Herriko etxeetan euskarari ofizial maila emateko plana egin du Kontseiluak

Ipar Euskal Herrian herri eta kantonamenduetako bozak hurbil direla eta, arau sorta proposatu die hautetsiei

Aitor Renteria.
2008ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Herri eta kantonamenduetako bozak hurbiltzen ari diren unean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskararen erabileraren normalizazioa arautzeko proposamena egin die hautagaiei. Hain zuzen ere, euskararen aldeko deliberoa hartzea proposatzen die, herriko etxeetatik hasita euskarari ofizialtasun maila emateko. «Herriko etxeek zeregin garrantzitsua daukate euskararen normalizazio bidean», azaldu zuen atzo Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiak.

Deliberoak 30 artikulu ditu, eta euskararen erabilera arautzen du herriko etxeetan eta herrietan. Kontuan hartzen du herri bakoitzak duen egoera sozio-linguistikoa. Horretan oinarrituz, euskararen erabileraren aldeko normalizazio urratsak zehazten ditu Kontseiluak.

Deliberoari buruzko jarreraz gain, Kontseiluak jakinarazi du neurtuko duela hautagai bakoitzak hauteskunde kanpainan euskarari ematen dion tokia eta trataera. Hauteskundeak pasatu ondoren hautagaien jarrerari buruzko bilduma egiteko asmoa du.

«Ofizialtasuna Herriko Etxeen jardunetik ere eraiki daiteke, eskumen zuzenak eta zeharkakoak garatuz», jakinarazi du Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politikoko arduradunak. Herriko etxeek, eskumen zuzenak garatzeaz gain, herrian diharduten enpresetan edo zerbitzuetan eragin dezaketela uste du. Herrien ezaugarri sozio-linguistikoen arabera, lau multzo osatu ditu Kontseiluak, deliberoa haien arabera moldatzeko aukera dago.



URRATSAK UZTARTUZ. Euskararen erabilera normalizatzeko corpus juridikoa lortzea ez dela nahikoa uste du Kontseiluak. Horrekin batera, euskararen aldeko plan eragileak osatu behar direla nabarmendu du. Ipar Euskal Herrian euskararen alde egindako urratsetan, hain justu, gehiago landu da azken alde hori, nahiz eta euskararen corpus juridikoa ez bermatu eta legearen trabak atzeman.

Ione Iosie Kontseiluko eta Behatokiko Ipar Euskal Herriko arduradunak gogorarazi du, hizkuntzei tratu bera eman nahi zaielarik hobetsi behar dela egoera ahulena duenaren erabilera. Herriko etxeetako planetan finkatutako langileen euskalduntzeari, eraginkorrak izateko, epe zehatzak jarri behar zaizkiela nabarmendu du. Euskararen ezagutza herriko etxeen kontratazio politikako atal garrantzitsua izan behar duela uste du, eta ordezkapenetara begira ere aintzakotzat hartu behar dela.



«Euskararen erabilera sustatzeko tresna juridikoa osatzea proposatu diegu, herriko etxeetatik»

Xabier Mendiguren
Kontseiluko idazkari nagusia
«Ofizialtasuna herriko etxeen jardunetik eraiki daiteke, eskumen zuzenak eta zeharkakoak garatuz»

Iñaki Lasa
Kontseiluko Ildo politikoko arduraduna




DeLIBeroa

Hogeita hamar artikulu araua eginez

Kontseiluak argitara eman duen deliberoak 30 puntu ditu. Hona hemen ardatz nagusiak:

Ofizialtasuna. Euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, herriko hizkuntza ofiziala eta lehentasunezkoa izendatzea eskatzen du deliberoak. Herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideen bermatzeari begira, euskara normaltasun osoz erabiltzeko aukera eskainiko du Herriko Etxeak.

Lehentasuna. Euskarari lehentasunezko trataera emango dio, bertze hizkuntzekiko berdintasun erreala lortzeko.

Hizkuntza eskubideak. Herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatze aldera, espresuki onartuko ditu Herriko Etxeak. Azken honekin edo azpikontratazioa daukaten enpresekin ahozko nahiz idatzizko harremana euskaraz egiteko eskubidea onartuko zaie herritarrei, zerbitzuaren kalitatean murrizketarik eragin gabe. Bere mende dauden ikasketak euskaraz egiteko eskubidea aitortzen du Herriko Etxeak. Herriko Etxeko edozein bilkuratan euskaraz aritzeko eskubidea ukanen du herritar orok.

Harremanak euskara hutsean. Herritarrek hautatu ahalko dute nahi duten hizkuntzan aritzea. Euskara hutsean aritu nahi duten herritarren eskubideak bermatzeko neurriak hartu beharko ditu Herriko Etxeak. Gainerako herritarrei helarazitako idatzizko komunikazioan euskara lehenetsiko da letra tipo, leku eta kolorearen bidez, euskara nabarmentzeko. Euskaldunen kopurua apalena den kasuan (biztanleen %0-%15) herritarrekiko arreta zerbitzuen %50 euskaraz bermatu beharko da.

Euskara laneko hizkuntza. Aitzineko artikuluetan aipatutakoa bermatu ahal izateko, beharrezko neurriak hartuko ditu Herriko Etxeak. Herritarren zerbitzurako hizkuntza ez ezik, laneko hizkuntza ere izanen da euskara. Langile guziek ezagutu beharko dute euskara, jadanik lanean ari direnak euskaldunduz eta lanpostu berrietan euskaldunak hartuz. Jendaurreko harreman postuei emanen zaie lehentasuna.

Langileak euskalduntzea. Plangintza bat sortu beharko da, langile bakoitzak euskara ikasteko duen epea zehaztuz. Herriko Etxeko langileria osoa euskalduntzeko epea ez da hamar urtez gorakoa izanen.

Lanpostuak betetzeko prozedura. Funtzionario postuetako langile guztiak euskaldunak izan beharko dira. Barne sustapena egiteko garaian, euskaldun batek betetzen duen lanpostua ezin izango du bete euskara ez dakien beste batek. Euskararen eskakizuna zehaztuko da lan deialdietan, langile ez euskaldunak izatea saihesteko.

Aktak euskaraz. Erregistroak euskaraz ere beteko dira. Herriko Etxeak ateratzen dituen edo hartzen dituen agiriak, herritarrekiko komunikaziorako erabiltzen direnak, euskaraz ere eginen dira.Herriko Etxeko kontseiluen eta kanpoko erakundeen bilkuretako bilduman, testu originalak euskaraz idatziko dira.

Komunikazioa. Hedabideetan argitaratzen diren iragarkiak euskaraz idatziko dira. Itzulpena eskatzen duten hedabideei soilik igorriko zaie bertze hizkuntza ofizialera haiek frantseserako bertsioa argitaratzeko.

Errotulazioa. Herriko Etxeko eta Herriko Etxeak kontratatu edo haren menpeko erakundeen egoitzetako errotulazioa egiteko orduan euskarari emango zaio lehentasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.