Espainiako Zigor Kodearen aldaketa

Herri kontsultak egitea delitu izatea onartu du Espainiako Legebiltzarrak PPren botoekin soilik

Espainiako Legebiltzarrak herri kontsultak edo erreferendumak egitea delitua izatea onartu du gaur, PPko parlamentarioen aldeko botoekin soilik. Oposizioko taldeek ez du bozketan parte hartu protesta moduan, "araua tramitatzeko erabili duten moduarengatik eta duen edukiarengatik". Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean, eta Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak Estatutu berri baterako proposamena onartzeko iragarri zuen herri kontsultari eragin diezaioke zuzen-zuzenean. Oposiziko alderdi guztiek babes helegitea aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean.

2003ko abenduaren 18a
15:18
Entzun
Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute gaurko erabakia, eta "lege iruzur" bat dela eta parlamentarioen eskubideak urratzen direla esateaz gain, "ez dela beharrezkoa" azpimarratu dute. Horrez gain, politika bera penalizatu egiten duela salatu dute eta Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbideak baino arazo gehiago ekarriko dizkiola. Bozketa hasi aurretik IUko parlamentarioek 'Denok kartzelara' zioen pankarta bat zabaldu dute eta bozketaren amaieran "eskuak gora hau lapurreta da" oihuak bota dituzte. Zigor Kodearen aldaketak aldeko 179 boto jaso ditu –guztiak PPrenak– eta abstentzio bakar bat. PPko parlamentarioek txaloz hartu dute erabakia.

Jose Maria Michavila Espainiako Justizia ministroaren esanetan, oposizioako alderdien izan duten jarrera "ikuskizun lotsagarria" da. "Legea ez da egiten inor kartzelara sartzeko, baizik eta demokraziaren legeak urratzen dituzten jarrerak saihesteko", esan du Michavilak. Halaber, PSOEri "pankartaren politika" egitea egotzi dio, eta EAJ, IU, ERC eta EArekin bat egitea "hauteskunde arrazoiak" direla medio.

Oposizioaren kritikak

Juan Fernando Lopez Aguilar PSOEko Askatasun Publikoetako idazkariaren esanetan "aurrekaririk gabe ikuskizun tamalgarria" da PPko parlamentarioek onartu dutena. Batetik, Espainiako Diputatuen Kongresua "umilatu" dutela salatu du, eta bestetik, lege penala "aukari politikoen aurka" erabili duela.

Margarita Uria EAJko parlamentarioak "ahuldade politikoa" salatu du, eta horregatik ez duela bere taldeak bozketan parte hartu. "Lehendakaria kartzelan sartzeak arazo konpondu baino erradikalizatu egingo du", esan du Uriak.

CIUko Justizia bozeramaile Manuel Silvak bere taldeak erabakia "erabat gaitzesten" duela azpimarratu du, eta Ibarretxe plana ezin dela "politika kriminal" bezala jorratu esan, "ekimen politiko bat bezala baizik".

IUko Felipe Alcarazek PPk "delitu politikoa" berreskuratu duela esan du, eta Ganberako kideei "burua galtzen ari ote garen" galdetu die. Alcarazen esanetan, PPk jarrera honekin etekin elektoralak lortu nahi ditu Espainian, Euskal Herrian "sua gasolinarekin itzalduz".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.