"Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute ikusten inmigrazioa arazo gisa", Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiak egindako 2008ko azterketaren arabera. "Ez dute ikusten Euskadiko arazo moduan, ezta arazo pertsonal legez ere". Gaur aurkeztu du barometroa Ikuspegik, Gasteizen, eta horretarako 2.412 inkesta egin ditu aipatutako hiru lurraldeetako herritarren artean.
Langabezia, etxebizitza eta ETA dira "Euskadiko hiru arazo nagusiak", azterketa horrek dioenez, eta inmigrazioa seigarren lekuan dago; herritarren %2k baino ez dute aipatu arazo nagusi gisa.
Barometro horren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bizilagunak "kultur aniztasunaren aldekoak" dira -%55,7k diote ona dela gizartea kultura, etnia eta erlijio desberdineko jendeak osatzea-, "baina asimilizazioan oinarritutako integrazioa proposatzen dute, iazko barometroan baino indar handiagoz".
Beste ondorio batzuk: etorkinei osasun arreta eta hezkuntza eskubideak aitortzearen aldekoak dira (iaz baino aldekoagoak), aurtengo azterketan ere ez dute euskal nortasuna eta euskara "mehatxatuta" sentitzen etorkinak etortzeagatik -baina %79,3ren ustez, etorkinek saiatu behar dute bertakoen ohiturak hartzen-, herritarren erdiek baino gehiagok uste dute etorkin gehiegi edo nahiko daudela -baita benetako portzentajea jakin eta gero ere-, onartzen dute "ekonomiak hobeto funtzio dezan" laguntzen duela inmigrazioak, eta oraindik "estereotipo faltsuak eta aurreiritzi kaltegarriak" dauzkate atzerriko inmigrazioaren aurrean.
Lan kontratua izanez gero, etorkinei EAEn sartzen uztearen aldekoak dira herritarren %81, Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren 2008ko azterketak dioenez.
Gizartea
Herritarrek ez dute ikusten inmigrazioa arazo gisa
Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean egindako 2008ko azterketa aurkeztu du gaur. "Ez dute ikusten Euskadiko arazo moduan, ezta arazo pertsonal legez ere". Euskal nortasuna eta euskara ez dituzte "mehatxatuta" sentitzen etorkinak etortzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu