KomuNIKABIDEAK

"Herri honekin konpromisoa duen EITB garden eta gertukoa" nahi du taldeko zuzendari nagusi berriak

Gaur sinatu du Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak Alberto Surioren izendapenaren dekretua. EITBko buruak jakinarazi du "albistegiek eta denborapasek leku berezia" izango dutela, eta berak euskara ikasteko konpromisoa hartu du.

2009ko ekainaren 23a
14:29
Entzun
Ostegunean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Alberto Surio (Donostia, 1963) izatea Euskal Irrati Telebistako (EITB) zuzendari nagusia, eta gaurtik da zeregin horretan hura, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak dekretua sinatu ondotik. "Herri honekin konpromisoa duen EITB garden eta gertukoa" nahi duela adierazi du Suriok, "EITB sendoa, lehiakorra eta audientziaren liderra egiteko". Hori erdiesteko asmoz, "albistegiek eta denborapasek leku berezia" izango dutela jakinarazi du.

PSE-EEk, PPk eta UPDk babestu zuten osteguneko bozketan haren hautagaitza. EAJ, EA eta EB abstenitu egin ziren, eta Aralarrek kontra bozkatu zuen. Suriok El Diario Vasco egunkarian egin izan du lan azkeneko hogei urteetan, Politika saileko kazetari eta analista gisa. Ez daki euskaraz, baina ikasteko konpromisoa duela azaldu du gaur Bilbon, taldeko langileen aurrean egindako agerraldian. Hitzaldia euskaraz eta gaztelaniaz egin du. EITBn bertan "euskararen erabilera eta ospea" bultzatzeko helburua duela dio.

Euskal Irrati Telebistan "aro berria" hasi nahi duela adierazi du, eta "profesional handiek egindako lana" goretsi du. Hala, "itsasontzi honetan denontzako tokia" dagoela azpimarratu du.

EITBk "bakearen aldeko eta indarkeriaren aurkako pedagogia zibikoa" bultzatuko du, haren arabera, ETAren biktimekiko elkartasuna zabalduko du eta egungo esparru juridikoa "errespetatu" egingo du. Lehengo asteburuan, ETAk Eduardo Antonio Puelles Garcia Espainiako Poliziako Bizkaiko buruetakoa hil ondoren, EITBk zuzenean eman zuen Bilboko manifestazioa, eta ETB1en eta ETB2n gaiari buruzko albisteetan xingola beltza jarri zuen pantailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.