaginduaren helburua. Zure ekimenak balioko du hori oztopatzeko, edo orduko helburuarekin segitzen dute estatuek?
Nire kontrako prozedura oztopatzeko ez. Ni gorde izanak prozedura korapilatzen du juridikoki. Ez dut sinesten horretan, baina demagun ongi pasatzen dela eta aske utzi; epailearen kontrola hausteagatik ondorioak pairatuko ditut. Gordetzeak interesa zuen politikoki, nire kontrako prozedura ez baina ondotik martxan ezarri nahi dituzten prozedurak oztopa ditzakeelako. Burutuko dute, baina kostatuko zaie. Segiko zortzi militanteen kasuan lortu zen eztabaida bertze parametro batzuetara eramatea.
Batasuna Ipar Euskal Herrian legez kanpo uztea bada helburua, uste duzu irizpide berean segituko dutela, edo Frantziak goia jo, eta bertze bide batzuk jorratuko ditu?
Erantzuna ez dut argi. Frantziak ez du tresnarik esku artean legez kanporatze zuzena bururatzeko. Bederen ez Espainiak Hego Euskal Herrian burutzen duen eskema berean. Giza eskubideen inguruan diharduten taldeak direla eta, uste dut Frantziak ezin dituela baliatu Espainiak baliatzen dituen tresna berak. Zuzeneko legez kanporatzea ekidin, eta bertze bide batetik helburu bera lortzeko tresna da euroagindua Frantziarentzat. Gatazkaren baitan dituen arduren aitzinean eskuak garbitu nahi ditu. Errazagoa zaio, eta nirekin egin duen bezala, bertze jende batzuekin tentazioa bera du. Errepresioak hori erakutsi du. Lehen estradizioak zeuden. Hastapenean jendea asaldatua zegoen, eta gero arrunt bihurtu zen. Errepresioaren normalizazioa burutzen da nolabait. Gaur nortasun agiri frantsesak dituen pertsona baten kanporatzea borrokatzen ez bada, bihar normala izatea eraginen du. Tresna badute ilegalizazio molde bat indarrean ezartzeko, konfrontazio zuzena ekidinez. Guri dagokigu tresna hori indargabetzea.
Elkartasun handia ukan duzu. Paueko Kontseiluan gaitzetsi dute, Akitanian. Frantzian sostenguak handiak izan dira, eta Magistraturako Sindikatuaren eskutik zein eurodiputatuek egindako eskarien ondoren, eztabaida Europara helduko da. Nola baloratzen duzu?
Euskal Herriak horren beharra zeukan. Aitzineko prozesuek erakutsi dute kanpora begiratu behar dugula ezagupena eta sostengua lortzeko. Bakarra ez bada ere, prozesuaren berme bat da. Frantzian ere klase politikoa eztabaida politiko horretan sartzea garrantzitsua da. Jarrera hartu beharko dute. Ezin dira mugatu nirea eztabaidatzera, arazoaren muinera joan gabe. Ate bat ireki da gatazkaren inguruko eztabaida parametro egokietan kokatzeko. Azken hilabeteotako urratsek fruitua ukanen dute.
Izpurako itxialdiko Segiko zortzi militanteak Espainiako espetxeetan daude euroagindua gauzaturik. Sostengatzen zaituzten anitzek ez dute hori aipatu. Gaurkoak balio du irakurketa zabalagoa eragin eta konponbidea osotasunean lantzeko?
Beharko du, eta hori lortzea da gure lana, erakustea zer gertatzen ari den, zein den Hego Euskal Herriko errealitatea, zer den egunkariak itxi edo talde politikoak legez kanpo uztea. Lehen urratsa da kontzientzia hartzea. Eztabaida horren parte bat ukatzeak ez du zentzurik. Jarrera hartzea eskatzen diegu hautetsiei eta guri dagokigu hori bultzatzea. Guk eramaten ditugu bertze parametro batzuetan eztabaidatzera.
Miarritzeko ekitaldia errepresioaren aurkako harri sendoa da eraiki nahi duzuen herri harresian. Herri harresi hori oinarri sendoa da konponbide politikoa eraiki ahal izateko?
Beharrezkoa da. Gaur egungo testuinguru politiko berria ikusiz, Euskal Herriak errepresioa gelditzeko behar duen tresna da herri harresi hori. Gakoa horretan da. Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aitzinatu nahi badugu, herri harresia eraiki behar dugu oinarrizko hiru elementuren inguruan. Lehenik legeztatzea, parametro demokratikoetan aritzeko berdintasunean. Errepresioaren amaiera bigarrenik eta hirugarrenik presoen gaia mahai gainean ezarri beharko da. Presoak dira gatazkaren adierazpen argiena. Herri harresi horrek oinarri horiek ditu, eta minimoak direlako posible da oinarrizko adostasuna eraikitzea.
Gaurkoa mugarri bat izanen da. Publikoki agertuko zara. Zein dira bihar berean ukan ditzakezun arriskuak edo ondorioak?
Atxilotuko naute, eta eramanen Espainiako Auzitegi Nazionalera. Lege mailan baimena dute, eta politikoki ez dute xederik onartu hori hausteko. Mila galdera ditut buruan. Erabaki dut urratsa egitea, Ez dut uste denbora anitz utziko didatenik.
Aurore Martin. Batasuneko kidea
«Herri harresia eraiki behar dugu gatazkaren konponbidea lortzeko»
Frantziak haren aurkako euroagindua onartu zuenetik gorderik bizitzea deliberatu zuen, eta, atzo, Miarritzeko ekitaldian azaldu zen, bizitza publikoa eta lan politikoa normal-normal egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu