"Jon Irazola naiz, Elorrion sortua, Bizkaian. 1982an neure burua arriskuan ikusi nuelako, nire kide batzuk atxilotu eta torturatu zituztelako, Iparraldera etortzea erabaki nuen. Etorri nintzenetik, jadanik hemen Frantziako administrazioaren jarrera oso negatiboa zen. Hau da, jadanik abiatua zen gerora askoz ere errazkiago ikusi ahal izan den kolaborazio eta jarrera erasokor hori. Guretzat mundu berri batera etortzea zen, baina nik erraten dudana beti, nonbait pribilegiatuak gara Euskal Herrian. Euskal Herrira ere, Euskal Herrian iheslari.
Etorri nintzenean, ez nuen paperik. Eman zidaten recepise edo behin-behineko agiri bat, eta horrekin hasi nintzen lana bilatzen eta beste. Suertez, hemen lan egin izan dut nire alorrean, irakaskuntzan. Ibilbide honetan gorabehera handiak bizi izan ditugu. Jadanik hona etorri eta urte betera, GAL erakundeak bereak egiten zituen. Hasi ziren atentatuak, hasi zen nonbait errepresio oso gogorra. Gogoratu besterik ez da 27 erail zituztela bizpahiru urtean. Horren ondotik etorri ziren kanporaketak, beste herri batzuetara jendearen eramateak, bai Afrika, Amerika eta beste. Guretzat bizia oso gogorra izan zen. Momentu batean behar izan nuen gorde, neure burua arriskuan ikusi nuelako berriz ere. Eta momentu batez atxilotu ninduten. Behar izan nuen Parisen kartzelan beste lau urte pasa. Ondotik, zigor bikoitza ezarri zidaten. Kartzelatik atera, eta asignatu ninduten Frantzia erdialdean. Oso baldintza gogorretan. Kartzela handi bat bezalakoa zen. Epaile batek ez ninduen kondenatu, baina bai orduko Barne ministroak, horrelako arrazoirik gabe. Han ez genuen lan egiteko eskubiderik, ez genuen gizarte segurantzarik. Nonbait, bertako eta familiaren elkartasunari esker bizitzen ahal ginen.
Egoera horri buelta emateko, guretzat, beti izan da gure kolektiboan ibilbide nagusi bat. Kolektibo horretan beti pentsatu izan dugu: "Beti-beti behar dugu aldarrikatu Euskal Herrian bizitzeko eskubidea". Hori dela eta, 1995ean, bi urte geroago, erabaki genuen iheslari andana batek itzultzea Euskal Herrira eta hemen bizitzeko eskubidea aldarrikatzea. Geroztik hemen gaude, hinki-hanka, paperik gabe, nolabait Europako herritarrak izanik erdi-eskubide batzuen jabe. Askotan gogorra da, bai ikasketetarako, bai medikuarengana joateko, bai betaurrekoak erosteko edo sakelako telefono bat erosteko, horretarako paperak behar ditugulako. Horretan gogorra da. Gu kolektibo bezala ez gara gaurkoak. Kolektibo bezala kokatzen gara herri honen, bere askatasunaren, gose horren bide bat atzemateko borrokan. Badakigu garela azken belaunaldia. Izan dira lehenagokoak. Izan ziren gerla karlistetan, izan dira gerra zibilean. Pentsatzen dut garela gatazka honen azken adierazpena, azken belaunaldia. Momentu honetan, hainbeste urteren ondotik, hainbeste gorabeheraren ondotik, pentsatzen dut badela aukera bat. Azkenengo bizpahiru urteetan aukera batzuk ireki dira. Pentsatzen dut herri honek badituela posibilitateak urteetako eta hamarkadetako saminari aterabide bat atzemateko. Gu ere, iheslari kolektibo bezala, honi aterabide bat, soluzioak atzemateko prest gara, proposamenak egiteko eta emateko prest.
Alde batetik, esan dut lehen Euskal Herrian gaudela eta abantaila handi bat dela. Integrazioa egiten da bizi zaren tokiaren identifikazio bide batetik. Identifikazio hori berezkoa da, Euskal Herrian gaude. Hizkuntzarena da bat. Hemengo kultur mugimenduan, euskararen aldeko mugimenduan parte hartzeak pertsonalki ateak ireki dizkit. Alde horretatik ez dut zailtasunik ikusi. Baina hori bakoitzaren arabera izaten da. Nik uste dut jende anitzek zailtasunak izan dituela ez duelako inolako laguntzarik izan. Alderantziz, zaildu egin zaizkiola gauzak bere konpromisoan, bere engaiamenduan amore eman dezan. Bere nortasun ideologiko hori uka dezan.
Gure inguruan beti izan da manipulazio handi bat egina. Ez da ahantzi behar 1977an egon zela amnistia delako bat. Ez zen amnistia bat izan, baizik Franco hil ondotik eta erreformaren garaian egokitutako ate bat ireki zen. Baina ate bat, nire ustez, modu faltsuan ireki zena. Berez herriak dituen nahiei eta aldarrikapenei bide eman gabe, izan zen errepresioaren adierazpen garen preso eta gu, iheslariak, nonbait horren marmita edo lapikoaren presioa jautsi. Nonbait ez da harritzekoa. Denok badakigu Franco hil ondotik milaka eta milaka iheslari espainiar, oro har estatuan zirenak, itzuli zirenean jendeak sentitu zuela normalizazio egoera bat bezala. Guk gure kolektiboan ez dugu nahi irakurketa faltsurik egin. Egunen batez iheslari batzuek, gauzak hobetzeko, Hegoaldera joateko urratsa egiten baldin badute, ez da horrekin errana afera konpondua dagoenik. Guk inola ere ez dugu nahi gure seme-alabek, behin eta berriz, han arazo politikoak daudelako eta arazo politikoei ezin zaielako bide eman berriz itzul daitezen. Horregatik esaten dugu guk Herria Dugu Arnas. Ez dizkigute ez Espainiako Estatuak ez Frantziako Estatuak arazoak konponduko guri. Guk konpondu beharko ditugu. Eta guk konpondu behar dugu, norekin? Herritik atera garenez, herriarekin beharko ditugu konpondu. Orduan, guk uste dugu alde horretatik beharrezkoa dela guztion inplikazioa. Ez da ahantzi behar egoera batzutan oso larria dela. Hemen, gutxi gorabehera, guztiok egiten dugu bizimodu zaila, baina karrikan bizi garenak gaude hemen. Baina ezin da ahantzi iheslarien kolektiboa oso zabala dela. Badira iheslari batzuk zango bat ezin dutenak ezarri karrikan. Badira iheslari batzuk Ameriketan edo Afrikan daudenak urte eta hamarkada luzetan. Haien egoera larria da. Uste dut Ipar Euskal Herrian edo Hego Euskal Herrian inor ezin dela lasai egon ikusiz egoera hori ez dela konpontzen. Horregatik, afera hori denona da, ez da iheslarien kolektiboarena edo ezker abertzalearena. Herriarena da afera. Normalizazioak denen esku eta denen partaidetzarekin etorri behar duelako".