Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Leopoldo Barreda. PPko Bizkaiko zerrendaburua

«Herria aurrera ateratzeko itun zabalen bila aritzea da gure konpromisoa»

Ekonomiari ematen dio lehentasun osoa, eta PPko gobernuaren lan nagusia horixe izango dela dio. Konponbiderako prozesuari buruz, ez dela neurri berezirik behar dio, ate guztiak itxi gabe.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
BERRIAri eskainitako lehen elkarrizketan, adeitsu hartu gaitu Barredak (Bilbo, 1960), PPren Bilboko egoitzan. Bina musu eman, eta kafea ere eskaini digu. Abisua eman digu amaieran: «Ondo idatzi, irakurriko dugu eta».

Segurutzat jotzen da PP izango dela nagusi igandeko hauteskundeetan. Zertan nabarituko da aldaketa?

Tira, nik ez nuke ziurtzat joko. Oraindik ez da botorik eman. Zertan nabarituko den? Enpleguaren alde eskatzen ari gara aldaketa, eta gobernuaren lehentasunetan nabarituko da. Gobernuak segurtasuna eta konfiantza ematen egingo du indar, eta, jakina, enpleguaren alde lan egiten, ekonomia suspertzearen alde. Hori izango da helburu nagusia.

Zein aldaketa ekarriko du gehiengo soilez edo osoz irabazteak?

Agintaldi argia eskatzen ari gara. Gobernuak hartu beharreko erabakiak hartu ahal izateko gehiengo nahikoa. Babes handiko gobernua, beraz. Edozein modutan, gehiengoan edo gutxiengoan arituta ere, Alderdi Popularrak ordezkatzen duena baino babes zabalagoak lortzen saiatuko gara. Enplegua sortzeko ahalegina gure sigletatik harago eramatea da gure konpromisoa; lor ditzakegun eserlekuetatik harago, herria aurrera ateratzeko akordio zabalak lortzen saiatzea.

Halako krisi egoerari aurre egiteko erabakiak ahalik eta...

Bai, ahalik eta adostasun handienarekin hartu behar dira. Porrot egin duen jokaleku bat gainditzeari buruz ari gara. Luzera begirako erabakien ordez inprobisazioak eta adabakiak jartzea nagusi izan den egoera aldatu nahi dugu. Ez da gaitasunik egon erabakiak denboran mantentzeko, eta egin behar dena da babes handia izango duen plan bat egin eta gauzatzea. Gauza ez da enplegua lehen egunean edo lehen hilabetean suspertzea, baina bai horretarako oinarriak jartzea. 1996an egindako gauza bera egin nahi dugu. Espainian enplegua sortzea ezinezkoa zela esaten zen eta bost milioi lanpostu sortu genituen.

Zehazki, zein neurri hartuko dituzue?

Sustatzaileengan pentsatzen dugu. Espainian enplegua sortzen dutenak ez dira administrazioak, ezta enpresa handiak ere. Lana sortzen duten %80 dendariak dira, autonomoak, enpresa txiki eta ertainak; hau da, langile bat, bi edo bost dituzten pertsonak. Beraz, zuntz hori babestu behar da. Konfiantza eman behar zaie eta zerga sistemaren bidez edo babes zuzenen bidez lagundu behar dira. Enplegua sortzen dutenei zergak murriztea proposatzen dugu, eta lehen langilea kontratatzen duen autonomoa 3.000 eurorekin laguntzea.

ETAren amaiera nola kudeatzeko asmoa du PPk?

Uste dugu armak behin betiko erabiltzeari uzteko iragarpena eskakizun demokratikotik etorri dela eta, beraz, bide horretan aurrera egin behar dela: bakean utzi gaituzte, eta amaierako egoera demokrazia askea izatea lortu behar da orain. Horrek esan nahi du egiten den guztia legearen barruan eta Justiziaren irizpideei jarraituta egitea, eta, beraz, etorkizuna ezin dela egon baldintzatuta armak demokraziaren aurka erabili dituztenen nahien arabera. Askoz gehiago kezkatzen gaitu zer exijitu behar dion demokraziak demokraziara iritsi berri direnei, Aieten edo beste edozein lekutan egon daitezkeenen helburuetara egokitzea baino. Demokrazia da exijentziak egin behar dituena, orain arte egin duen bezala.

Aieteko deklarazioko eskaerak lantzea baztertzen duzue, beraz?

Uste dugu hori dela ETAk, edo dena delakoak, iragarpena eta ondoren egin nahi dituen urratsak eszenaratzeko erabili behar izan duen formula. Guk esaten dugu pauso horiek demokraziara eraman behar dutela ezinbestean eta, beraz, taldea baldintzarik gabe desegitea ekarri. Hau da, ezin da ordainsaririk egon eta hiltzeari uzteagatik ezin da lortu armak eskuan izanda lortu ez dena. Beraz, demokrazia eta askatasuna da orain arte demokraziatik kanpo egon direnen nahiek baldintzatuko ez duten etorkizuna.

Edoein modutan, ETAk hartutako bidean aurrera egiten badu, Aieteko Adierazpenak jasotzen dituen eskaerak, esaterako presoak gerturatzea, gaixo daudenak askatzea...

Sektore batzuetan presa dago indarkeria behin betiko amaitzea lortzeko eraginkorrak izan diren arloak desagertzeko. Guk alderantziz egin behar dela uste dugu. Exijentzia mailari eutsi behar zaiola. Beraz, legeria da oinarria. Espainian espetxe politika banakakoa da, eta kontrol judizialaren menpekoa. Ezin da espetxe politikari buruzko erabakirik hartu kolektiboki. Zertan lagunduko lukeen taldea desegiteak? ETAko terroristek Justiziarekin beste edozeinek bezala harremana izateko aukeran lagunduko luke. Zabalik dagoen aukera bat da, baina berriz diot, banan banako modu batean. Eta gauza batzuk ez dira automatikoak: gaixo egotea edo zigorraren bi herenak beteta izatea ere baldintza batzuetara lotuta dago eta erabaki judiziala behar du. Esaten ari naiz gauzak legeak araututa daudela eta gu herritar guztiei legea berdin ezartzearen aldekoak garela. Kasu honetan ere argi dago legea berdin ezarri behar dela, pribilegiorik gabe.

Aipatu ditugun horiek ez dute uste pribilegioak direnik, baizik gainontzeko presoei ezartzen zaizkienak. Preso guztiei ez zaizkie baldintza berak ezartzen.

Nik uste dut ez dagoela halako ebidentziarik. Nik izan dut jabegoaren aurkako delituengatik epaiketa zain Leonen kartzelatuta izan duten bilbotar bat. Gainera, gertutasun irizpidea zenbait espetxetara bideratutako irizpidea da; ez da presoen eskubidea. Eta hemen ez da egon espetxeak bertan egiteko eskaera andanarik. Dena lotu behar da. Baina, berriz diot, espetxe politika beti da banan banakoa, legeari lotutakoa eta kontrol judizialaren menpekoa. Eta ez da gobernu batek har dezakeen erabakia.

Orain arte bezala jarraituta, zatiketak egongo diren beldur zara?

Hori haien erabakia litzateke. Demokraziak lan egin behar du demokraziara iritsi nahi duen edonor irits dadin. Baina demokrazian legea bera da guztientzat. Inor ezin da demokraziara iritsi exijentzia demokratiko txikiago batekin, legeak modu berezian ezarrita edo legeak indargabetuta. Demokrazia ezin da berezia izan batzuentzat eta arrunta besteentzat. Iritsi nahi duenak zubia beti du zabalik, baina zubia bera da guztientzat. Ezin da demokrazia egokitu nahi batzuetara.

Gobernua, PPkoa bada, prest egongo litzateke «arlo teknikoei» buruz hitz egiteko ETArekin?

PPko gobernu demokratiko bat ez da izango talde terrorista baten mintzaidea.

ETAk esan duenaren arabera, PPk eta berak «elkarren berri» izan dute.

Bai, bai... bai zera! Bakoitzak nahi duen hauteskunde kanpaina egiten du. PPk bandarekin harreman zuzena izan duela edo horren berri izan duela esan nahi badu, hori gezurra da.

EAJk keinuak egin dizkio PPri, elkarlanean aritzeko aukeraren inguruan. Zer dio PPk?

Gu desiratzen gaude lana sortu, ekonomia sustatu eta konfiantza zabaltzeko ahal ditugun babes guztiak jasotzeko, azken urteetako zikloa iraultzeko. Gertatzen dena da EAJren babesari esker hartu dituela neurri horiek Zapaterok. Pentsioak EAJren babesari esker izoztu dituzte, esaterako. EAJ hutsa onartzen ari bada eta zuzentzeko prest badago, ondo. Askotan egin ditugu akordioak EAJrekin eta elkarrekin gobernatu dugu. Eta, fiskalitatearen gaiari dagokionez, adibidez, PSOEtik baino gertuago gaude elkarrengandik. Gertatzen dena da EAJ iragartzen ari dela Ibarretxe plana ordezkatu eta Urkullu plana dela bere helburua eta 2015ean beste nahaspila batean sartu nahi gaituela. Eurek jakingo dute, baina uste dut haren boto-emaileak ahalegin nazional handi horretara gurera gehitu dadila nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.