«Herrira-ren manifestazioan jende anitz biltzen baldin bada, argazki horrek pisu handia ukanen du Parisen», Etxerat-en ustez. Azaroaren 10ean Baionan finkatu manifestazioak duen «garrantzi handia» azpimarratu zuen atzo Etxerat-ek Baionan egin prentsaurrekoan: «Beharrezkoa da manifestazio honi behar duen garrantzia ematea; gure senide eta lagunen eskubideei buruz ari gara».
Luxi Oxandabaratz Etxerat-eko kideak azaldu zuen Frantziako eta Espainiako estatuak «justiziaren bidea hartzera» behartzeko pauso bat gehiago izanen dela. Hain zuzen, euskal preso politikoen eskubideen errespetua aldarrikatuko dute berriz ere, «bake prozesuan aitzinatzeko arazo horren konponketa ezinbestekoa delako».
Urte luzeetan Etxerat-ek zabaldu mezuarekin gero eta eragile gehiagok bat egiten dutela azaldu zuen Jeanine Beirie Etxerat-eko kideak: «Gu itotzeko antolatu zuten isiltasunetik azkenean atera gara». Presoen eskubideen errespetatzea galdatzen dutenen artean, gaur egungo gobernuko kolore politikoa duten hautetsi anitz daudela ere azpimarratu zuen. Hori kontuan harturik, denon eskubideak errespetatzera behartzeko «aukera paregabe bat» ikusten du Etxerat-ek sostengu zabal horretan. «Egoera aldatu beharra dagoelako».
Hain zuzen, eskubideen urratze politika «beti eta inoiz baino gehiago» martxan dela deitoratu zuen Beiriek. Frantziaren politika salatzeko, zerrenda luzea aurkeztu zuten: sakabanaketa, urruntzea eta horiek dakarten nekea, presioa eta arazo ekonomikoak. Gatazka politikoan duen parte hartze zuzena eta presondegietan dauden euskal preso politikoen existentzia Parisek oraindik ez onartu izana ere gaitzetsi zuen. «Begi bistakoa dena ukatzen segituta, errepresioaren bidean tematzen da Frantzia, Espainiako Estatuaren gibelean ezkutatuz ardurak hartzeko tenorean».
150 hautetsiren sostengua
Ipar Euskal Herriko sei parlamentarietarik lauk dute azaroaren 10ean Herrira-k Baionan antolatzen duen manifestaziora deitzen. Frederique Espagnac, Sylviane Alaux eta Colette Capdeviellesozialistak eta Jean Lassalle (Modem) dira euskal presopolitikoen eskubideen alde eginen den manifestazioaren sostengatzaileetan. Horrez gain, Alain Iriart (AB) eta Kotte Eszenarro (PS) kontseilari nagusiak, Alice Leizagehezahar (Europe Ecologie-Berdeak) eta Martine Alkorta (Europe Ecologie-Berdeak) eskualdeko kontseilariek ere bat egin dute deiarekin. Guztira, berrogei auzapez eta ehun bat kontseilarik ere dute manifestaziora deitzen. Ezkerretik eskuinera, abertzaleetarik pasaz, euskal presoei begira elkartasun handia eta askotarikoa biltzen ari da, baita hautetsien artean ere.
Herrira-ren manifestazioak eragina ukanen du Parisen, Etxerat-en ustez
Bake prozesuan aitzina joateko euskal preso politikoen arazoa konpondu beharra dagoela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu