Uztaritzeko (Lapurdi) herriko etxetik atera dira Hitz Open gaztetxeko kideak, Dominique Lesbats auzapezarekin akordioa egin eta gero. Gaztetxeari buruz izan dute eztabaida azken asteetan; gaur, goizean, eraikineko sarraila aldatuta aurkitu dute, eta ziurtzat jo dute duela horren ardura. Udaletxera joan dira gazteak, kontu eske, eta han egon dira alkatearekin hitz egitea lortu duten arte. Ados jarri direla iragarri dute gaztetxeko kideek. Gaztetxe bat izango dutela agindu die auzapezak, eta ez badu betetzen kargua utzi egingo duela.
Herri kontseilua zuten atzo Uztaritzen. Aurreko asterako zuen deialdia egina auzapezak, baina herritarrak protestan joan zitzaizkion gaztetxearen harira, eta eten egin zuen saioa. Atzo ezohiko ordu baterako jarri zuen hitzordua, 22:00etarako. Hala ere, 40 bat lagun joan ziren; kanporatu egin zituen alkateak. Oposizioko ordezkariek ere utzi egin zuten aretoa. Lesbats poliziek babestuta atera zen gero, herritarren oihu artean.
Goizean jaso dute ezustekoa gazteek, Hitz Open eraikineko sarraila aldatuta ikustean. Auzapezari egotzi diote ardura. Herriko etxera jo dute gazteek, eta han jarraitu dute auzapezarekin hitz egitea lortu duten arte.